Upload
others
View
6
Download
0
Embed Size (px)
Citation preview
Atarian
Neuk ere ez dakit oso argi zer dela eta hasi naizen idazten. Batez ere, ez
dakit zertarako, eta okerragoa dena, ez dakit norentzat hartu dudan berez
ez dagokidan lan nekez ikaragarri hau. Ez dakit neure buruarentzat ari ote
naizen, balizko irakurle urrunen baten itxaropenean idazten dudan, edo
epaile jaunarentzat hasi ote naizen behar ezezagun eta estreineko
honetan. Pirata bakartien antzera, egunen batean, akaso, kristalezko botila
batean sartuko ditut orriok guztiok itsasora jaurti baino lehen, edo erre
egingo ditut eskuak berotzeko hiri handietako eskaleen antzera, edo,
besterik ez bada, suaren garrak zein kezko zirimola urdin ederra sortuko
duen begiratzeko. Ez dakit.
Kontua da aspaldiko egunotan erotzeko zorian naukan halako barne
sukar batek bultzatu nauela letra hauek izkiriatzera, bere isatsari segika
hasten den zakur eroaren moduan, jira eta buelta, ezer mamizkorik
harrapatzeko segurantzarik gabe. Bizkarraren erdian azkura pizten denean
bezala, eskuak iristen ez diren lekuan ezin hazka eginda nago, eta behiak
arbolaren kontra igurtziz egiten duen legez uxatu nahi dut erraietako
ezinegon zital hau, nolabaiteko letrok idaztearen bitartez.
Ez dakit, ordea, hastapen honetatik begiratuta, porturen batera iritsiko
ote naizen edo poesiako itsasuntziak bezala, nabigatze hutsarekin
kontsolatu beharko ote dudan. Horregatik idazten dut agian, nabigatze
hutsagatik, idazte beragatik soilik, pultsio eta oldar argigaitz batengatik,
katuak jolasean arratoia itotzen duenean, elikatzeaz gaineko beste zeregin
larriago baten bultzadagatik egiten duen bezalaxe.
Hasi baino lehen dakit, gainera, hitz hauek ez dutela nire arimaren
tamainarik emango eta herrenak izango direla idatzitako letra baldar hauek.
Nire egarririk ez dela itoko ur honetan ere badakit, hainbesterako itsasorik
ezin baitu sortu, idazlea baino gehiago, badaezpadako eskribaua baizik ez
den gizon honen abileziak. Hala ere zilegi bekit paperean hustutzea neure
barnean lekurik aurkitzen ez duen uholde hau. Zilegi bekit, baten bat nire
hitz hauentzat helbide gerta daitekeen itxaropenean lasaitzea.
Zehatz esan dezaket, noiz eta zergatik piztu zitzaidan esan behar dudana
kontatzeko gogo bortitz hau, noiz eta zer dela eta ernetu zitzaidan eraman
ezin dudan azkura izugarri honen harra: duela hilabete eta erdi gertatu zen,
Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Juan de Juanes Ramirez epaile jaunak,
ehundaka galdera egin zidan epaiketan, gutxi gorabehera lehenago
komisarian, zarata eta matraileko artean egin zizkidatenen antzerakoak.
Noiz, nola, norekin eta, batez ere, zergatik galdetzen zidan Epaile Jaunak.
Zergatik egin zezakeen ni bezalako gizon batek halako gauza ikaragarria.
Epaile profesionalaren arropa beltzen azpian eta, aldi berean, gainetik,
gizona ikusi nuen ezkutaturik, pertsona, eta hura ere aritu zitzaidan
galdezka, nik egindakoa inola ere ulertu ezinda. Jakinmina ez zen
epailearena soilik, gizonarena ere bazen gauzak nola eta zergatik gertatu
ziren ulertu nahi hura.
Itaun guztiei erantzuten saiatu nintzen ni epaiketan, hazturaz bainaiz
egiarekin edonora joan litekeela pentsatzen duten inozo horietakoa.
Haizearen kontra tu egiten denean bezala, gezurra eta erdibideko egia,
azkenean norberaren aurka etortzen diren bumeranak baino ez direla izaten
sinetsita bizi izan naiz beti. Hala erakutsi didate etxean. Egia bakarrik da
egia, eta beste guztiak txantxak. Tinko gordetzen dudan sinesmen
apurretakoa da hori. Denborarekin norberaren muturrean errebentatzen
diren arrautza ustelak baizik ez dira izaten gezurrak. Horregatik saiatu
nintzen argi eta zuzen erantzuten epaile jaunak galdetzen zidanari, gainera,
nik dagoeneko ez daukat zer ezkutaturik inori. Agerian dauzkat bertuteak
eta akatsak, batere lotsarik gabe, betaurrekorik gabe ibiltzera ausartzen
den itsua bezala. Berdin dit horrek, azalik ukitu ere ez baitit egiten
gainerako guztiok uste duzuenak edo nik egindakoaz pentsa dezakezuenak.
Zer dira, bada, gainontzeko guztiak? Zer zarete niri begira zaudeten
horiek guztiok kasualitate hutsa baino? Ehun urte lehenago edo ehun urte
beranduago sortu banintz, ez zinatekete nire garaikide izango. Zuen aitona
edo biloben denborakoa izango nintzateke eta zuek ez zenukete Simon
Azkueren entzuterik ere izango. Halakoxea baita bizitza, errotatik behin
bakarrik iragaiten den ur azkarra. Azkarregia, esango nuke, baldin eta nire
pentsamenduak baten batentzat ezer balio baleza.
Barnean daukat nik, esan bezala, azkura. Barnean eta ez beste inon. Ez
dago hori sendatuko duen ukendurik. Ez dago beste sendagairik norberaren
ezagupena eta benetako aitortza egiazkoa baino. Horregatik abiatu nahi dut
epaile jaunak galdetutakotik, berak eginiko galderen artean bai baitzen bat,
zehatz erantzuten asmatu ez nuena edo, behinik behin, ez zena nik nahi
bezain garbi geratu.
Esan bezala, ez naiz idazlea eta ez dakit lerro hauen bidez gauzak behar
bezala kontatzen asmatuko ote dudan, baina ez zait beste biderik
bururatzen ataka honetatik irteteko. Arrantzarako kainaberaren punteran
sortzen den korapiloa lehenbailehen askatu behar da baldin eta ez bada
aparailu guztia alferrik galdu nahi. Astia daukat, gainera, astia franko,
kartzela honetan nahi dudan guztia idazteko, nahi dudan guztia pentsatu
eta erabakitzeko. Nahi dudan guztia lau haizeetara zabaltzeko, baldin eta
letra hauek, lehenago esan bezala, ez baditut poxpolo baten menera
jartzen.
Gordetzen nauen ziega honetan, munduko ziega guztietan bezala,
marraskiloaren gainean eserita etortzen den jockeya baizik ez da izaten
denbora. Hemen ezerk ez du presarik eta azkarren ibiltzen dakiena,
pentsamendua izaten da, azkarregi jarritako filme baten antzera.
Derrigorrean babesten nauten lau horma hauen artetik, ezinezkoa den
lurrikara batek bakarrik atera nazake, hondamendi latz batek aska nazake
zuek denok izendatu duzuen legeak ezarritako nire patutik. Ez beste ezerk.
Preso nago kartzela honetan, ni bezalako piztietatik babesturik egin
dezazuen lo zuek denok.
Agi danean, exajeratu samarra naizela iritziko zenioten, honez gero, nire
lehen hitzok irakurrita. Zeuon kontura doa erabaki hori eta, egia esan,
berdin dit horrek, deliberatuta baitaukat hitzon hasieratik bertatik azalik
gabeko mamia naizela, harategietako gakoetan zintzilikatzen dituzten
arkume larrutuak bezala. Giharra naiz, urdaia eta hesteak, zainak eta odol
tutu guztiak agerian, horniduretarako beta eta gogorik ez daukan okela zati
gorri hutsa. Algara sortzen didate zuen eguneroko bizi behar miskel, burges
eta epelaren gorabeherek. Farregarria gertatzen da niretzat zeuen andre
edo gizonak benetan azkenengoz noiz maitatu zenituzten pentsatzen
hastea, edota zeuen seme-alaben gorabeherekin nola kezkatzen zareten
ikustea. Irria baino gehiago, algara eragiten dit hurrengo pausoa eman
erabakitzeko, makulu bila nola zabiltzaten ikusteak. Gizakiak egiazki izan
behar lukeenaren itzalak baizik ez zarete, horma isolatu bateko zuri-
beltzean zintzilikatuta.
Funtsean ez dut zeuen zorigaitzaren iturriaz kezkatu nahi. Ez nau zuen
bizimodu eskasaren kezkak ukitzen. Ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat
denbora alferrik galtzen duzuen, telebistaren argi urdinari begira. Etxetresna
zena, arau bilakaturik dabilkizue, lege eta pentsakera ororen ama bakar
bihurtutrk. Badakizue hor ez dagoela zorionik baina ez zarete bestela
jokatzera ausartzen. Koldarrak zarete zeharo, adorerik batere gabeak.
Hipnotizaturik behatzen diozue egunoro ordu luzez eta damutu egiten
zarete egunoro, bihar berriro jokabide antzu berbera errepikatu baino
lehenago. Izorra zaitezte denok. Asper zaitezte koldarrok, sinets ezazue
sinestsi ezina eta heriotzeko orduan, egin ezazue nigar, alferrik galdutako
denbora guztiaren damuaz.
Ez dut jakin nahi zein egunkari irakurtzen duzuen eta non argitaratzen
dituzuen zuen amonaren eskelak. Nik ez dut telebistarik ikusten, ez dut
egunkaririk irakurtzen, ez dut irratirik pizten. Aspertu egiten naute kontu
horiek guztiek, film kaskar eta luzeegi batek bezainbeste. Ez naiz mundu
honetakoa. Zorionez haratago bizi naiz ni. Gorago, zuen kezka eta ohitura
ergel eta arrunt horietatik askoz harantzago nago. Lili txiki bati
begiratzeagatik eztirik gozoena mesprezatzen dakien hartza naiz ni. Mami
hutsa naiz eta mamia bakarrik dut gose. Funts gorritik elikatzen naiz, azal
guztiak zeuentzako utzita. Txerrijanik ez da sartzen nire begi-belarrietatik,
alferrikakoak ez baitu kausitzen lekurik nire baitan.
Horregatik, esan bezala, libratu ezinda nabil epaiketaren egun haren
akordutik. Ez nuen egia ezkutatzerik nahi baina ezin izan nuen, hala ere,
egia osorik aitortu, eta horixe dut damu bakarra nik gaurdaino egindako
guztien artetik.
Berehala konturatu nintzen gauza guztiei ipi-apak eta ñabardura orori
osoro erantzuteak luze joko zidala egun hartan, eta ez zela auzitegi bat
halako luzamenduetan ibiltzeko moduko lekua. Bestetik, lotsa pirrin bat ere
ematen zidan han, hainbeste kamera, kazetari eta jenderen aurrean, neure
barneko kontuak argitaratzen hasteak. Horregatik erantzun nion sotilki
epaileari.
—Emakume batengatik, epaile jauna, emakume batengatik.
Auzitegian bilduta zeuden ikusleetako askok, purrustadak eta algara
zinikoak bota zituzten eta ordura arte erabateko seriotasunean eramandako
epaiketa oilategi harro bihurtu zuten. Kikirikokoka hasi ziren han bilduta
zeuden guztiak, kazetari ugariak barne, eguzkitara ateratako oiloak bezala.
Fiskalak eta abokatu akusatzaileen andanak ere elkarri egin zioten murmurio
belarrira nire hitzak entzun bezain azkar. Nire atzeko ilaran “Y un huevo’’1
esan zuen ozenki gorbata horiz jantzitako gizon lodi batek. Ezagutzen nuen
lehendik: Madrilgo Burtsako langileen ordezkari sindikala zen, lehenago
komunista izandakoa. Zurrunbiloaren erdian, ondotxo jantzita ez ote zegoen
pentsatzeko astia eduki nuen eta gauzak nola aldatu diren ere pentsatu
nuen, ni gazteagoa nintzen garai urrun haietatik hona.
Unibertsitatean ibili nintzen denboretan gauzak ez ziren horrela. Orduan
ordezkari sindikalek eskaleen antza edukitzen zuten euren bizar zabar,
trikota ilun eta praka zaharkituekin, eta beti barkatu behar izaten zitzaien
tabernako gastua, jakinekoa baitzen zeukaten diru apurra multikopista eta
tinta erosten gastatzen zutela iraultzaile bulartsu haiek. Eskuak apropos
uzten zituzten garbitu gabe, langileenak bezalakoak izan zitezen. Sudurra
beti eduki dut nik zorrotza eta higuin pixka bat ematen zidaten orduan ere
hamaika bider txiza egin eta, eskuak garbitzeke, horrexen usaina hartzen
bainien nien nik batez ere sindikalistei, irakindako izerdiarena, ondo garbitu
gabeko zakil eta sexuarena.
Badakit gaur kontu hauek guztiak ez direla berdin eramaten eta agian
inori ez diola ardura halako gauzak zenbat aldatu diren jakiteak, baina bi
usainetako batekin geratzekotan, nahiago dut nik lehengoen txiza eta
tabako beltzaren usain gehiegizkoa, gaurkoen after shave merkearena
baino. Brummel, Floid, Williams eta mila pezetatik beherakoak erabiltzen
dituzte barra-barra.
Gorbata bat jantzi baino lehen, San Bartolome berrituak izateko prest
egoten ziren guztiak orduan. Larrua galduko zuten lehenago, gorbata jantzi
baino. Orain ez, antza, orain dena da zilegi eta lehen kontraesana zena,
aurrerapenaren azalez jantzita dabil. Neu izango naiz, seguruenera, trena
garaiz hartu gabe geratu dena. Hobe horrela, inora ez daroan garraioaren
menpekotasunak ordaintzen ibiltzea baino.
Epaigelako sindikalista pitoa baino atzeragotik, azkenengo iladatan
zegoen andre batek arnasa guztiak bota zituen niri oihuka, intzirika esango
nuke.
— ¡Asesino! ¡Terrorista! —egin zuen oihu, poliziek aretotik tatarrazka atera
baino lehen. Epaigelatik kanpo zegoela ere, berdin jarraitu zuen alargun
hark eta aretoko zarataren gainetik eta sarrerako atetzarren atzetik
entzuten genion denok behin eta berriz bere intsistentzia— Asesino,
terrorista, cabrón!2
Lekaiotan ere ez zuen lan kaskarrik egingo halako birika eta eztarriarekin.
Aurtengo Irrintzi leihaketako irabazlea, ahuntzaren eztula, haren aldean.
Gauzak zeuden egoeran egonda, bazirudien eroaldi bat-batekoa piztu
zutela nire hitz apur haiek epaiketa hurbiletik eta bertatik jarraitzen zuten
guztien artean. Epaileak isilik egoteko erregutu zien denei, eten egingo
zuela epaiketa bestela, eta berriro egin zidan galdera —Le repito la
pregunta—3 esanez,
—Señor Azkue, usted ha afirmado repetidas veces en su declaración que es
un hombre pacífico, incluso pacifista. ¿Por qué dinamitó el edificio de la Bolsa
de Madrid? Explíquemelo, por favor4 .
Zurrunbilo zaratatsua isiltasun gordin bihurtu zen. Erabatekoa. Kukua
entzuteko zain zeudela ematen zuen. Belarri guztiak jarri ziren neuri erne,
nire ekintza izugarriaren arrazoia nola agertuko nuen irrikitan. Denak neuri
so. Arnasotsik ere ez zen entzuten ahal eta ozenagoak ziren gainerako
epaigeletatik etorritako zaratak, geurean sorturikoak baino. Euli bat hegaka
pasatu izan balitz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren burrundara sortuko
zukeen.
Isiltasun erabateko hark eskola garaiko etsaminak ekarri zizkidan gogora,
irakasleak “Vamos a comenzar el examen, silencio por favor”5 esaten
zuenean bezala. Orduango hura ez zen borondatezko isiltasuna izaten, han
denek baitzeukaten zer esana eta zer iritzia, sekula baino gehiago gainera.
Hala ere, isilik egon behar. Epaiketan ere denek zeukaten nik egindakoari
buruzko ustea eta zeresana. Guztiek zekiten nire berri, neronek baino
gehiago. Nik, ordea, lehen aipatutako egiarenganako zaletasunarengatik,
gauza bera erantzun nion epaileari. Nire hitzak itzultzen ziharduen itzultzaile
eskasa alde batera laga eta zuzenenean erantzun nion, epaiketan
lehenbiziko aldiz gaztelaniaz mintzatuz.
— Por una mujer, señor Juez, ya se lo he dicho anteriormente6.
Berriz ere piztu zen burrundara gelan, eta epaileak builaka aretoa
hutsaraziko zuela hirugarrenez mehatxatu arte, ez zen han isiltasunik lortu
ahal izan. Teknikariek telebistako kamerak biratu egin zituzten jendearen
builak jasotzeko, nigandik haien lente eta objektiboak lehenengo biderrez
apartatuta. Albistegietako izar izateari utzi nion une batez eta irribarre
egiteko ustiatu nuen unea. Gehiago neure burua lasaitzeagatik, barre egite
aldera baino.
Neguko alkandora bat neukan jantzita eta bero egiten zuen areto
barruan. Dena zen egurrezkoa, dena oihal gorrizkoa, eta eraikuntza
materialeek biderkatu egiten zuten hainbeste gorputzen arnasak eta izerdik
eragindako sargoria. Hainbeste jenderen lurrunak eta telebista kamerentzat
egokitutako argiaren laguntzaz hogeita hamar gradutik gora egingo zuen
seguru han barnean. Egunkaria zerabilen kazetari eta ikusle zenbaitek
haizemaile gisa, aire apur baten freskatze bila. Jarrita neuzkan eskuburdinek
laga zidaten era traketsean atera nuen mukizapia boltsikotik eta
ezpaingainean eta bekokian biltzen zitzaizkidan izerdiak xukatu nituen, zela
edo hala. Bero egiten zuen bai, bero galanta, baina ez nengoen inola ere
urduri. Hobeto esan, ez neukan urduri egoteko arrazoirik.
Nik ez dakit gezurrik esaten, eta egia osoa ez bada ere, ez nioen gezurrik
egindako guztia emakume batengatik egin nuela esaterakoan. Euskaraz,
erdaraz eta hala nahi bazuten, txineraz, nik egindako guztia, emakume
batengatik egindakoa zen. Harenganako sukar eder batengatik. Oroitzen
naizen bakoitzean, oraindik ere azala eta haragia ernetzen zait gustuz,
egindakoaren balentriagatik. Ez nuen neure burua zuritu nahi, beraz, neu
bainintzen Madrilgo Burtsaren Etxea lehertarazi nuena, neu sarraskiaren
errudun bakarra, baina egin, emakume batengatik egin nuen egindakoa,
nahiz eta emakumeak berak guzti honetaz fitsik ezin jakin. Areago,
komunikabideetatik jakindakoa baizik ez zuen ezagutzen gaixoak.
— Izugarria gertatu duk. Enteratu al haiz gaur goizean Madrilgo Burtsa
Etxean izandakoaz? —galdegin zidan iluntzean etxera sartu nintzenean,
musu azkar bat emateaz batera.
— Bai, zer edo zer entzun dinat hegazkinean. Handia izan dun?
— Handia ez, demasekoa. Hamazazpi hildako, hogeitaka zauritu eta duela
mende bat jasotako eraikin paregabea guztiz birrindurik. Ez duk ezer zutinik
geratu, ez eta zutabe bakar bat ere. Telebisioan ikusi diat. Sekulako
triskantza.
Nik ez nuen hartaz mintzatu nahi izan, nekaturik nentorren bidaiatik eta
eskumaleta gelan laga ostean, afaltzeko ezer ba ote zegoen galdegin nion
sukaldera sartu nintzenean.
— Barbarinak labean erreta, eta aurretik entsalada edo zopa. Heuk erabaki.
Ez, nire emazteak ez zekien fitsik nik egindakoaz. Are gehiago, ni horrelako
ezer egiteko gai izan nintekeela pentsatu ere ez zuela egiten esango nuke.
Ez eta burutik pasatu ere. Ezin baita sekula pentsatu, izurdeak marrazoaren
hortzak dituela edo ni bezalako morroi gezak halako balentria burutu
dezakeela. Perrexilak ez daki eta ez du jakingo sekula masustarik ematen.
Berarentzat, nire emaztearentzat, Madrildik nentorren bai, baina Europako
Batasuneko ginekologook egindako bilera nazioartekotik, ez beste inondik.
Eta ez zebilen oker, bilera hartan egoteko astia ere eduki bainuen Madrilgo
Burtsa Etxea lehertarazi nuen egunean bertan. Beste bost kiderekin
mahaiburuan eserita gainera.
— Umeak non ditun? —galdegin nion, oilategia txitarik gabe somatu
nuenean.
— Txikia gure ohean duk. Besteak amonaren etxean geratuko dituk lotan
—erantzun zidan, hiru haurrek etxetik kanpora gaua pasatzea gauzarik
arruntena balitz bezala.
— Zer dela eta?
— Gaur hirurogeita hamar egiten zitian amonak eta berarekin nahi zizkian
denak. Baietz esan zioat, bihar larunbata dela eta eguerdia baino lehen
joango garela euren bila. Geuretzat ere behar diagu bake pixka bat,
schatz7.
Ez, nire emazteak ez zekien deus, zinez, nik Madrilen eragindakoaz. Horixe
zen arazoa, hain zuzen ere, berak ez zekiela fitsik eta nik ezin niola neuk
burututakoaz ezer esan. Horixe zen neure zorigaitzik handiena: maite nuen
andreari, beragatik egindako balentria ezin, inola ere, aitortu.
Trajediak bilbatu ohi dituen bi aldeak nituen neurekin: handitasuna eta
txikikeria, urrea eta gorotza. Bera itsuki maite nuelako lehertarazi nuen
Madrilgo Burtsa, prestaketa luze eta zorrotzaren ostean. Bera irabaztearren
egin nuen hori. Beti neure ondoan gordeko nuen itxaropenean. Neuretzat
erabat eta oso-osorik behin betiko irabazteko. Neure emaztea gabe
ezgauza bainaiz ni, oihalik gabeko aterkia edo bela ontzia bezalakoa. Baina,
aldi berean, gertaera handien txikikeria ere ematen zion nire ekintzari inori
neuk egindakoa ezin aitortzeak, ilargiraino hegaz igo, eta inori ez esatea
bezala zen hori niretzat. Lehertu behar zitzaidan barrenean nik
egindakoaren aitorpena eta harrotasuna baina isilik egotea baino beste
biderik ez neukan, baldin eta ez banuen pikutara bidali eta indarrik gabe utzi
nahi egindako ahalegin guztia. Loteriako sari handia egokitu eta inori aitortu
ezin diotenen senitartekoa nintzen.
Nire portaera ulertu nahi bada, urrutira joan beharra dago, ordea.
Gertaeren iturrira, hamar urte atzera, emaztea ezagutu nuen garaietara,
egunero egunkarietan ospetsu gisa agertzen hasi nintzen denboretara:
“Azkue ginekologoak lortu du estrainekoz haurrak laboratorioan egiteko
metodo ziurra” ekarri zuten titularretan egunkari guztiek nire argazkiaren
ondoan, “Azkue doktoreak gauzatu du bikote antzu askoren itxaropena”.
Gaur egun guztiz ezaguna da nire izena daraman teknika. Mundu guztian
erabiltzen da, batez ere, zientzia aldizkari handienetan argitaratu zelako eta
ez daukalako, berez, inolako zailtasunik. Nornahik erabil dezake nire
ernalketa metodoa arreta apur bat jarriz gero.
Merezimendu bakarra, nonbaiten baldin badago, naturan bertan
gertatzen dena laborategian errepikatzeko gauza izatean daukat. Bikote
antzuen arazoa konpontzeko, kimikaren bide kiribiltsuagoak erabiltzen
urteak zeramatzen Pariseko Pasteur Institutuan eta New Yorkeko Sloan
Kettering ospitalean, besteak beste. Alferrik. Uste baino errazagoa da
haurrak laboratorioan egiteko bidea.
Ez naiz orain luzamendu teknikotan hasiko, jakinekoa eta guztiz ezaguna
baita nire aurkikuntzaren historia, lehenago esan bezala. Hain erabilia eta
arrunta denez, gizakiak betidanik ezagutu izan duen teknika dela iruditzen
zaigu gaur egunean nik asmatu nuen bidea. Ez da munduan ospitalerik, nire
aurkikuntzaz baliatzen ez denik. Esan dezadan, besterik gabe, umetandik
arrantzurako daukadan zaletasunari esker aurkitu nuela gizakia artifizialki
ernaltzeko metodoa.
Izan ere, edozein arrantzalek daki ekainaren lehenengo egunetan ez dela
amuan jartzeko zizare nahikorik egoten inon. Urte guztian ez bezala,
bakanak izaten dira hilabete horretan zizareak. Paduretako lohietan apur
bat aitzurtzea aski izaten da nahi beste zizare lortzeko urte guztian.
Ekainean ez. Ez da alerik egoten ia eta egoten diren apurrak ahulak eta
txikiak izaten dira, amuan jartzeko gorputzik ere ez daukatenak.
Gertakizun horrexen berri galdegin nion egun batean nire lagun biologo
bati eta hark argitu zidan guztia. Berari esker jakin nuen zizareei buruz,
edota izen zientifikoa erabiliz, poliketoei buruz dakidan guztia. Lagun
biologoaren irakaspenean dago nire aurkikuntzaren lehenengo oinarria.
Ekainean zizarerik ez egotea, poliketoen ugalketa moduari zor zaio. Uda
baino lehen, zizare arrak neurri gabe gizentzen hasten dira. Gorputzeko
barne organo eta barruki guztiak galdu eta milioika espermatozoidez
betetzen dira. Odolki ugaltzaile soil bilakatzen dira. Emeak ere berdin, obulu
zaku bihurtzen dira gainerako errai guztiak galdu ondoren. Ugalketarako
makina espezializatu bilakatzen dira zizareak. Bonbak izaten dira,
zizarekumeak egiteko bonbak, ez besterik, ekaina iristen denean.
Denboraren azkenera heldu direla nabaritzen dute orduan, eta hil baino
lehen euren bizitza guztiko unerik ederrena bizi behar dutela esaten die
senak. Zizare arra zizare emea bizi den zulorantz abiatzen da, geratzen
zaizkion indar apurrek bultzatuta. Lokatzetan tatarrazka joaten da,
espermatozoide zaku handia, ahal bezala eramanez. Emearen zulo
atariraino iritsitakoan, ordea, hainbestekoa izaten da nabaritzen duen
asaldua, poza eta kilikadura, non bertan lehertzen den zahagi puztua
bezala. Emea ukitzera ere ez da iristen, ezin eutsiaren kausaz.
Milioika espermatozoide geratzen dira emearen atari inguruan barreiatuta.
Emeak gertaera hori ikusitakoan, antzera egiten du eta supituan lehertuz
bazter guztiak betetzen ditu espermatozoide azkarren aukeran geratzen
diren obuluz. Paduretako lokaztiak, espermatozoidez eta obuluz beteta
egoten dira ekainean, eta erraza izaten da, jakin eta gero, horri
erreparatzea: lokazti beltzaren gainean, dena estaltzen duen geruza zuri
bat agertzen da ekaineko ilbetean.
Mariak behera egindakoan, zetazkoa dirudien oihal sotil batek estaltzen
du lokaztia, aparrak garagardoa bezala. Hala sortu izan dituzte zizareek
euren ondorengoak milioika urtetan zehar.
Nik ezagutzen dudan orgasmorik ederrena da zizarearena. Naturaren
baitan ez daukat halako beste gauza ederren berririk, marisorginaren
estaldura miresgarria izan ezean. Zizareak erabateko zorionean hiltzen
direla esan liteke edo, behinik behin, hala iruditzen zait niri. Egia esan,
halaxe hiltzea gustatuko litzaidake, plazerrezko zoramen izugarrian, hiltzeko
modua hautatzea eskainiko balitzait behintzat.
Esan dezadan, baina, esan beharrekoa. Nik egin nuen gauza bakarra,
zizareen espermatozoideak eta obuluak bat egiten zuteneko baldintzak
aztertzea izan zen, eta hala, zizareen ernalketa beti urpean gertatzen
zenez, ekaineko ura aztertu eta bi ondorio ageriko atera nituen. Bata,
paduretako ura ez zela itsasokoa bezain gazia eta ez eta ibaietakoa bezain
geza ere. Alegia, halako ura lortzeko, aski zela 20 gramo gatz litro bat
uretan nahastea. Bigarren aurkikuntza uraren beraren tenperaturari
zegokion: 14 eta 16 grado zentigradu bitartekoa izaten zen beti zizareen
kopula eroa gertatzen zenean.
Baldintza sinple horiek kontutan harturik egin nuen lehenengo proba gure
laboratorioan eta neuk ere ezin izan nuen sinetsi han gertatu zena:
gizasemearen hazia eta emakumearen obuluak kondizio beroietan
jarritakoan, derrepentean gertatzen da ernalketa.
Obuluek eta espermatozoideek babestu egin nahi dute urak daukan
gatzetik, segundo apur batzuk bakarrik egin baititzakete gatz kontzentrazio
horretan erre eta suntsitu gabe. Ez dira gauza izaten minutu oso bat ur
gazitan egiteko, horregatik, biziko badira, derrigorrez egin behar dute bat
lehenbailehen. Esan liteke elkarren beharretan direla biak ala biak
bizirauteko.
Espermatozoidea obuluan sartutakoan, geruza fin-fin bat sortzen zaio
obulu ernalduari. Aminoazidoz osatuta dagoen geruza honek babesten ditu
biak, hain zuzen ere, sodioaren (gatzaren) eraginetik. Obuluan sartzerik
lortzen ez duten espermatozoideak, hil egiten ditu gatzak berehala.
Hara hor nire aurkikuntzaren muina.
Aste batzuetan isilpean gorde nuen aurkikuntza, anartean ginekologo
hasi berria baizik ez bainintzen ni, baina behin eta berriz saiakuntza
laborategian errepikatu eta gero, saioetako ehuneko larogeita bost kasutan
ernalketa lortzen zela ikusi nuen. Gainerako hamabostetan, ur gaziak ez
zuen espermatozoide eta obuluen arrastorik lagatzen, Coca Colak eta
vermouthak okela zatia birrintzen duten bezalatsu. Ernaldutako obuluek
bakarrik egiten zuten aurrera gatzuretan.
Handik aitzinera etorri zen gainerantzeko guztia. Munduko unibertsitate
handienetatik deitu zidaten nire aurkikuntza ager nezan, eta egunero
aipatzen ninduten komunikabideetan, batez ere nire herrikoetan. Izan ere
txikia baita gure herria, eta aski da apur bat nabarmentzea, meritu guztiak
puztu eta ni bezalako belar txiki bakarrarekin meta osoa egiteko.
Dena lortu nuen aldi berean: sona, dirua eta mundua. Dena neuretzat,
baldin eta aipatu hiru gauza horiek bilbatzen badute gizakiok bizitza
honetan lor dezakegun guztia. Zela-halako ginekologo gaztea izatetik,
mahai guztietara gonbidatzen zuten jakintsua izatera iragan nintzen
poliketoen ernalketa teknikari esker.
Aitortu beharrean nago lehenengo urte eta erdian guztiz sinetsita ibili
nintzela gorazarre haien artean. Lurrik ere ez nuen ukitzen ia, ospearen
ospez, beti leku batetik bestera hegaka. Estatu Batuetako ospitale eta
guraso ezinduen elkarte handienetatik deitzen zidaten gaur bai eta bihar
ere bai. Hotelak, hegazkinak eta ohorezko otorduak. Alemaniatik,
Japoniatik... edonondik edukitzen nuen gonbita eta, egia esan behar bada,
inori ez zaio txarto etortzen losintxak jasotzea eta bazterretan guztiz
nabarmen ibiltzea. Hasiera batean ez behinik behin.
Alabaina, denborak aurrera egin ahala eta lehenengo garaietako ospe-
sukarra iragandakoan, aspertu egin nintzen ederrez. Aspertu hainbeste
joan-etorri eta loriarekin. Ezin nuen nire barnean gehiegi harrotu.
Gaztetandik nire azalaren barruan bizi zen ikerlariak bazekien kontu hura
guztia ez zela hainbesterakoa. Ondorio handikoa izan arren, aurkikuntza
txikia zela nirea, alegia. Hala ikusten nuen nik behintzat eta ez nintzen
antzera iritzi zion bakarra izan.
Behin baino gehiagotan, zizareen kontuekin osatutako nire hitzaldia
amaitutakoan, “Hori al da dena?” galdegiten zidaten munduko zientzilari
prestuenek. Baietz erantzuten niek nik, horixe zela guztia, eta halako
mesprezu ezkutu bat adierazten zidaten euren begietan. Ez nuen erabiltzen
metodo korapilatsurik eta giza ernalkuntzaren mesederako nire aurkikuntza
ez zen izan urte luzeetako ikerketa gaitz baten ondorioa. Zorte kolpe huts
bat, hainbeste eta hainbeste ikertzaileren ahalegin itzelarekin alderatzen
baldin bada. Zizareengan jakinekoa zena bistatzea baino beste
merezimendurik ez neukan nik. Gainera, farmazia industriak irabazi gutxi
aterako zuen nire aurrerapenetik. Edonork lor dezake kristalezko ontzi garbi
bat, gatza, ura eta termometro bat. Egia esan, besterik ez da behar gizakia
artifizialki egiteko.
Patentatzerik ere ezin zitzaidan burutik pasatu. Ohorea nirea zen, bai,
baina behin argitaratzen delarik, gizadi osoarenak izaten dira aurkikuntza
zientifikoak. Enpresa bat baino gehiago hurbildu zitzaidan neure izenarekin
botilaratutako gatzura merkatuan jartzeko asmotan baina, egia, ni ez naiz
lapurretarako jaioa. Nork erosi behar du, eta hain garesti ordainduta
gainera, litro bat ur garbitan nahastutako hogei gramo gatz?
Ustegabean, tristurak harrapatu ninduen. Alde batetik pozik nengoen
egindakoaz, aurrerapen handia izango baitzen “Simon Azkueren metodoa”
deitu zutena haurrak egiteko arazoak zituen bikote askorentzat, baina
beste alde batetik, bizitzak berez ekarri ohi duen kasualitate bati zor
zitzaion aurkikuntza, nire jakituriari, abileziari edo ahaleginari baino gehiago.
Nazkatzen hasi nintzen hainbeste ohore alferrekin eta utzi egin nion deitzen
zidaten leku guztietara joateari. Bakea nahi nuen, bake apur bat, neure
bizitzaren erretena txukuntzeko. Alferreko traba gehiegi zegoen nire bidean,
eta azkar mugitzen ez banintzen, euretan gera nintekeen trabatuta, nola
bildots jaioberria sasi handitan.
Parkean
Garai hartan ezagutu nuen gaur nire emaztea dena, Rita. Nik hogeita
hamalau urte nituen orduan eta, gehiegi esatea ez bada behintzat, azeri
zaharra nintzen gona kontuetan ordurako. Aukerarik ez zitzaidan sekula
faltatu emezkoen harien katramilaturik ibiltzeko. Aldizkari batean baino
gehiagotan “Urrezko ezkongabea” nintzela argitaratu zuten. Nik, ordea,
banekien hitz horien atzean zegoena beste kontu bat zela. Egiazki esan
nahi zutena beste gauza bat zela, mutilzaharra nintzela, alegia. Urrutira
joan gabe, neronek ere banekien hori. Baina zer egingo nion, bada,
neuretzako moduko emazterik inon aurkitzen ez banuen?
Ez beza inork pentsa, ordea, neskarik ezagutzen ez nuenik. Nire eskuek
hitz egiten balekite, hamaika gerri emeren berri aipatuko lukete, hamaikatxo
hezetasunez hitzegingo. Ahalegin handiegirik gabe harrapatzen ninduten
euren mende. Emakume gehienak neure ospearen irrikan edo nik ez dakit
zeren esperantzan etortzen ziren nire besoetara. Aspertu egiten nintzen,
baina, hasi eta denbora apurrera. Txikitandik eduki akats hori, sekula ez
bainaiz izan hasitako gauza bat amaitzeko, ez eta bildumarik kutiziatuena
ere.
Alabaina, denboraldi sutsu ugari ezagututakoa naiz, eder askoak gainera,
istant batez argi guztia eurentzat hartzen duten horietako harremanetan
ibilitakoa naiz maiz, baina bikote guztien artean egoten den lehenengo
zaparradaren ostean, amatatu egiten zitzaizkidan niri desio guztiak. Askotan
nahikoa izaten da ur tanta bakar bat kandelarik sendoena itzaltzeko. Leku
zehatzean emaniko kanka txikiena aski izaten da kristalik lodiena pitzatzeko.
Halakoxea nintzen ni orduan, edozein huskeriagatik, emakume
ederrenarekiko lilura, edozein gertaera axaleko dela medio, alferrik galtzen
uzten duen horietakoa. Oroitzen naiz nik gehientxoen maitatu izan dudan
emakumeetako bat, esterako, zergatik apartatu nuen nire bidetik. Eta
lotsatu egiten naiz hemen esateaz, hain baitzen kaskarra eta ezgauza nik
erabilitako aitzakia. Baliteke sakonagoko arrazoi ezkutu batean egotean
jokaera horretarako arrazoia, misogino xamarra ere izan ninteke, baina
gaurdaino ez dut azterketa horretan denborarik alferrik galdu. Niretzat gona
eta bihotzeko kontuak eguraldia bezalakoak baitira: euria egin bitartean
soilik bustitzen duten horietakoak.
Egun batean goizago alde egin nuen gure ospitaleko laborategitik, nire
lantegitik. Diputazioak Zientziaren Ohorezko Domina eskaini nahi zidan egun
hartan, baina nik nahikoa lan neukan neure buruarekin eta ospakizunera ez
agertzea erabaki nuen. Politikariei, gaur ez bezala, asko gustatzen zitzaien
garai hartan nire alboan argazkietan irtetea eta nik asmatutako
aurrerapenaren zipristinetan bustitzea. Gure laboratorioko beste edozeinek
jaso zezakeen nire ordez domina zorionekoa. Desagertu egin nintzen,
beraz, eta mundutik apartatzen nauen paraje maite batera egin nuen alde.
Joan zen mendean egindako parke bat da leku eder hori. Hortxe aurkitzen
nuen nik sarri, beste inon ez bezala, neure buruarentzat parada
bakarretakoa garai hartan. Hortentsia eta magnolioen artean, neskameak,
umeak, agureak, zakurrak eta korrikalariren batzuk baizik ez ziren ibiltzen
han normalean. Leku oso ederra izango da hura oraindik ere, baldin eta
ziega honetan sartu nindutenetik ez badute alferrik galtzen utzi.
Itsasoari begira eta mimosa zahar baten hegalean dagoen jarlekua izaten
nuen gogokoen. Harantz abiatzen nintzen, bada, egonezak edota goibel
puntu batek ukitzen ninduen bakoitzean. Labar gaineko kaio eta kuliskei
jostailuzko kometa zuriak bailiren begiratzen nien euren hegaldi askearen
inbiditan. Uso eta txolarreei erreparatzen nien, elkarren arteko lehian, ogi
apurren bat nork lehenago zintzurreratuko. Halako kharma lasaigarri batek
harrapatzen ninduen orduan eta halaxe egoten nintzen ordu luzeetan,
itsaso urrunean pasatzen zen untziren baten karelean izan ezik burua beste
ezertan eta beste inon jarri gabe.
Gogoko nuen jarlekuan emazte txiki samar bat zegoen trikota bat egiten
arrastiri goibel baina, hala ere, epel hartan. Haren ondoan eseri eta
arratsalde on opatu nion. Berak, begiak orratzetatik ia apartatu ere egin
gabe.
— Bai, arratsalde on, ederra dago eta —erantzun zidan.
Orduan ez nuen jakin neure tristura eta etsipenaren beharrak eraginda ote
zen, edo benetan gozoa duelako ahotsa nire emazteak, baina emakume hari
arreta handiagoarekin behatu nion handik aurrera. Txiki samarra zen, ilea
motz eta beltz, mutilen antzera moztuta. Beltzaren beltzez, errainu gorriak
ere ematen zituen haren ileak, mimosaren adarren artetik eguzki izpi
galduren batek jotzen zuenean. Bi begi biziak ere ileen antzekoak zeuzkan:
ikatzezkoak. Tristuraz beteak zirela iritzi nien. Ahoa eta ezpainak handiegiak
zituen halako emakume txikiarentzat.
Itxura batean, esan zitekeen emakume hura ez zela nire neskalagun
izandako asko bezain ederra, baina bazeukan zerbait, oraindik ere ez dakit
zer, jarleku hartara betiko lotu ninduena.
— Trikota polita egiten ari zara —esan nion, nonbaitetik hizketan hasi nahi
eta.
— Ez nuen gaurdaino sekula entzun trikota hitza. Guk jertsea esaten
diogu honi —erantzun zidan— Ez zara hemengoa ala?
— Bai, hemen ingurukoa naiz baina ama nuen urrutikoa. Haren hitzak
geratu zaizkit nire hizketan itsatsita.
Galdetzen segituko zuela uste izan nuen. Gure ama nongoa ote zen
galdegingo zidala. Baina ez. Biok geratu ginen isilik luzaroan, jakinik
isiltasunak bakarrik eraiki zezakeela bi ezezagunen arteko zubia edo dena
delako zeozer.
Zeharka begiratzen nien bere esku trebeei. Korapilo bat eta beste bat,
izugarrizko abiadan zerabiltzan trikota egiteko orratzak, bere kasa lanean
ziharduten inurrien antzo. Egun hartan ez nien askorik erreparatu ahal izan
labarretako hegaztiei.
—Trebea zara triko... jertseak egiten. Ezin da orratzen abiada begiez segitu
—esan nion.
—Egia diozu, ez da hau egiten dudan lehenengo jertsea. —Saldu egiten
dituzu?
—Ez, ez, hau nire lagun batentzat da —erantzun zidan— preso dago
kartzelan eta harixe eraman nahi diot.
Berriro geratu ginen isilik, batez ere bere lagun kartzelatuaren albisteak
ustekabean harrapatu ninduelako. Harritu egin nintzen ezagutzen ez
ninduen emakume batek hartara hitz egiteagatik. Ni polizia izan nintekeen,
edo presoek kartzelan egon behar dutela uste duten horietakoa. Egia esan,
edozein eta edozer izan nintekeen arratsalde hartan bizi nuen malenkonia
eta zozoegoeran.
Inork uste ez duenean, arrakasta betean, itxura guztien kontra, beren
buruak trenera jaurtitzen dituzten horien sendian sartuko nintzela etorri
zitzaidan burura pare bat egun lehenago. Nondik eta nola jakiteke, neure
buruaz neukan gogaitaldia finitzeko beste erarik asmatzen ez eta halako
gogoeta ilunak nagusitu zitzaizkidan. Neure buruaz beste egiteko tentaldia.
Ez zen lehenengo aldia, maiz gertatzen ez bazitzaidan ere, egoera itogarri
hura ez zen berria nigan: ezerk asetzen ez, horixe nuen gaitza eta
erremedio bakarra ezagutzen nuen horretarako.
Harrezkero, galipota oinpean bezala itsatsi zitzaidan nire buruaz beste
egiteko burutapen hura sabelean, eta pentsamendu beldurgarri huraxe
uxatze aldera bilatu nuen nik mimosapeko eserlekua. Ez nintzen hain gaizki
ere bizi, heriotza azkena zela banekien, ez nengoen kexatzeko moduan,
baina ezin kendu nuen burutik pentsamendu hura ukan izana. Kea denean
beti da suterako arriskua.
Neurotiko samarra naizela iruditzen zait batzutan, izan ere, bizarra
kentzen ari naizenean, aitzurrarekin azalean zauria egingo dudala
pentsatzen dudan bakoitzean, zauria egiten dut aurpegian. Aldapa batean
eroriko naizela etortzen bazait burura, erori egiten naiz aldapa horretan,
erremediorik gabe.
Horregatik beldurtu egin nintzen pentsamendu harekin: zerbait sartzen
baldin bazait buruan, gertatu egiten zait azkar edo berandu. Banekien
zozoa behar nuela izan neure bizitzako ederrenean horrela pentsatzen
hasteko, baina pentsamenduak betizu aztoratua izatea erabakitzen badu,
ezin zaio kontrarik egin. Bere oldarraren menera makurtzen dira beti zentzu
guztiak eta hala egin ezean, norberak jakiten du gezurretan eta alferrikako
bidean dabilela, ez dagoen lekuetan atsegin izpiren baten bila.
Alboan neukan emakumeak eten zidan gogoeta, mataza hariltzen
lagunduko ote nion galdeginez, ausardia handiegia ez bazen.
— Inola ere ez —erantzun nion— ez da ausardia. Atseginez lagunduko dizut.
Oso gogoko ditut eskulanak. Nire amama zenari laguntzen nion lan
honetantxe txikia nintzenean —eta bi eskuak luzatu nizkion, mataza bertan
jarri eta harilkoa egin zezan.
Ez didazue sinetsiko baina mataza desegiten eman genuen ordu laurden
hartan, halako barne zirrara batek harrapatu eta busti egin zizkidan begiak.
Matazako haria askatu ahala, neuk ere askatzenago nabaritzen nuen neure
barrua, baretzenago eta sentiberatzenago. Bake gozo eta handi bat
nagusitu zitzaidan, manta epel batek bilduko banindu bezala. Behin baino
gehiagotan pentsatu izan dut, haur nintzeneko garaiak berbizi izan nituela
orduan eta horregatik bigundu nintzela hainbeste, emakume ezezagun
baten aurrean. Beharra ere edukiko nuen, seguru, barnea lasaitzeko.
Rita ohartu egin zen nire malkoez.
— Zer duzu gizona?
— Ezer ere ez, triste samar nabil aspaldion. Barkatu beharko didazu
umekeria hau.
— Ez gizona, zaude lasai, ez kezkatu nigatik, ohituta nago malkoetara-
erantzun zidan lasaitze aldera, irripar eder baten erditik— Leku aproposa
da, gainera, parke hau horretarako. Toki zoragarria da benetan, ia egunero
etortzen naiz ni, ahal dudan guztietan.
Ez nintzen neure buruaz lotsatzen baina ez neukan inoren aurrean horren
argi agertzeko ohiturarik. Ez naiz negartia izaten normalean. Emakumeak,
ordea, ez zion inolako garrantzirik eman gertatutakoari eta halako lasaitua
eman zidan horrek, leku hartatik altxatu eta alde egin gabe bertan
geratzeko. Handik aurrera errazago joan ziren gauzak, batez ere
emakumeak ez ninduela ezagutzen ohartu nintzenean.
— Simon Azkue esan duzu? Ez zaitut sekula ikusi. Non ibiltzen zara?
— Ospitalean. Hantxe egiten dut lan.
— Erizaina zara?
— Ez, sendagilea naiz, ginekologoa.
— Kontxo, gizon handia zaitugu, orduan.
Bere berri eman zidan ondoren nik galdetu ere egin gabe. Rita Zabaleta
deitzen zen eta idazkari lanak egiten zituen herriko garaje batean. Orduz
kanpo, itzulpenak ere egiten zituen frantsesera eta alemanierara.
— Hainbeste hizkuntza jakiteko, zeu ere dezente ibilitakoa zara munduan.
— Bai, gaztetan dozena bat urte egin nuen kanpoan lanean, batzuetan
hemen eta besteetan han, ahal zen gauzetan.
Txiki samarra baina ederra zen benetan. Ezpainak eta begiak izan ezik,
gainontzeko guztiak proportzioan zituen: dena txiki eta estu, tamainan.
Bularrak ere txiki eta gazte sumatzen zitzaizkion blusaren azpian, niri
gustatzen zaizkidanak bezalakoak, gora begira titiburuak. Bere ahotsak
bazuen musika epel bitxi bat, guztiz baretzen ninduena. Esan bezala,
mantape gozo batean bilduta sentitzen nintzen bere alboan, ezerk eta inork
kaltetu ezingo banindu bezala.
Ritaren begiei begiratzen nien bakoitzean, jaitsi egiten zituen bereak
orratzetara eta piztu egiten zitzaizkion era berezi batean, hariak hari
izateari laga eta jantzi bihurtzen zela ikusten zuenean.
Arratsaldea eta elkarren ezagutza aurrera joan ahala, trikota norentzat
egiten ari zen galdegin nion berriro. Neuretzat izan zedin nahi nuen. Esku
haiek egiten zutenak, begi haiek begiratzen zutenak, neuretzakoa behar
zuen izan. Obsesio gotor eta inozo bat-batekoak lotsarazten ninduen, beste
ezerk baino gehiago. Banekien neurrigabekoa eta gehiegizkoa zela gutizia
hura ezagutu berri batentzat, baina ezin geratu nuen antsia oldartsu hura
inola. Jertsea zuzenki eskatzera ausartu gabe, neure desioa uler zezan
saiatu nintzen, ez naiz ondo oroitzen nola.
— Esan dizut lehen. Nire lagun batentzat da, nire lagunarentzat hobeto
esanda.
Goiak jo zuen supituan behea, itsasoa harrotu eta goibelagotu egin zen
arratsaldea. Ipurpeko eserlekua ere ezeroso hasi zen agertzen, hostoak itxi
berri zituen mimosaren pean. Galdurik sumatu nuen neure burua eta “zer
egiten duk hemen babua?” galdegin zidan barrenak. Lotsatu egin ninduen
nor zen ere ezagutzen ez nuen emakumea desiratzen hasi izanak. Lotsatu,
haren mataza eskutan euki izanak. Nola ausartu nintzen ezezagun haren
aurrean malkoak askatzera?
Alde egin behar nuen handik berehala. Aski nuen horretarako gezurtxoren
bat asmatzea, ospitalean hasi beharra neukala aipatzea, esate baterako,
baina lehen ere esan dut ez dakidala gezurrik esaten. Katramilatu egin
nintzen, lotsagarri, beharrik ez zegoen lekuan. Barretxo bat egin zuen Ritak,
elkarrizketa eten ezinik, agur nola esan asmatu ezinda nenbilela konturatu
zenean.
— Zoaz lasai, gizona. Asko poztu nau zu ezagutzeak —esan zidan bere
aurpegi beltzaska argituz.
— Ni ere bai Rita. Agur. Beste bat arte.
Parkea bizkarrean laga ahala, gero eta jabetzenago nintzen, han,
mimosaren hegaleko jarlekuan jazotakoa aparta izan zela niretzat eta beste
batzuk ezagutu banituen ere, Rita besteko emakume osorik ez nuela kausitu
sekula. Haren ahotsak gozatzen zuela, eta aldi berean aztoratzen, nire
barren terrala. Egiazko oinarririk ez neukan horretara pentsatzen jartzeko,
elkarren artekoa ez baitzen azaleko harreman hasi berria baino izan. Hala
ere, azaletik antzematen zaio haranari nolakoa duen mamia eta halako
zerbait gertatu zitzaidan niri ere Rita ezagutu nuenean: ataritik bertatik ikusi
nuen etxe hark zeukan barnealdea, palazio bati zegokiola. Hala iruditu
zitzaidan niri, behintzat.
Zergatik ezin esan nezake zehatz baina gerora obsesio bihurtuko
zitzaidan irudipen bat nagusitu zitzaidan gainerako sentipen guztien
gainetik: emakume haren alboan egindako denborak beste kalitate bat
zeukan eta, ez hori bakarrik, benetako angulen antzera, alferrikako egiten
zituen beste guztiak.
Liluraz gain, egonezina eta lotsa izpi bat ere baneramatzan parke hartatik
bueltan, etxerako bidean. Ezinegona, ez nekielako Rita gehiago ikusiko ote
nuenentz, eta ikusita ere, nirekin egon nahi izango ote zuen asmatzerik ez
neukalako. Lotsa, ostera, emakume hura neure egiteko sentipen oldartsuak
eragiten zidan, bai bainekien hala sentitzeak umetu egiten ninduela haurrak
jostailu bat beretzat nahi duenean bezala. Nor nintzen ni, bada, hain azkar
inoren jabe egiteko?
Jezarleku hura, emakume eta paraje hura, arratsalde hura azken finean,
kaparra bezala itsatsi zitzaidan memorian eta hainbeste urte igaro diren
arren, gaur ere, zorigaizto edo tristura uneetan, sarritan ekartzen dut istant
hartako nire sentipena gogora, behiak belarra hausnarrean bezala. Neure
burua ikusten dut Ritaren ondoan, mataza harilkatzen. Munduko gizonik
zoriontsuena izaten asmatzen dut horrela, baita lau horma puta hauen
artean nagoelarik ere, nola aingira lokatzetan.
Penelope eta Ulises
Lankideek ez zidaten lehenengo egunetan deus antzeman baina nik
banekien ez nintzela lehenagoko gizon berbera. Arratsalde hartan Rita
ezagutu nuenetik, anartean benetan bizitzen hasi gabekoa nintzela
iruditzen zitzaidan. Ez dakit argi nola adierazi, berez ez baitzen ezer handirik
gertatu parke hartan: mataza bat harilkatu, ez genuen besterik egin, baina
hura baino lehenago bizi izandakoaren oroitzapen guztiak kolorgeak
begitantzen zitzaizkidan, behe-laino itsu batek estali izan balitu bezala nire
iraganaren zantzuak, edo nik ezagututako guztiak, neure lekuan, beste
batek bizi izan balitu legez. Mozkorturik edo drogaturik bezala, zentzu
guztiak erabili gabe, joan zirela iruditzen zitzaidan hogeita hamalau urtetan
ikusi eta ikasitako guztiak.
Haurtzaroko garairik kutunenak, sarritan gogora ekartzen nituen haiek,
zentzugabeak gertatu zitzaizkidan Rita ezagutu nuen egunetik aurrera:
zozokeria inozoak, ezertarako balio izan ez duten irudi ezdeus eta txepelak,
edonor lotsarazteko modukoak. Iruditzen zitzaidan ez nuela une bakar ere
bere osotasunean bizi izan, ordura arteko guztia gezurrezkoa izan zela,
mundu guztiko aireportuetako Rolexak bezala. Rita ezagutu izanak beste
neurri batean jarri ninduela bizitzen, alegia.
Desoreka haren kinkatik libratu ustez, egun batzuetan oroitzapen
maiteenei atxikitzen saiatu nintzen, aita, ama eta familiarteko eszena
gozoenei heltzen nien, txaluparen kateak aingurari bezala, baina ezerk ez
zeukan Ritaren akorduak bezainbesteko indarrik nigan. Ematen zuen
garrantzia galdu zutela nire bizitzako pasarte guztiek eta bakarrik nengoela
nork daki zelako amildegiaren aurrean.
Txarrena ez zen hori, ordea. Neronek ere banekien iragana arbuiatzeak
oraina beti jartzen duela dantzan eta nortasuna kolokan. Ez dagoela
ahaztura bezalako gaitzik norberaren pusua bilatu nahian dabilenarentzat.
Lehenago trenaren gurpilpean bezala, edozein haizek etzateko moduko
txorimalo eginda ikusi nuen neure burua orduan. Horixe bakarrik behar
nuen, bizi nuen badaezpadako egoera hura larriagotzeko.
Izutu egiten ninduen sentipen hark. Laguna, senarra edo dena delako
gizona kartzelan zeukan emazte bati erreparatu nion neurri gaberik; ezer
apartekorik aipatzekorik ez zeukan andre baten gose nintzen, sekula ez
bezala. Ahots bat, bi begi eta trikota bat eskutan. Besterik ez nuen nik
aurkitu parke hartan baina nahikoa ziren horiek, ni bezalako mutil bat
erotzeko eta neukan guztia galzorian jartzeko.
Lehendik ere nahiko korapilo baneukala banekien eta kaka nahaste
berririk ez zitzaidala komeni erabakitzen nuen batzuetan. Besteetan, ordea,
kontrakoa pentsatzen nuen eta emakume hura izan zitekeela nire zorigaitz
guztien kontrako irtenbidea deliberatzen nuen. Haren bizkarrean eta haren
alboan bila nezakeela beste inon aurkitu gabeko bidea. Baietza eta
ezetzaren artean ibili nintzen garai hartan igeri, erreka azkarrera jaurtitako
pilotatxoa bezala: batzuetan urpean itota, eta besteetan, urazalean
nabarmen. Neurririk gabe dantzatu nuen alimoa gora eta behera, hotza eta
beroa, zerua eta infernua, noiznahi tartekatuz, eroek bakarrik egiten dakiten
moduan.
Ospitaletik irteteko ordua iritsi baino lehen, lau egunetan jarraian egin
nuen alde lanetik. Egia zen inor ez zegoela niri kontuak hartzeko, baina neu
nintzen ospitaleko ginekologia zerbitzuko eta, batez ere, laborategiko buru.
Neu nintzen nagusia, horrek dakarren menpekotasun guztiekin. Ordura arte,
neu izan nintzen beti lehenengoa sartzen, neu azkena irteten. Neu eredu,
lankide eta ikasle guztientzat.
Inazio Mendiondo lagun zaharra izan zen zerbait gertatzen ote zitzaidan
galdetzen ausartu zen bakarra.
— Ez daukak betiko muturra. Hik badaukak zerbait —esan zidan korridoreko
kafe makinaren ondoan txokolate bero bat hartzen nengoenean.
Harrituta zebilen nire hutsegiteekin, ezagutzen ninduen bezala ezagututa,
jakin bazekien zerbait gertatu behar zitzaidala hartara ibiltzeko. Berak
bazekien lana nuela lehenengo gauza neure bizitzan. Bazekien, zorte
haundia eduki nuela zizareen ernalketaren baldintzak gizakiarengana ekarri
nituenean, baina beti esaten zidan neure buruari merezimedurik kentzen ez
ibiltzeko. Joka nezala Einstein berri bat banintz bezala, zer arraio, beste
edozeinek ere halaxe egingo zukeela nire lekuan. Profitatzeko gertaera hura
ahal nuen bezainbeste eta ez emateko aurreari sekula atzea.
— Beti ari haiz hire sistema ez dela gauza haundia esaten. Alderantziz egin
behar duk. Gauden lekutik gauzak ikusita, erraza duk gaur egunean gizakia
laborategian ernaltzea baina hik zientzilari senarik izan ez bahu, oraindik
kimika alferrekoaren katramilatan galduta genbilzkek, bide garestiagoren
baten beharretan. Erraza duk hire aurkikuntza baina heuri bururatu zitzaian,
ez beste inori. Ez ezak hori ahantzi sekula.
Behin baino gehiagotan, neure arrakastak eragindako zalantza gordinak
harrapatzen ninduenean, Mendiondoren lagunartea bilatzen nuen,
aldartea alda ziezadan. Bazeukan nire berri, ez alferrik ibiliak baikinen
hamaikatxotan elkarrekin. Baita parrandan ere, baldin eta nonbait afaldu
eta hiruzpalau kopa hartzeari parranda dei badakioke. Geza bainaiz ni,
horretarako ere.
Ez nion, baina, deus erantzun nire jokaera aldatzeari buruz galdegin
zidanean. Ez ezer ezkutatu nahi niolako, lagun apurretakoa nuen nik orduan
Mendiondo, baina nola kontatuko nion, bada, izenez baizik ezagutzen ez
nuen emakume baten antsiaz bizi nintzela eta dena lagako nukeela albo
batera, zizareak eta gizakiak, harexekin parkeko eserleku batean trikota
egitera jezartzeagatik?
Tristetzat har nintzaketen laborategiko guztiek, hala irizten bazioten, ez
zidan horrek ardura handiegirik sortzen, baina ez nuen nahi erotzen hasia
nintzela pentsa zezatenik. Gainera ez nion inori erakutsi nahi Rita Zabaleta
deitutako altxor haren aztarnarik. Hori neure kontua zen, norberarena,
egiazko altxor guztiak izaten diren bezala.
Lau egunetan ibili nintzen, beraz, parkean zelatan. Lau egunetan
emakume harixe urrundik begira. Bekatuan ibiliko banintz bezala, autoa
parkearen aparkalekuan laga ordez, beherago lagatzen nuen, egunkariak
saltzen dituzten tabernaren atarian. Handik oinez joaten nintzen, inor
ezagunik bidean aurkitzeko beldurrez. Ohizkoa baitzen kalera irteten
nintzen bakoitzean jendeak burua jiratu eta niri behatzea: “Azkue
ginekologoa da hori —esaten zuten— haurrak laborategian egiten dituena”.
Autografo bila ere hurbildu izan zitzaizkidan behin baino gehiagotan umeak,
bezperan telebisioan edo aldizkariren batean ikusi nindutela eta. Gorritu
egiten nintzen halakoetan eta zailagoa egiten zitzaidan pausoa, neuri
begira irudikatzen bainituen inguruko guztien begiak. Ospea
bestelakoentzat asmatutako onura da.
Behin parkera iritsitakoan, hurritz arbola batzuen azpiko eserlekuan
jartzen nintzen, Rita egoten zen lekutik berrehunen bat metrotara.
Arratsalde guztia pasatzen nuen ikaraz, hark nire aldera noiz begiratuko
zuen beldurrez. Ez nuen inola ere nahi, ikus nintzan. Ez nuen nahi, ume
lotsatiaren antzo, berari begira nenbilenik susma zezan, gizona hortxetik
hasten baita galtzen bere balioa: gizonaren lekuan, haurra bistatzen den
unetik. Gizonak gizon behar du, ezer izango bada.
Han, urrutitik begira, ez zitzaidan hain emakume txikia iruditzen Rita. Zelai
berdea zeukan atzetik eta berun koloreko itsasoa aurretik. Kolore
ezberdineko bi margo haien erdian zegoen bera eserlekuan jarrita eta
trikota egiten. Horregatik begitandu zitzaidan handiagoa, berdea eta
berunaren artean bera zelako kolore ezberdin bakarra. Arratsaldeko geriza
lez, luzatu egin zitzaidan bere irudia.
Adimena urruneko emakume hari adi, hontzak arratoiari bezala behatzen
nion nik, baina saguaren bihotza daukan hontzak bezala behatzen nion, eta
ez harrapari goseti soilak legez. Badakit ez dela errazki ulertzekoa baina
batera sentitzen nintzen zelatan zegoen ehiztaria eta, aldi berean,
ehizatua, ezinezkoa izan arren gertakizun hori. Ritak han nengoela
bazekiela iruditzen zitzaidan horretarako arrazoi zehatzik eduki gabe.
Bazekiela, ausartu ezinda, hurriztiko eserlekuan kizkurtzen nintzela
trikuaren antzera, bera zegoen lekutik berrehunen bat pausora. Irudipen
hori etortzen zitzaidan bakoitzean, lotsatu egiten nintzen neure buruaz eta
hura ez zela hogeita hamar urte ondo asko betetako gizona ibiltzeko modua
erabakitzen nuen, aurre egin behar niola gertaerari, eta emakumearen
ondoan esertzen ausartu, egun hari zegokion mataza hariltzen laguntzeko.
Bere erabakien jabe behar du izan gizonezkoak. Zer pentsa, hala jokatu,
horrela irizten diot nik. Ohituta nengoen, ordea, egin behar nituenen
kontrakoak egiten gehienetan. Esate baterako, gaztetandik nahi izan dut
injineru izatea, zubiak eta errepideak egitea gustatuko litzaidake niri. Amak
familian sendagile bat nahi zuela eta, hemen nago orain ginekologo
bihurturik. Harri eta burdinen pisua eta erresistentziak kalkulatzen ibili
ordez, emakumeen hanka tartean sartuta ibiltzen naiz beti. Material hotz eta
bizigabe artean nahi nuen nik lan egin eta hemen nago alderantzizko
lekuan, bizitza bera sortzen duten odolezko iturriak aztertzen
espezializatua.
Halatsu daude beste hamaika gauza ere nire bizitza aldrebes honetan:
urdina behar zuen lekuan, gorria, eta beste aldera. Dena azpikoz gora eta
atzekoz aurrera.
Baina ez, ezin adieraz nezake Rita trikota egiten ikusten nuen bakoitzeko
zirrara. Alferrik nabil lan horretan. Penelope iruditzen baitzitzaidan niri,
kartzelan preso zeukan Ulisesi trikota egiten. Penelope berria, hari bat eta
beste bat, urruti dagoenaren mesedetan eta itxaropenetan trikota
ehuntzen.
Ondamua eragiten zidan horrek, Ulisesi bekaizkeria izugarria nion, inbidia
gorria, baina berdin jarraitu nuen, hala ere, hiru egunetan zehar hurritzaren
hostopean ezkutatuta. Hostailan babestuta, azeria legez.
Laugarren egunean aldatu egin zen dena: Ritari harila erori zitzaion
magaletik parkeko zelaian behera eta hura jasotzera jaiki zenean, bere
begiek eta nireek topo egin zuten jolasean zebiltzan ume batzuen artetik.
Eskuarekin egin zidan kasu, geltokietan trenari agur egiten zaionean bezala
eginez. Bat-bateko gorrialdiak harrapatu zizkidan matrailak, nerabea
bainintzen, eta aztoraturik sumatu nuen odola zainetan bizkor, nola gasolina
gasolindegiko hodietan. Ez neukan ihesbiderik eta bere albora hurreratu
nintzen, ahal izan nuen irriparrerik zabalena hortzetan jarrita. Aldi berean
nengoen estu eta lasai. Estu Ritarengana nindoalako eta lasai nire barnean
lotsarazten ninduen zelatako egoera ezinezko hari amaiera etorri
zitzaiolako, nolabait, gurutze bidea finitzen denean bezala. Txorimalo eta
jaun, aldi berean.
— Kaixo aspaldiko. Ibili naiz begira baina ez zaitut egun hauetan parkean
ikusi. Pasatu al zaizu lehengo eguneko tristezia hura? —galdegin zidan.
Bere ondoan eseri eta ez nion ezer erantzun. Arnasa behar nuen
lehendabizi. Ez nekien zer esan eta ez neukan emakume harentzat gezurrak
asmatzen ibiltzeko gogorik. Gertatzen zena gertatu, bizitza berri baten
aurrean sumatzen nuen neure burua, har izateari laga dion mitxilikotak
nabaritzen duen eran. Iragana iragan huts zen, atzean lagatako denbora
alferrikakoa. Bizipen antzua. Akabo azalkeriak eta disimuluak handik aurrera.
Akabo Azkue doktorearen ospe eta bentaja guztiak. Gizon berri bat izango
nintzen, gizon soil eta bakar bat. Ni neu, alegia, aitortzeak lotsatzen banau
ere.
— Ez, ez zait pasatu, gainean daukan oraindik... —erantzun nion bere
galderari azkenez— baina ohitzen ari naiz horrela bizitzen.
Grazia egin zion, antza, nik esandakoak, begietara behatu eta irriparre egin
baitzidan, gehiago bere begi beltzak erabiliz, ezpainekin baino. Monna Lisa
berritua lez ikusi nuen bere txikitasun eztian. Emakume haren edertasunak
ez zeukan parekorik.
— Gaurko gizonak ez du piperrik balio —gaineratu zidan supituan—.
Beldurrak jota bizi zarete, zeuon urrats benetakoa noiz aurkituko.
— Askotxo esatea ez al da hori? —galdegin nion, gizonezko guztiok, neu
barne, kasik iraindu egin gintuela irudituta.
— Ez gizona, ez da zure kontrako ezer baina ez esan niri aspaldian
kokilduta bizi ez zaretenik. Behorrak lotsagabetu ginenetik, akabo zaldi
harroak. Ezer ez duk lehenago bezala.
Hika hasi zitzaidan. Toka, arraioa. Hitzetan adierazitakoak baino areago,
esateko erak asaldatu ninduen. Emakume hark, nirekin jolasean aurrera
egiteko gogoa zeukala iruditu zitzaidan duk aditza, aditz laguntzailea, edo
dena delakoa, entzun nionean. Konfiantza eskaintzen zidan, lagunarte bat.
Ateak ireki eta hurbilago nahi ninduen, zalantzarik gabe. Bestela ez zidan
adiskide eta etxekoentzat erabiltzen den eran hitz egingo.
Bihotza, etxea eta ohea eskaintzen zizkidala iruditu zitzaion nire desio
erotuari. Ezer lehertuko ez bazen ere, zuzia isiotuta zegoen. Askoz
beranduago baino ez nintzen konturako, ahal zuen guztietan, toka
mintzatzen zitzaigula Rita gizonezko guztioi. Hika egiten zigula, alegia, hi
baiginen bere azaletik kanpora bizi ginen gainerako guztiok. Batez ere ni
bezalako karramarroak.
— Baliteke —erantzun nion berak jaurtitako sare probokatzaile hartan
erortzeko asmorik gabe eta beste leku batera eraman nahiz geure arteko
hizpidea— Zure lagunarentzat da, beraz, jertse hori.
— Bai halaxe izango da, egunen batean amaitzen badut, behinik behin
—erantzun zidan, siku.
Zozoa behar nuen izan lagunaren gai horretaz ez zuela mintzatu nahi ez
konturatzeko baina, hala ere, neureari eutsi nion. Egia esan, huraxe zen
jakin nahi nuen gauza bakarra: bere egoeraren albiste nahi nuen. Libre ote
zegoen nahi nuen jakin. Trikota merezi zuen lagun hura nor zen ezagutu
nahi nuen. Senarra, senargaia, bizilaguna edo besterik gabeko adiskidea ote
zuen jakin minez nengoen. Zeharka galdegin nion.
— Luzerako al dauka kartzela zure lagun horrek?
— Betirako, adiskidea, betirako —erantzun zidan, orratzetatik begirik
apartatu gabe.
Halako erantzun izugarriarekin ez nintzen beste ezer galdetzera ausartu,
zeren eta gartzelako lau hormetan neure burua irudikatzeak adina, ezerk ez
baininduen ikaratzen garai hartan. Igogailuetan ibiltzeko ere arazoak
edukitzen ditut nik, arnasa hasten baitzait halakoetan faltatzen eta, zer
esanik ez, arropa dendetako aldagela txiki eta sargorietan sartu izan naizen
guztietan. Praka berriak erostea baino nahiago izaten dut nik beste edozer.
Hala ere, bizitzak irakaspen ederrak ekartzen ditu lehenago edo berandu
eta nik orain badakit kartzela ez dutela lau hormak jasotzen. Kartzelak
askotan oinarriak leku harrigarrietan edukitzen ditu.
Isilik geratu ginen, beraz, baina nolaz eta batzuetan isiltasun erabatekoa
izaten den bi pertsonaren arteko hizpidearen iturri, berak hartu zuen hitza
eta luze jardun zuen Hans izeneko bere lagunaren berri ematen. Orduan
jakin nuen Rita ez zegoela libre. Bere barneko sukaldean aspaldiko su batek
agintzen zuela eta haren txinpartetan bizi zela oraindik ere, gauetik
goizaldera amatatu gabe eusten dion txingarra profitatuz bezala.
Nik Ulises deitu nuen hura ez zen, bada, Ulises deitzen egiazki. Aitzitik,
Hans zeukan izena. Erabakita zegoen gizon haren kontra egongo nintzela
aurrerantzean lehian eta Hans guztiz izen arrunta zela pentsatu nuen,
gaztelerazko Pepe edo Manolo bezala. Frantsesezko François, ingelesezko
Bob edo gure Pello arruntenaren antzera. Lehenengoz entzun nuenean,
kamiolari zabar baten oihartzunak ekarri zizkidan Hans izen monosilabikoak
gogora.
Alemanian ezagutu zuen Ritak, Bremen-go jatetxe batean zerbitzari ibili
zen garaietan. Gaztetan, alegia, oso gaztetan. Ordura arte berak ez omen
zuen bizitzako berririk behar bezala ezagutzen. Hansek erakutsi ei zion
bitan banatzen dela guztia: aberatsak alde batetik eta langileak bestetik.
Hori da dena. Ez gehiago eta ez gutxiago. Singlea irudi lezakeen arren, tarta
bakarra dago hemen denon artean banatzeko eta ez omen zaio inori laga
behar dagokiona baino zati handiagorik hartzen bertatik. Hala esan zion
Hansek eta hala sinetsi zuen Ritak. Amen.
Guztiz elementala iruditu zitzaidan berak esandakoa baina ez nion, hala
ere, ezer ihardetsi. Ni han banengoen ez zen Ritak munduari eta kapitalari
buruz zeukan iritziarengatik, ni han banengoen, beragatik zen. Bere begi eta
ahotsarengatik, esku artean zeukan trikota harengatik, eta ahalik eta
azkarren, bere azala neurearekin ferekatu nahi nuelako, izerdia egin eta
gero arte.
Bi besoak luzarazi zizkidan supituan eta mataza berri bat jarri zidan
gainean.
— Gaur ez egin negarrik gero —esan zidan irriparrezka— neu nahikoa nauk
negar egiteko eta.
Harilkatu bitartean kontatu zidan nola Hans delakoa, Alemaniako Brigada
Antikapitalista Gorrietako buruzagi izandakoa zen. Nola Europako polizia
guztia bere atzetik eduki zuen zorabiatuta zazpi urtetan zehar eta nola
zigortu zuen, azkenez, Berlingo epaitegi faxista batek hil bitarteko
kartzelara.
— Zerbait egingo zuen, bada —galdegin nion, amona zaharren antzera.
Ritak une hartantxe jaso zituen estreinakoz begiak nireetara eta izotza
aurkitu nuen lehenago suzkoak izan zitezkeen ninietan. Berriro ederretsi
banituen ere, irripar oro ezabatu zuen ezpainetatik eta bere ahotsak
lehenagoko berotasun guztia urrutira jaurti zuen oso. Metalezkoak iruditu
zitzaizkidan bere hitzak, kanpaiarena baino, aiztoen metalaz egindakoak.
— Nire Hans, Hans Lauer duk. Zozoa haiz? Ez dituk albistegiak ikusten ala?
Zer egin eta nola jarraitu asmatu ezinda, itsaslabarretan zebiltzan aspaldiko
kaio eta kulisketan jarri nituen begiak, nonbait jartze aldera. Lotsatuta
nengoen halako galdera egin izanaz. Pentsatzekoa da askotan egingo
ziotela nik egindako galdera hura bera Hansen berri jasotzen zuten guztiek.
Halako zigor gogorrera kondenatu bazuten, arrazoiren bat izango zela
horretarako. Zerbait egindakoa izango zela Hans famatu hura eta ez zela
aingerutxo soil bat izango, alegia.
Damu nintzen neuk ere beste guztiek bezala jokatu izanaz, barnean
neukan emakume harenganako sentipen gozoak, apartekoa nintzela
sinestarazia baitzidan eta apartekoa legez jokatu ordez, mundu guztiak
egiten zion galdera arrunt eta maltzur berbera luzatu bainion neuk ere:
zerbait egingo zuen, bada, zerbait egingo zuen, bada... Baboa halakoa!
Nabarmendu beharrean, zozoen artaldean sartuta ikusi nuen neure burua
batere pentsatu gabe egindako galdera hura zela medio.
Egindakoa eginda zegoen, ordea, eta ez kikiltzea erabaki nuen. Huraxe
zela bide bakarra Ritarekin behar bezala mintzatzeko. Ez, ez nuen
ezagutzen Hans Lauer edo dena delako komunista ospetsua, eta zer?
Horregatik merezi al nuen gordinkeria hura? Ritak ere ez zekien nor nintzen
ni eta hamaikatxotan erakutsi ninduten telebista eta egunkarietan. Bistan
zenez, berak ere arrastorik ez zeukan Simon Azkueri buruz. Zer arraio.
Ezer ez erantzutea erabaki nuen, beraz. Isilik egongo nintzen handik
aurrera, saminduarena eginez. Nahi zuena konta zezala, nik, behinik behin,
ez bainion deus gehiago galdetuko, nahiz eta jakinmina uholdeka zetorkidan
une hartan eta irrikatzen negoen Hans delakoaren bitartez, parean neukan
emakume haren bihotzak hankak non jarrita zeuzkan jakiteko. Areago,
esango nuke une hartan neuzkan guztiak emango nituela jakinminaren
sukar hartan zentimetro bat bada ere aurrera egiteagatik.
Eta kontatu, kontatu zituen guztiak. Hamar urte zeramatela elkarrekin
Hansek eta berak. Oporretan eta ahal zuen bakoitzean, Hans ikustera
joaten zela Stuttgarteko kartzelara eta nola egiten zitzaizkion gero eta
gogorragoak gizona ikusteko egiten zituen bidaia luze haiek, gero eta
jasangaitzagoak presondegian sartzeko pasatu beharreko kontrol
umiliagarriak, bai baitzekien Hansek bere ikustaldiak biziki eskertzen zituen
arren, bera, Rita, zoritxarraren menpe sentitzen zela laguna han barruan
ikusten zuen bakoitzean eta egunetik egunera itzaltzen zitzaiola gizonaren
akordua eguneroko gauza txikien zurrunbiloak irentsita, pilak ahitutako
linterna bati argia apurka amatatzen zaion antzera.
Oraindik ere oroitzen naiz, halako kontakizun gogorraren erdian, grazia
egin zidala pilak eta linternak aipatu izanak. Ez nuen, hala ere, irri imintziorik
ere egin. Rita serio ari zen bere kontakizunean eta ez neukan berriro
baboarena egiteko asmorik. Emakumeak esaten zidan hitz bakoitza, antsiaz
entzuten nuen. Arretaz jarraitu nuen bere kontakizun oro, nire egarri
zoroarentzat edabe hoberik ez zitekeela egon konturatuta.
Ezin zuen Hans gabe bizitzen asmatu, ederrak izan baitziren elkarren
alboan egindako urteak, berak sekula bizi izan zituen onenak, baina haren
egoeraren menpe ere ezin zuen jarraitu. Azken finean, Hansek hautaturiko
gerlari-bizitzak ez zuen berarentzat balio. Bide hartan ez zihoazen inora,
tristeziaz eta zorigaitzez betetako putzura izan ezean.
Hansen antzera pentsatzen zuen berak ere, bitan banatuta zegoela
mundua, baina eguneroko kontraesanak bizi nahi zituen Ritak. Kezka
haundiak bazterrean lagata, korapilo txikiak askatzen ahalegindu nahi zuen.
Gainerako gehienek bezala, gazi-gezetan aurkitu, aurrera egiten asmatzeko
adorea.
Berak ez zuen, Hansek bezala, bizitza kartzela zulo batean edo bala
baten aurrean galtzeko hauturik sekula egin. Ez zegokion bizimodua
suertatu zitzaion amodioaren zozketan. Zailagoa gertatzen zitzaion berari
Hansi baino, iraultza jokabide bihurtzen zuen bizikera hura. Horregatik ez
zuen jakin nahi izaten Hans nondik nora ibiltzen zen ezkutuan, horregatik ez
zion lagundu sekula hark egindako gauzetan.
Behin eta berriz itxuraz, izenez eta etxez aldatzeko prest egondakoa zen
bai, hartara behartzen baitzuen maitearen jarduerak, hortik aurrera, ordea,
ez eta izpi bat ere gehiago. Beldur handia zion berak poliziari eta, batez ere,
laguna noizbait salatzeko arriskuari. Ez zuen Hansek egindako ekintzen
aldetiko ezer zehatzik jakin nahi izaten eta beldur hartatik babesteko, artazi
irudikatu batzuekin zekien mozten euren bien arteko harremana: alde
batera geratzen ziren Hans eta bere ibilera guztiak, beste aldera bien
artean zeukaten mundua. Derrigorrean ezkutuan bizi beharra egokitu
zitzaien iheslarien bizimodua.
Orain egun hura gogora ekartzen dudan bakoitzean, denbora guztian lelo
aurpegia jarrita eduki nuela iruditzen zait. Kontatzen zidana izugarria izanik
ere, ni gehiago nengoen bere hitz aukeraketaren arretan eta bere hizpideak
zerion musikaren gozamenean beste ezertan baino. Aho zabalik egongo
nintzela iruditzen zait orain, sekula ez baitzidan ordura arte emakume batek
hainbeste eta era hartara hitzegin. Etengabeko jarduna zeukan Ritak eta nik
horixe baizik ez nuen nahi: bere hitzak ez etetea sekula. Denbora guztien
finitzeraino bere hitzak entzuten jarraitzea. Zakurra artzainarekin bezala
egon nintzen, hots eta keinu txikienari ere adi. Eldarra ere ez nuen edukiko
urruti, trikota eskuetan abandonatu eta neuri ari zitzaidan emakume
beltxaran hari begiratzean.
Hans bai, zuzena zen, erabatekoa, koskarik gabekoa, borrokarik
gogorrenerako jaiotakoa. Germaniarra izaki, deliberatutakoari eusten ei zion
beti. Bizitza honetako lehenengo aukera eta bakarra, gauzak bere zuzenean
jartzen ahalegintzea zen berarentzat, baita azala ere galduko bazuen
horretan. Beste erremediorik ez zen gelditzen, bere ustez, bizitza
adarretatik helduta benetan bizi nahi zuen gizakiarentzat.
Garairik beltzenetan, Alemaniako polizia eta Interpol guztia atzetik
zutenean, etsipenez begiratzen omen zion Ritak lagunari, beldur hartaz
guztiz nekatuta. Hansek, ostera, zorigaitzean eta atsekabean hazitakoaren
irriparra bueltatzen ei zion.
— Harresia bota behar dinagu, Ines, harresia birrindu eta Alemania aske bat
lortu. Bitartean ez zagon beste biderik
—esaten omen zion beti soinean eramaten zuen liburua atera eta Brecht-en
poemaren bat ahots goraz irakurri baino lehenago.
—Bat loturik deino, ez gaitun libro izango, laztana.
Alemania erdibitzen zuen harresia inork bota baino, erori egin zen berezko
ustelez, hainbeste urtetako pisu beltzaren zamapean, baina Hans ez zen
horregatik kartzelatik libratu. Han jarraitu beharko zuen berak, hogeita
hamar urtean itzalpean usteldu eta gero, baten bat urrikalduko zitzaion
artean. Kontrako espaloitik abiatutako Rudolf Hess berritu bat baizik ez
omen zen Hans Lauer, gaurko alemaniarrentzat. Ahaztu beharreko iragan
zati baten gisa ikusten dutela esan zidan Ritak azkenean eta horrek ere, are
gordinagoa egiten ei zion Hansen akordua eta hark eginiko eginahal guztien
sofrikarioa.
Bere burua kartzelarako bidaia haietan zahartzen ikustea ezinezkoa
egiten zitzaion Ritari, gero eta ezinagoa. Negarrez itzultzen zen Hansi bisita
egiten zion bakoitzean eta treneko bakardadean zetorrela: ez naiz gehiago
Hans ikustera itzuliko, erabakitzen ei zuen etsituta. Gainerako lagun eta
lankideek atsedenerako eta oporrerako hartzen zituzten egun berberak,
atsekaberako hartzen zituen berak eta hala ez omen zegoen bizitzen
asmatuko zuenik, ez emakume eta ez gizonik. Are ezineramangarria zen
berarentzat egoera, beti etxetik eta jaioterritik urrun ibili izanagatik, lagun
gutxi geratzen baitzitzaizkion inguruan.
Hala ere, beti itzultzen zen Hansengana apurtu ezinezko kate hartan
betiko harrapatuta balego bezala, errekako zirimolan hostoa bezala.
Azkenengo aldia, hilabete lehenagoko Santu Guztien zubian.
Rita apur bat isildu zenean, parkeko jezarleku hartan gertatutakoaz
ohartu nintzen: asebeteta sentitu nintzen. Bat-batean gainezka. Asetuegi.
Liburu zuri bat banintz bezala hurbildu nintzen emakume harengana, nire
bizitzan lerro berriren bat izkiriatuko nuen esperantzan baina, lerro bat ezik,
historia oso bat jaurti zidan emakumeak altzora. Lehen ez neukan zama
berri baten jabe nintzen supituan eta harritu ere egiten ninduen horrek: zer
dela eta esan zizkidan Ritak kontu horiek guztiak, ia ezagutu ere egiten ez
ninduen honi?
— Bi arrazoigatik —erantzun zidan— Bata, beharretan nintzelako, eta
bestea, konfidantza diedalako hi bezalako zaldi zaurituei —Hitz horiekin
dena argitu balit bezala jarraitu zuen Hansen gora-beherak azaltzen,
arratsaldeak bertan behera egin eta iparreko haize hotz batek eserlekutik
jaikiarazi gintuen arte.
Ez noa Ritak orduan aipatutako oro hemen jartzera, asko baitira ihesian
ibilitakoaren oroitzapenak eta asko zoritxarrak jotakoaren kontuak, baina
esan dezadan, haren aurpegi eztia ikusita, laguna eta maitea nor zituen
zein gozo erakutsi zidan entzunda, Hans Lauer edo dena delakoaren
azalean egon nahi izan nuela neuk ere.
Emakume hark bere denbora eta arnasa guztiak zeuzkan jarrita urrutiko
zulo batean usteltzen zeukaten gizon harengan. Are gehiago, ezin zuen
bizitzen asmatu bestela. Hari gertatutakoek osatzen zuten ardatza.
Ondamua nabaritu nuen, bai, nire baitan uholdeka. Berdin zion betiko
kartzelak, berdin zion denak, emakume hark hain amultsuki eta ezti egingo
bazidan neuretzat ere eskuetan zeukan hura bezalako trikota, nola
kaskabeltxak kumearen habia.
Vladimir
Ez nuen denbora alferrik galtzerik nahi. Gau guztia iragan nuen Ritak
kontatu zidanari buruan bueltaka. Neronek ere ez dakit zuzen esaten
zergatik, oldar ezkutuko batek eramaten zuen nire adimena harengana,
hala, batere neurri gaberik. Egia da ez niola indar horri kontra egiten:
aspaldian sentitutako gauzarik ederrena izan zen niretzat parkeko mataza
hura harilkatzea eta, areago, emakume harekin hitz egitea. Emakume hari
entzutea, esan behar nuke zuzenago, nik ez bainuen tarterik izan
ezertarako ordura arteko geure topaketetan. Egun haietan ez nekien gerora
zer gertatuko zitzaidan baina odolaren lekuan kafea baneuka bezala
nenbilen: ipurterrerik eta beste ezertan arretarik jarri ezinda, inora ez
ninderaman hurrengo minutuaren antsiaz.
Ritak ez ninduen ezagutzen, ez zekien Azkue doktorea nintzenik eta, hala
ere, niri kontatu zizkidan haiek guztiak. Neu nintzen bere bizipenen gordailu,
neu sekretu guztien kutxa. Hori ez zen inola ere ulertzeko modukoa.
Une batez, Ritak bere berriak edonori kontatzeko ohitura ote zeukan hasi
nintzen pentsatzen, bere ezbeharren entzule zergatik hautatu ote ninduen
asmatu ezinda. Alabaina, pentsamendu hori ez zitzaidan batere komeni,
erabakita baineukan bizitza berri bat bizitzen hasita nengoela eta ez
neukala gauza guztien zergatia zertan zehazki ezagutu beharrik.
Arrazoizalea izana nintzen ordura arte nire bizitzan bai, baina ez nengoen
oso pozik lortutakoarekin. Zozketako sari txikiak irabazitakoa nintzen baina
nik sari haundia nahi nuen, haundiena: Rita. Aurreko guztiak ez zuela fitsik
balio erabaki nuen berriro, liburu zuria, lerro bat eta beste bat, emakume
hark hutsetik izkiriatzeko prest zegoen liburu garbia izan nahi nuela, alegia,
beste edozerren gainetik.
Aldi berean esaten zidan barruak, gainera, Ritak laguntzat hartua
nindukala. Neuri bezala ez ziola beste inori aitortu bere gorabeherarik.
Orduan ezin nuen jakin oraindik bere lagunik handienak ederki aspertuak
zeuzkala hainbesterainoko tristeziarekin eta berari gertatzen zitzaiona
kontatzen hasten zitzaien bakoitzeko, bizkar ematen ziotela ezagun
gehienek. Gerora bakarrik jakin ahal izan dut hasiera batean ahal zuten
beste laguntzen ziotela bere bidaietarako eta Hansentzat diru apur bat
emanez. Hainbeste urteren poderioz, ordea, gogaitu egin ziren berarekin,
lagundu nahi arren, zaila egiten baitzitzaien guztiei, eguneroko gauza
txikien artean, Ritarena bezalako trajedia handia eroso kokatzea. Gaitza
egiten zitzaien, egunoroko bake arruntaren bizimoduan, gerra legeak,
kartzelak eta torturak egokitzea. Zaila oso, Alemaniako muturrean preso
zegoen kaskagorri ezezagun batez etenik gabe kezkatzea.
Larria izanagatik egoera, ihes egiten zuten Ritaren albotik, zakurrak
trumoitik bezala.
— Noiz etorriko haiz kontu alaiagoekin, Rita? —galdegiten zioten— Noiz
irtengo haiz zurrunbilo horretatik? Hik beti badaukan ezbeharrekoren bat.
Nik, ordea, ez nuen denborarik alferrik galdu nahi eta Kiel-eko
Unibertsitatean aspalditik ezagutzen nuen Anja Nienstedt doktorea gogoan,
ordenagailua piztuta, gutun elektroniko bat idaztea deliberatu nuen.
Zizareen metodoa asmatu nuen egunetatik, Anja izan nuen jarraitzailerik
finenetakoa. Berak gizon handitzat nindukan, argitaratu nituen lanak irakurri
ostean, gizakiaren garapenean eragiten duen horietakoa nintzela esana
baitzidan gaixoak, Oslon egindako kongresu batean elkar ezagutu
genuenean.
Nire lana ondo ezagutzen zuela esan zidan, Fleming txiki bat nintzela bere
begietarako. Vanitas vanitatis, ez nion nik ezetzik esan eta, ondo
bazeritzon, elkarrekin afalduko ote genuen galdegin nion lotsa guztiak
bazterrean lagata. Bere baiezkoaren ondotik etorri ziren aste ero hartan
elkarrekin bizi izan genituen guztiak.
Kongresuko bilerei arreta apurrik jarri gabe, hoteleko gelan, xahutu
genituen indarrak. Emakume handia da Anja, gizonik harroena makurtzeko
gauza dela erakutsi gabe, ez daki gozamenik hartzen. Iparraldeko
herrietako izaera berezi hori duten beste emakume asko bezala, alkandora
eta galtzerdiak bailiren, bihotza eta soina bi armairu ezberdinetan gordetzen
dakien horietakoa da bera. Azken egunean aireportuan banandu ginenean,
beti eukiko ninduela gogoan aitortu zidan, berebiziko plazerra eman baitzion
aste guztian zehar, ni bezalako gizon handia beste guztiak bezain txiki dela
egiaztatu ahal izanak.
Harrezkero Gabonetan eta urtean beste pare bat bider deitzen genion
elkarri zertan genbiltzan jakiteko. Ez genion handiagotzen laga nahi izan
Oslokoari, egia esan, beldurra ematen baitzidan niri Anja bezalako
emakumekote baten alboan aurrera egiteak, baina eten ere ez genuen egin
sekula gure haragizko oroitzapena. Esan liteke Anja izan nuela irakasle nik
“sexu zientifikoa” deitzen dudan alor horretan, erran nahi baita, norberaren
gozamen hutserako biderik onena darabilen sexukeran.
Anjarekin ausartu nintzen, lehenengo aldiz nire bizitza guztian, egiazki
nahi nuen huraxe, nahi nuen eran egitera. Berarekin ausartu nintzen
lehenengo biderrez, menpeko izatera. Tximu ar izateko arduretatik aske,
sekula ez bezalako gozamena hartu nuen bere ondoan eta bera ere ez zen
esku hutsik geratu plazer kontutan. Ikaragarria da Anja, gizona menpe hartu
eta haren gutiziak asmatzeko orduan.
Horregatik izango da agian, ondorengo guztiekin ezagutu nuen porrota,
ez baitut ezagutu beste emakumerik, Anjak beste bilatzen zuenik
ohekidearen gozamenik. Bestearenik gabe ez zekien bererik hartzen. Aste
batzuen buruan, zeinahi aitzakiaren bila hasten nintzen, alboan neukan
emakumea urruntzeko. Akats txikiena ere huts ikaragarri bihurtzen nekien
nik eta kupidarik gabe baztertzen nituen denak. Anjarik ez zegoen beste
inon Anja beraren azalean izan ezean eta alferrik ibili nintzen halako beste
baten bila denbora luzeegian.
Goizeko zortziak ziren eta oraindik inor agertu gabe zegoenez gure
laborategira, lasai idatzi ahal izan nion gutuna Anjari. Neure jakinminaren
zergatia ezkutatuz batera, eskatutako informazioa guztiz premiazkoa nuela
aitortzen nion bertan.
Hans Lauer izeneko terrorista baten berri galdetzen nion Anjari gutun
elektronikoa. Haren albiste baldin bazeukan erantzuteko lehenbailehen, eta
ez baldin bazeukan galdetzeko baten bati. Baina erantzuteko, ahalik eta
azkarren.
Egun guztia zitalduta iragan nuen, ernegaturik eta laborategiko lankideen
galdera betikoetara eta ohizko betebeharretara makurtu ezinda. Zarata
handi batek harrapatuta baninduka bezala ibili nintzen goiz guztian, arreta
ganorazko ezertan tajutu gabe eta gainerakoen hitzak aditu ezinik.
Laborategiko arazo handienak txiki eta arruntenak hutsal begitantzen
zitzaizkidan, nire egonezinarekin alderatuta. Trena pasatzen denean ez da
entzuten ahal liztorraren burrundararik.
Bazkaldu ere ez nuen ohi bezala egin ospitaleko kafetegian, ez nuen nahi
inoren adiskidantzarik. Egun hartan nahiago izan nuen makinako edozein
kakajan abiadan irentsi eta eraikuntza hartatik aldegin, sugeak
azkonarraren habiatik bezala. Ez nintzen ezertarako gauza, ez neukan
indarrik, Anja Nienstedt doktorearen balizko erantzunarentzat izan ezean.
Ez zen, baina, berehalakoan heldu. Bazkalorduko atsedenaren ostean
itzuli nintzenean, ez zegoen oraindik Anjaren albisterik. Arratsaldeko seiak
ziren gure idazkariak abisua eman zidanerako: Alemaniatik etorritako gutun
bat zegoen ordenagailuan niretzat.
Ez inprimatzeko agindu nion. Neu jabetuko nintzela lehenbailehen idazki
hartaz. Esan eta egin, neure artxibo pertsonalera pasatu nuen gutuna eta
ondoren ezabatu egin nuen ordenagailu nagusitik, Anjak igorritako e-
postaren arrastorik lagatzeke. Ez nuen nahi laborategiko beste inork nirea
bakarrik zen kontu hartan muturra sartzerik.
Denek etxera alde egin baino lehen, Mendiondo etorri zitzaidan herrian
tragoskaren bat hartuko ote genuen galdezka,
— Ez zekiat ezer hire berri baina badaukak zerbait ganbara horretan
bueltaka. Goazemak herrira eta esaizkiok lankide zahar honi esan
beharrekoak.
Gonbita estimatzen niola baina ez neukala gogorik erantzun nion lagunari.
Azterketa zenbait begiratu behar nituela, erremediorik gabe, etxeratu baino
lehen.
— Beste bati ziri hori —erantzun zidan— egunak daramatzak batere
ganorarik gabe eta orain sartu behar lanerako gogoa. Ez baduk etorri nahi,
ez etorri, baina ez esan niri gezurrik, antzeman egiten zaik eta.
Harritu egin nintzen Mendiondoren hitz gogorrekin. Ezagutzen nuen
polpoleko ur gozo ezagunaren lekuan, hondar lehor egin zitzaizkidan
estreinakoz bere hitzak. Ongi mereziak nituen gainera, sekula ez bezala,
gezurretan ibiltzeagatik. Mendiondok beste zerbait merezi zuela eta nire
egoera nolabait agertzen saiatu nintzaion.
— Hara Inazio, ez diat gertatzen zaidanaz hitzegin nahi. Egunen batean
jakingo duk nire berri, heu izango haiz lehenengoa, baina bitartean utz
nazak lasai. Eskertzen diat ahalegina baina neuk bakarrik ibili beharreko
bide batean sartuta nagok. Ez hadi kezka.
— Bi gauza zaudek munduan hi horrela edukitzeko modukoak: ikerketa
berriren bat edota gona konturen bat.
— Bigarrenetik gehiago lehenengotik baino —erantzun nion azkenean eta
bat-batean gehiegi aitortu niola iruditu zitzaidan.
— Hala baldin baduk, emakumeren batekin katramilatuta baldin bahabil,
ez duk aurreko aldietan bezala Simon. Guztiz aztoratuta ikusten haut.
— Ez diat beste ezer esango, Inazio.
— Bihar arte orduan, Casanova —esan zuen farrezka eta alde egin zuen,
moda pasareletako modeloen ibilkeren imintzioak eginez.
Mendiondok atea itxi eta bakarrik geratu nintzenean, nire lekuan eseri eta
ordenagailu itzaliari begira geratu nintzaion. Zalantzak egin zion atari
jakinminari. Zer irakurri nahi nuen Anjak igorritako gutun hartan? Hans Lauer
santua edo deabrua izan, zer axola zidan niri? Asasinoa edo heroia izan,
zertan aldatuko zuen horrek Ritarenganako neukan iritzia eta, batez ere,
harenganako sentipena? Otsoa maitagarria izaten da sarri saguarentzat,
batez ere katua jaten duenetan.
Galdera bat berari erantzun ezinda, ordenagailua piztu eta klik egin nuen
Kieletik bidalitako izkribu elektronikoan.
Ez naiz hitzez hitz gogoratzen baina esan dezadan Anjak ea noiz
elkartuko ginen berriz galdetzen zidala kortesia hutsez eta jarraian bere
harridura agertzen zidala nik egindako galdeketagatik. Ezin ei zion antzik
eman Hans Lauerrenganako nire jakinahiaren sorburuari. Errazago ulertuko
ei zuen nigandiko beste edozein eskaera, egindakoa baino.
Dena dela erantzun, erantzuten zidan bere gutunean.
Hans Lauer guztiz ospetsua omen zen Alemanian. Terroristarik bilatuena
izandakoa urte askotan eta orain preso zegoena Stuttgarteko kartzelan. Hil
arteko zigorra zeukan eta hori, heriotz zigorra debekatuta zegoelako,
bestela, honezkero, fusilatua zegokeen aspaldi. Nik dakidanaren arabera,
zioen Anjak, hogeitik gora pertsona hildakoa da Lauer. Otso bat. Baader eta
Meinhoffen taldearekin hasi eta gure historian ezagutu den talderik
muturrekoenaren gidaritzara iritsitakoa.
Hortik aurrera ezer gutxi zekiela aitortzen zidan, telebistan
ikustentzundakotik oroitzen zuena besterik ez, baina Osloko Ginekologia
Kongresoan elkarrekin igaro genituen egun zoragarri haien omenez, lagun
kazetari bati eskatutako fax baten kopia igortzen zidan. Bertan, Hans
Lauerren ekintza gehienak laburbiltzen zirela eta hori aski ez banuen,
bidaliko zidala informazio zehatzagoa, baita horretarako poliziarengana
bertara jo behar bazuen ere.
Attachementetik pantailara ekarri nuen fax hura, arratoiarekin bi aldiz klik
eginda eta, egia esan behar badut, ikararik egin gabe irakurri nituen Hansi
egozten zizkioten ekintza guztiak. Ehun baino gehiago ziren Hansek,
partaide gisa lehendabizi eta bere ardurapean ondoren, egindakoak.
Lapurretak, leherketak eta bahiketak ziren gehienak. Guztien gainetik
nabarmen OTANek, Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundeak, Alemaniko
lurretan zeuzkan koartelen aurka
eginiko dozena bat atentatu eta Volkswagen auto enpresaren jabearen
ilobetako bat hil izana Olaf Merz zeukan izena hildakoak eta lau hilabete
bahituta eduki ondoren, tiro bat buruan zuela agertu zen bere gorpua
Hamburg-eko zabortegi batean. Hansi leporatu zioten gazte hura hiltzeko
erabakia hartu izana eta sekula frogatu ez bazen ere, berari egotzi zioten
tiroa bere eskutik jo izana ere.
Irudien ganbara ernetu zitzaidan supituan. Neu ere oroitzen nintzen
gertakizun hartaz, bolo-boloka erabili baitzuten komunikabide guztietan,
bost edo sei urte lehenago Olaf Merz-en kasua. Alemaniarrak asaldatu egin
zituen gertaerak, izan ere inork ez baitzuen uste izan bahiketa hain gordinki
amai zitekeenik. Olaf Merz oso ezaguna zen Alemanian, batez ere, talde
ekologista erradikalenetan militatzen ibiltzeagatik. Munduari buelta osoa
eman zion Ipar Poloan egin zioten argazki batek: Olaf Merz bizartsua bilutsik
ageri zen izotz zuri artean, burutik behera botatako baldekada bat pintura
gorrik tindatzen ziolarik gorputz guztia. Bere ondoan, fokakume batzuk ageri
ziren hilda, euren larru zuria odoletan gorriztatuta. Ikaragarria zen argazkia,
nahi gabe ere begietan eragiten duen horietakoa. Benettonek ere erabili
zuen bere arropak saltzeko eta esango nuke, orduantxe hasi zirela mundura
ganoraz zabaltzen, foka eta baleen aldeko kanpainak.
Aldizkari guztietan argitaratu zuten foken hilketa salatzen zuen argazkia.
Horregatik mutil hura Brigada Antikapitalistek bahitu zutela zabaldu zenean,
inork gutxik sinetsi zuen albistea. Ilobak berak Volkswageneko nagusia zen
osabari dirua ateratzeko bide makur bat ikusi zuten europar gehienek
albiste hartan, alemaniarrek bereziki.
Bere gorpua zabortegian hilda agertu zenean, zartada haundi bat jaso
zuen gizarte germaniarrak eta eskumatik eta ezkerretik, alde guztietatik,
salatu eta gaitzetsi zuten hilketa.
Anjak igorritako faxean, Hans Lauerrek epaiketa egunean esandakoa
zetorren komatxo artean azpimarratuta. Epaileak hilketaren arrazoiak
galdegin zizkionean, zera erantzun omen zuen Hansek, “Olaf Merz
Alemaniako familia kapitalista gogorrenaren senide zen. Zapalkuntza eta
esplotazioaren bitartez lortutako diru guzti horren zati bat itzultzeko eskatu
zitzaionean, bere familiak ez zuen halakorik onartu. Beste irtenbiderik ez
zitzaion eman gure Erakundeari. Familia bera da, beraz, hilketa honen
arduradun zuzena. Eurei galdetu behar diezue gertatutakoaz eta ez niri”.
Hansi leporatzen zizkioten ekintza guztien zerrenda luzea zen, esan
bezala, eta ezinezkoa zirudien hainbeste urtetan Alemaniako polizia eta
Interpol guztia ondoren segika zeukan morroi batek haiek denak egiteko
beta har zezakeenik. Hans Lauer zozoa ez zela bistakoa zen. Azeria
gehiago.
Arreta, orriaren azken aldeko lerroek ernetu zidaten batez ere. Espainiako
nazionalitatea zeukan emakume bat berarekin atxilotu zutela jartzen zuen
bertan, Rita María Zabaleta izeneko emakumea, inolako partaidetzarik
aurkitu ez eta epaileek aske utzi zutena. Emakume honek, hiru urteko
semea zeukala Hansekin ere jartzen zuen lerro haien bukaera aldean.
Ustegabeko eztenkada izan zen hura niretzat, ez bainengoen antzeko
ezer ezagutzeko prestatua. Hansek Aita Santuaren kontra zerbait egin izan
balu ere, ez nuen ikararik egingo. Hura ezberdina zen, ordea. Seme bat
zeukan nik desiratzen nuen emakumearekin. Mutiko bat. Eguzki berotan
etzanda lo dagoenari botatako ur hotza izan zen niretzat albistea.
Ritak, bere berri baino gehiago! nahi zuenaren berri kontatu zidala iruditu
zitzaidan orduan; laurdenaren erdiaren herena, eta txorimalo baten antzera
ikusi nuen berriz ere neure burua uste nuenaren kontra, inolako tirakadarik
ez nuen piztu emakume harengan, bere hitzentzat kontsolamendu hutsa
baino ez nintzen izan parke hartako elkarrizketetan. Zimaurra non lagatzeko
zimaurtegi erraza. Zaborpoltsa merkea. Horixe nintzen, ez beste ezer.
Alabaina, Ritarekin ordez, neure buruarekin haserretu nintzen. Ezgauza
nintzela pentsatu nuen halako emakumea neureganatzeko. Sagua. Zozo
hutsa behar nuela izan Hans harekin alderatuta, edozein emakumerentzat.
Baita Rita Zabaletarentzat ere.
Eta gainera, ez nuen besterik merezi inoren kontutan sartzen
ibiltzeagatik. Ritak eman al zidan, bada, bere filma ikusteko sarrerarik? Zein
eskubide neukan berak esan gabeko ezer jakiteko?
Ongi merezia neukan gertatutakoa baina, hala ere, une batez zentzu
guztiak galduta geratu nintzen. Karranpa handi batek jota bezala, geldirik,
itsu, gor eta mutu. Mina handiegia denean, haseran ez da ezer sumatzen
baina jakinekoa da, min hori berori, hortzak ederki zorroztuta itzuliko dela
minutu bat beranduago hortzaka egitera. Zetorkidanerako prestatzen ari
nintzen paralisi hartan babestuta, baina, egia, ez zidan deusetarako balio
izan, gertaeraz jabetu nintzenean, alkandora zahar baten tarratadak pitzatu
baitzidan arima eta kristal hautsien eztenkadek erre baitzidaten barrua.
Faxaren lerro batzuk beherago, azkenengoan, Ritak eta Hansek elkarrekin
zuten semearen izena zetorren: Vladimir. Vladimir Lauer Zabaleta pentsatu
nuen nirekiko, eta ordenagailua amatatu egin nuen gehiago ezer irakurri eta
pentsatu ezinda.
Trenak zapaldutako zapua nintzen. Azala eta odola baizik ez zitzaidan
geratzen baina, hala ere, desagertutako gorpuzki guztietan min ikaragarria
sentitzen nuen. Bi malko isurtzeko adina gizontasunik atera nuen
nonbaitetik eta, inoiz ez bezala, errukitu egin nintzen nire buruaz. Halako
zorigaitzik ez duela inork sekula ezagutu iruditu zitzaidan une batean eta
pena ikaragarria eman zidan Simon Azkue zein zegoen birrinduta ikusteak.
Batez ere, ondoren etorriko zitzaizkidan pentsamendu ilunek izutzen
ninduten, neure buruan ate joka etorriko ziren sentipen borrero jasangaitz
eta ezagun haiek.
Zela edo hala bulegotik irteten asmatu nuenean, beti zabalik dagoen
denda horietako batean, vodka botila bat erosi nuen etxerako bidean, nire
ohitura, iritzi eta erabaki guztiei kontra eginez. Aspaldi ez bezala, mozkortu
egingo nintzen gau hartan, bakar bakarrik, nola satorra bere zuloan.
Equus
Gauza garrantzizko guztiak gertatzen diren bezala gertatu zitzaigun geuri
ere: ustekabean. Nik ez dakit zergatik eta, batez ere, ez dakit nola, elkarren
besoetan erori ziren gau hartan Rita eta bion gorputzak. Egia esan behar
badut, ez nuen halakorik hain azkar espero. Gordeta neukan gertaera
hartarako itxaropena eta desioa, amuarrainak eltxoa amesten duen beste,
baina elkarrekin irtendako lehen gauean bertan gerta zedin, ez nengoen
prestatua. Harrigarria egin zitzaidan Ritarekin oheratzea. Larrigarria, esango
nuke.
Handik aurrera pixkatean ere ez nintzen egon prestatua Ritarekin ohean
behar bezala gozatzeko. Denbora behar izan nuen azal berri hartara
egokitzeko, ertz haien guztien gutiziak ezagutzeko eta, batez ere, neure
lurraldeak baimenik eskatzen ez zuten fereka berri haien menera estuasunik
gabe jartzeko. Labur eta egiazki pare bat hitzetan esateko: izututa
nengoen, nola txirrinda kamioiaren alboan.
Nerabetuta banenbilen ere, ez nintzen haur bat, eta desioaren aurrean
balaztak erakutsi zituen zuhurtziak. Nahi nuen, egia da, beste ezer baino
gehiago munduan, baina bestetan ez bezala, alboan neukan emakumea
ezatseginduko zuen ezer egiteak kezkatzen ninduen. Ez nion ezer gaiztorik
egin nahi, lehenago zintzilikatuko nintzen lepotik, baina ezin kendu nuen
gainetik emakume hura uxatuko zuen hankasartzeren baten beldurra. Izan
ere, lehenago bitan banatzen nuena, gauza bat eta bakarra dela ikusi
bainuen berari esker. Orduan ez nintzen horretaz zehatz jabetzen baina
orain argi dakit. Ritak biak batzen zituen bere baitan, beste nehork ez
bezala: haragia eta gogoa. Lurra eta ura.
Ez zen egun arrunta izan hura. Aspaldian lez, ospitalean zitaldurik ibilia
nintzen denbora guztian, ipurdia inon pausatu ezinda. Vladimirren albistea
ezagutu nuenetik, ez nintzen
izan lehengo gizona bera. Lankideek ere sumatu zidaten
zerbait baina, behin eta berriz esan nien arren, ez zuten ulertu nahi izan ez
neukala inorekin hitzegiteko gogorik. Ez eurekin eta ez beste inorekin.
Batzuetan gehiago kostatzen da axaleko
bi hitz alferrikako esatea, besteetan diskurtso mamitsu oso bat baino.
Behin eta berriro eman zidaten telefono deien berri baina baten batek nire
lekuan erantzuteko esaten nien nik, berdin zitzaidala Osasun Sailburua edo
Bayer-eko Zuzendari Orokorra bazen ere hariaren beste aldetik nire bila
zebilena. Ez nuen inorekin hitzegin nahi arraioa, are gutiago begi-bistan ez
neukan norbaitekin. Marka bat hautsi behar duen kirolariak bezala, indar
guztiak neuretzat behar nituen, behingoagatik sikiera: gau hartan Ritarekin
neukan afaltzeko hitzordua.
Beti bezala, Mendiondo adiskidea izan zen olioa sutatik kentzen ausartu
zen bakarra. Egun guztian ez nuen ikusi baina baten batek zerbait esango
zion eta han agertu zen, eskuak amantal zurian lehortuz.
— Laboratorioko buru izatea gauza bat duk eta bestea lankideak
torturatzen ibiltzea. Ikasleei begiratu ere ez omen diek egin gaur,
fakultatetik hona etorri ostean.
— Ez duk hainbesterako Inazio, hemen denok zeuzkagu egun txarrak.
— Hik asteak daramatzak, Simon, aste osoak, heure barruan sartuta eta
trikua bezala kizkurtuta, arantza eta guzti. Hemen jendea berbetan hasia
duk.
— Egin dezatela, bada.
— Nik bete diat nire lana. Entzun nahi baduk, esan diat. Hortik aurrera
heure kontua duk —eta etorri bezala desagertu zen, laborategiko atetik
kanpora, agurrik ere esateke.
Ez nion kasu handirik egin. Norbaitek nire kontrako zerbait edukitzeak ez
ninduen harritzen, bai bainekien ez nintzela batere fin ibilitakoa azkenaldian.
Beti ezin da asmatu txinaurririk zapaldu gabe ibiltzen. Baina gauza bat da
hori eta bestea, egin zuten bezala, Mendiondo laguna nire kontra xaxatzea.
Ezin nuen horrelakorik onartu eta aurrerantzean begiak argiago erabiliko
nituen laborategian nor zen nor ikusteko. Sugea beti dago igel gose eta,
azkar edo berandu, derrigorrez bistatzen da azalera, arnasa hartzera. Gure
laboratorioan ere agertuko zen nor edo nor nire aurkako pozoitik garbitzera.
Lana amaitutakoan, Ritaren bila joan nintzen parkera ilundu baino lehen.
Egun guztiko ordu guztiak itxarote hartan emanak neuzkan, bata bestearen
ondoan, guztiak eta bakoitza neure barnean ezin kabituz. Beste oihartzunik,
beste akordurik... beste ezer ere ez buruan. Ez eta Mendiondoren hitzak
ere.
Konturatuta nengoen berriz ere jostailu berria nahi duen haur setatiaren
gisara nengoela jarrita baina ez zitzaidan axola gainerakoen usterik.
Behingoagatik neuk benetan nahi nuena egitera erabakita nengoen, uhinak
harkaitzak baino haruntzagoko hondarra behin eta berriz busti nahi duen
bezala, eta ez zidan ezerk eta inork uste hori aldaraziko.
Iritsi nintzenean, Iparra zebilen parke inguruan eta bizkarraren gainean
jarri nion neure jakea Ritari, betiko lekuan eserita zain aurkitu nuenean.
Eguzkiak itsasoa gehiegi gorritu gabe amaitu zuen arratsaldea.
— Horrela hobeto, schatz —esan zidan eta besotik helduta itzuli ginen nire
autora.
Kilometro eskaseko bide hartan gorde genuen isiltasunak argi adierazi zigun
bioi, elkarren begiramenduan genbiltzala arretaz eta mataza harilkatzeak
baino haruntzagoko eremu badaezpadakoetara abiatuak ginela, jakin
gabetan ziur nora. Helmuga argi bat ikusten denean, sendo joaten daki
pausoak baina zer nahi den, zer gertatuko den, inork ez dakienean, kiribilez
betetzen da bidea, alferrikako bihurtuz lasterbide guztiak. Bide oro ibili egin
behar izaten da oso-osorik eta pauso bakoitzean pentsatu non jarri behar
den hurrengo oina. Zapatapean sentitu egin behar dira lurraren zimur
guztiak eta orduan erabaki, orduan bakarrik, norantz eman hurrengo
urratsa.
Horrexek beldurtzen gintuen biok eta horrexek isilarazten gintuen parkeko
aldapa beheran. Gainera, beti erabilitako hitz eta moduek fitsik ez zidatela
balio banekien. Ordura arte izaniko gizonaren ausardiak ez zidan balio.
Lehenagoko hitz antzuen lekuan, berriak behar nituen, egiazkoak eta nire
baitaren berri argi adieraziko zutenak. Batetik, Rita ez zelako nire betiko
zozokeria haietan sekula korapilatuko eta, bestetik, neuk ere ez neukalako
bide zaharrak berriz ibiltzen hasteko batere gogorik. Indarrik ere ez, seguru
asko. Gerta zedina gertatu, berria eta ezberdina behar zuen izan niretzat
Ritarenak. Horrelaxe erabakita nengoen, atzerago aitortu dudan bezala.
Hala ere, ezertaz konturatzen ez eta nik uste nuen neu bakarrik nenbilela
estututa eta urduri, baina Rita ere larri ibili zen, larri oso, nire besotik
zintzilik. Bere betiko izaera tinkoa galdurik, estreinekoz ikusi nuen zalantzan
egun hartan eta esan dezaket harrezkero, ez dudala beste inoiz hain
galdurik ikusi. Irribarrea zeukan hortzetan bai, bistakoa zen pozik zetorrela
nirekin, baina keinu hartan bazen beste zerbait ere, edozein modutan
adierazi ezin dena esango nuke izu puntu bat ere agertzen zitzaiola begien
argitasunean.
Afaldu bitartean ez zuen plater bakarra ganoraz bukatu eta neu ere larri
ibili nintzen eskatutakoa amaitzeko. Ez neukan goserik, ez egarririk,
emakume haren hitzena izan ezik.
Alabaina, orduan hitz egindakoak ahaztuak dauzkat honez gero, hain izan
baitziren gezak elkarri esan genizkionak. Lotsatzeko moduko hitz hutsalez
bete ziguten elkarrizketa urduritasunak eta bestearen aurrean zakar, geza
edo faltsu agertzeko beldurrak. Non erosten dituzu trikota egiteko hariak?
eta antzeko pitokeriak galdetu nizkion nik, isilik ez geratze aldera. Berak,
ostera, nire lanari buruzkoak galdegin zizkidan, kortesiazko formula hutsak
erabiliz.
Ezkutatu egin nahi izan nion zizareen aurkikuntza neurea zela. Berak bere
semearena ezkutatu zidan bezala, ezkutatu egin nion ospe haundikoa
nintzela eta bazter guztietan erabiltzen nindutela txorimaloaren antzera.
Beranduago etorriko zen, baldin eta etorriko bazen, horretarako aukera. Ez
nuen nahi inola nire sonak eraginik izaterik. Ni Simon Azkue nintzen, erdia
gizon eta erdia sagu, bi besoak luzatu eta matazatik harilkoa egiteko
bakarrik balio zuena. Ez beste ezer.
Erretiratzeko ordua iritsi zitzaigunean, irudimenik gabeko luzamendutan
ibili zen Rita alferrik. Hurrengo taberna bat aipatzen zuen betiere, etxerantz
abiatu aitzin. Oheratzea atzeratzeko, azkenaurreko ostatua eskatzen zuen
aldioro, gau guztian ezer edan nahi gabe egondakoak.
Ezagunik ez genuen, zorionez, gau guztian inon topatu eta une batean
emakume hura alboan edukitzeko neure zorionaz jabetu nintzenean, gure
artean nor zen zaldi eta nor behor jakiteko gogoa piztu zitzaidan.
— Goazen etxera Rita —esan nion, eta tabernako gainontzeko bezeroei
begiratuta— hemen ez zeukanagu deus.
Gaur balitz bezala oroitzen naiz orduantxe, eta hitz haietxek esatean izan
zela bere azala lehenengoz ukitu nuen unea. Musu eman nion tabernaren
erdian, lehenengo musua, lehenengo fereka. Ezpainetan ez baina
ezpainetatik oso hurbil eman nion, bereganako nire asmoa adieraziz baina
ezertara indartu nahi gabe. Milimetroka eman nahi nituen pauso guztiak,
inolako okerrekorik gerta ez zedin.
— Hire etxera joango gaituk —erantzun zidan— nirean ama zagok gaur
lotan.
Autora bidean, Ritaren ama, andre adindu bat, irudikatu nuen laupabost
urteko haurrarekin lotan edo, hobeto esanda, Vladimir Lauer Zabaleta
haurra irudikatu nuen bere ohe txikian amonarekin lotan. Eta zehazki
zergatik esaten ez badakit ere, ume huraxe, edo hobeto esan, ume haren
sekretoak, sekulako traba egiten zion nire lasaitasunari, oztopo
segurtasunari. Ez nuen fitsik esan, hala ere. Ez nuen ezer esan nahi izan. Ez
gau hartan behinik behin. Nahikoa neukan neure burua sagu izatetik zutitu
eta zaldi aurkitzearekin.
Horrexek galdu ninduen, premia horrexek. Ezin baitzen ezkondu nire nahia
oherakoan egin genuen bide azkarregiarekin. Ez dakit nola zehaztu baina
esango nuke Ritak gordinegi eman zituela gau hartako pauso guztiak,
gordinegi neure iritzirako. Bare-bare gertatuko zela irudikatu nuena, kolpeka
gertatu zen nire larria handituz. Nire ustez, emakume komunistek edo
emakume suediarrek sexu kontutan jokatzen duten bezala jokatu zuen Ritak
ere: etxean sartu, komuneko atea guztiz itxi gabe egin beharrekoak egin
eta ni erazten hasi baino lehen, ohe gainean eseri zen biluzik. Anjaren “sexu
zientifikoa’’ ekarri zidan, nolabait, gogora.
— Emaidak zigarro bat —esan zidan— behar diat eta.
Piztutako bat jarri nion ezpainetan eta ezer edan ote nahi zuen galdegin
nion ondoren. Ezetz, ez zuela ezer nahi, baina ekartzeko botila bat ur
sukaldetik. Gauean, behar bada, egarri izango zela eta.
Oso beldurtuta nengoen, katakume bat elurretan bezainbeste. Hanka
hutsik egin nuen sukalderako bidea eta lurreko keramika hotzak areagotu
baino ez zidan egin larritasuna oinetatik gora. Neuk desira nuen emakumea
neukan ohean zain baina, hala ere, pozaren putzua zalantzek eta kezkek
osatzen zuten, harrez betetako okela zatia bailitzan.
Dena azkarregi zihoan nire iritzirako eta ez nekien gertakizunen abiadura
hura nola geldotu. Gainera ez nengoen seguru zaldia ote nintzenez eta
Ritak zaldia beharko zuen aurkitu nigan, ziur, behin halako pausoa ematea
erabaki bazuen.
Botila urarekin itzuli nintzenerako, izarapean zegoen egokituta. Bere
begien aurrean kendu behar izan nituen arropa guztiak eta, zin dagit,
lotsatu egin nintzela lan horretan. Ohituta nengoen besteen aurrean
biluzten, hondartzan, laboratorioan, frontoian... baina Ritaren aurrean
lehenengo aldia zen. Gerrikoa, prakak, alkandora... kendu ahala, ahultzen
sumatzen nuen neure adorea, kokiltzen ausardia. Oldarra gero eta
apaltzenago. Zalditik sagura nindoan gogoz kontrako bidean.
Bizkarra baino ez nion eskaini biluzte espero gabeko hartan. Ni ezertara
ausartzen ez eta berak eten zuen, hala ere, bion arteko hari isila.
— Ipurdi polita daukak, Simon.
Neuk ere zigarro bat isiotu nuen ohean sartu bezain azkar. Erre ahala eta
Ritaren bi begiak neuri so zeudela konturatuta, argi ikusi nuen dena izango
zela aurrez pentsatutakoaren alderantziz: neu izango nintzela behorra,
alegia, eta Rita zaldia, handik aurrera beti izan den bezala.
Neu izango nintzela biotan bigunena, nola labanaren aurrean gurina.
Bladi
Amodioaren lehen zurrutadetan erotuta genbiltzanean, ezagutzen hasi
eta lau hilabete eskasetara, hartu genuen elkarrekin bizitzeko asmoa. Batak
besteari begiratu eta aparte ibiltzea zentzugabea zela erabaki eta teilatu
beraren azpian bizitzen jarri ginen. Ohe bakarrean lotan.
Biok beldurtzen gintuen horrek, bai Rita eta bai neu, bietako inor ez
baikinen harlauza lau eta garbi. Bizitzak ibiliak gintuen alde batetik bestera,
batzuetan atseginean, gehienetan zorigaitzean, eta ondo kolpatutako
txalupak ginen, hondoari kateatuta bai, baina nork bere koskak gainean
zituela. Urte batzuk bizirik egin dituen edonori gertatzen zaio hori.
Bizimodu berri horretarako, neure buru gora-beherati honetaz gain, nire
trabarik handiena Hans Lauer zen. Gutxi zekien berak, Stuttgarteko
kartzelako zuloan, nolako oldarrez eragiten zuen gure bikotearengan.
Askotan, present ez dagoenaren zama handiagoa eta indartsuagoa izaten
baita, bertan aurrean dagoenarena baino. Ikusten ez duen sugegorriaren
beldurrez bizi da beti artzaina, bazterren batetik noiz agertuko zain.
Halaxe ibiltzen nintzen neu ere, Ritak eta biok ez baikenuen sekula ere
Hansen arazoaz behar bezala hitzegin eta ez genuen korapilo hura behar
bezala askatzen asmatu. Ez genuen Hansen akordurik estaltzen, berari
buruz hitz egitea ez zitzaigula batere kostatzen ematen zuen baina itxurak
ziren, axalak estaltzen zuen mamia baizik ez. Ni, esaterako, ez nintzaion
sekula ausartu Hans egiazki nola oroitzen zuen galdetzera, haren usain eta
ferekak, haren hitzak, nireen gainetik altzatzen ote ziren oraindik ala,
aitzitik, erabat estaltzen ote zuen Simon Azkue berriak harenganako
sentipen ezti oro. Ez nion galdetu, azken finean, gehien irrikatzen nuena:
haren zuloa betetzeko beste ote nintzen.
Ohartzeke, Hansen gaia gu bion arteko laino xume zegoen bihurtuta Rita
eta bion harremana estaltzeko modukoa ez zen baina diztira kentzen zion
behintzat gure zorionari. Hansi buruz ezin zen lasaiki mintzatu gure etxean,
denok baikenekien han, inori ez ziola mesederik egiten haren aipuak.
Nik Ritari begiratze hutsarekin jakiten nuen noiz igarotzen zen, haize bat
bezala, Hansen infrentzua gu bion artetik. Begiak apalagotu egiten
zitzaizkion Ritari Hans gogora ekartzen zuen bakoitzean: ninietako beltza
grisaskatu eta sekula inori hitzik esan gabe, bazterren bat bilatzen zuen
urjentziaz, malkoen lasaitua sentitzeko. Gertaera horiek ezkutatzen
saiatzen zen hasieran eta kezka handiagoa eragiten zidan guztiontzako
begi bistakoa zen egia estaltzen ibiltze horrek, min, traizio, edo dena delako
sentipen hura neurekin erdibitzen saiatzeak baino.
Emakumeek euren gizonekin izan ohi dituzten kontuetako hamaika
entzutea egokitua zait neure lanbidean baina, gizona naizen aldetik, badakit
emakume baten bihotzeko gorabeherak ulertzen saiatzeak ez duela
deustarako balio. Ibaiko ura joaten entzutea bezalakoa izaten da hori.
Banekien, beraz, ezer handirik ez nezakeela egin, alferrik zela Ritaren
barnean gertatzen zenaren neurriaz jabetu nahi izatea. Hala ere, neure
lekua garbi neuretzat izan zedin nahi nuen. Ritak neuretzakoa izan behar
zuen erabat, neu berarentzat izango nintzen bezala, harreman hura ez
baitzen takian-potian edukitzen den horietakoa.
Rita maite nuen biziki eta hori bainoago, ezin asmatuko nukeen bizitzen
haren auzotasunik gabe, haren hitzik eta ferekarik gabe, haren arnasarik
gabe, haren babesik gabe. Berarekin egoten nintzenean, ez ninduen ezerk
kezkatzen ez eta lehenagoko nire sentipen beltz eta sarri haiek ere.
Beragandik urruntzen nintzen bakoitzean, ostera, noiz itzuliko nintzen zen
nire buruhausterik behinena. Aldendurik egin beharreko orduak edo egunak
aurrez neurtzen nituen, eta kirolari batek frogarako egiten duen bezala,
egiten nuen nik prestaketa, emakume harengandik urrunduta egonda ere
airoso itzultzeko.
Berari ezer esan gabe, eta gure elkarbizitza ez nahastearren, bazterrean
laga nituen neure-neureak nituen zenbait gauza eta ohitura. Horietako
batzuk handiak eta maiteak ziren niretzat, esate baterako, arrantzurako
zaletasuna. Ritarekin bizitzen jarri nintzenetik, ez dut kainaberarik esku
artean berriz eduki. Lupiak eta urreburuak lasai asko dabiltza ni gabe.
Astean behin edo birritan joaten nintzen lehen, hutsik egiteke, arroka
bakartiren batera, edo murru zaharren batera eta hantxe garbitzen nuen
burua, kainaberaren harian baino, beste ezertan pentsatu gabe.
Bazterrean utzitako beste gauzetako batzuk, txikiagoak diruditen arren,
ez dira garrantzi gutxiagokoak. Etxe barruko ohiturak izaten dira horiek,
ohea horrela edo bestera egiteko gutizia, noren arropak non gordetzeko
lekua, liburutegiaren ordenamendua eta, batez ere, komuneko kontuak.
Bat bada horien guztien artean biziki garrantzizkoa eta gaurdaino inongo
gizasemeri aitortzen entzun ez diodana: Ritarekin bizi naizenetik, zutik egin
ordez, komunean eserita egiten dut nik txiza. Emakumeen antzera jarrita,
gizonezkook daukagun abantailari eta erosotasunari egin diot nik uko
horrela, elkarbizitzaren izenean. Ez dut sekula zipriztintzen bazterrik eta hori
gutxi bailitzan, lehortu egiten dut paperez zakilburua. Baliteke, emakumeen
eran jarrita, beste gizonezko guztiek makurtuegi ikustea euren burua, baina
hori eta gehiago merezi zuela Ritak erabaki nuen eta ez dit horrek kolokan
jarri nire gizatasunik. Aitzitik, orain naizen gizon berriaren berezitasun baizik
ez dira bilakatu halako gauza txiki eta handi guztiak. Hemen ere, orain
nagoen ziega estu honetan etxean bezala jokatzen dut, Ritarenganako
ohiturak zaintze aldera.
Zorionekoa nintzen, beraz, azkenean. Hainbeste kostatu eta gero, sari
guztiak neuzkan nirekin: lana, dirua, osasuna, ospea, eta azkenez, bere
altzoan hartzen ninduen bakoitzean, munduan diren izate guztiekin eta,
batez ere, neure buru terral honekin adiskidetzen ninduen emakumea.
Alabaina, gauzak argi nahi nituen nik berak ere nirekin bizi nahi bazuen, zein
leku zeukan Hansek?
— Hansena aspaldi amaituta zagok, schatz, iragana duk hori.
— Zergatik egiten dun negar orduan, haren itzala agertze hutsarekin?
— Horrexegatik, iragana delako, eta izandakoa badenez, noizean behin
bistatu egiten duk akordua. Iragana ez duk ezereza, Simon. Iraganak
gorputza zeukak hik eta nik bezalakoa, eta inork gonbidatu gabe esertzen
duk askotan mahaira, nahi gabetan ere bai. Ez hadi kezka, ordea, nik hi
bakarrik maite haut eta hirekin egin nahi diat hemendik aurrerako guztia.
Hitzak. Emakume hitzak. Halako eta antzerako gauzak maiz entzun arren,
nire kontsolamendua ez zen erabatekoa izaten. Ezin nuen ezer egin zinez
eta horrexek jartzen ninduen sutan: ezer egin ezinak. Ritari sinetsi ala ez
sinetsi, besterik ez. Alabaina, Stuttgartera egin nahi zituen bidaiak ez
eragoztea erabaki nuen. Joan zedila Hansekin hitz egitera eta berarekin
behar bezain luze eta zabal mintzatzeko aholkatu nion. Gauza horiek hitz
egindakoan bakarrik geratzen direla eta argi. Ezetz erantzun zidan, ordea,
ez zeukala Hans sekula gehiago ikusteko asmorik, gutun bat igorri ziola
jada, eta hori esatearekin batera, alde egin zuen nire ondotik bazterren
batera, berriro ere Hansen oroitzapena lasaitzera, seguru asko.
Erabakitako elkarbizitza hartarako, hamaika gauza egin behar izan nuen,
txintik ere atera gabe, eta guztien artean gogorrena, zalantzarik gabe, Hans
Lauer terrorista hari atariko atea betiko ezin itxia. Esan liteke, gure etxean,
hiru edo lau mila kilometrora zegoen batek agintzen zuela gauza eta
gertaera guztietan.
Ezin nuen jakin zer komeni zitzaigun gehiago, Rita behin betiko Hansi agur
esatera joatea ala, besterik gabe, geure artekoa bere horretan bizitzen
jarraitzea.
Bi aukerek zeukaten arriskua. Rita Hans ikustera joaten bazen
Stuttgartera, bazitekeen nireganako guztia kolokan jartzea, berak maite
izandako gizona han barruan ikusitakoan. Beldur hori nik baneukan
behintzat: gizon harekin alderatuta, ni ezdeusa iruditzea Ritari. Bisitak
freskatu egin zezakeen Hansen izaera, eta iragana lotsagabeki eseriko zen
horrela gure mahaira, eta gainera, norbaitenganako pena hurbil egoten da
askotan maitasunetik emakumearen bihotzean, gauza beraren bereiztu
ezinezko bi aldeak bezala.
Ez joanda ostera, bazitekeen Hansekin ondo jokatu ezaren mamua
neurrigabeki handitzea eta azkenean biok, Rita eta ni, deblauki irenstea
gaitz horrek. Gainera Vladimir zegoen tartean, lau urteko mutil azal zuri eta
kaskagorria. Lehenengo hilabetean amonaren etxean geratu behar izan
zuen gaixoak, Ritak ez baitzuen nahi beste trabarik gure harreman
hasiberrian.
— Umea ondo zainduta zagok, hago lasai Simon. Hobe duk horrela. Gero ere
izango duk astia haurra ezagutzeko.
Egunero joaten zen Rita bere amaren etxera, Vladimirren gora beherak
ikustera. Eskolara ere laguntzen zuen beti, eta noiznahi esaten zidan
barkatzeko baina afaltzeko bakarrik, berak semearengana joan beharra
zeukala eta. Hala ibiltzea baino hobe zela edozer esan nion nik azkenean,
eta gurekin jarri zen bizitzen Vladimir, Ritaren urtebetetze egunean bertan,
martxoaren 23an.
Lehenengo egunetan uzkur hurbiltzen zen nigana umea, beti amaren
gona ostean babestuta. Seigarrenerako lortu nuen, hala ere, adiskide
egitea, edo behinik behin lagunak bagina bezala jardutea. Baina gauzak
ziren bezalakoak ziren eta ez norberak desira zituen eran.
Bavariako garagardorik onenak baino germaniar itxura handiagoa zeukan
eta dauka oraindik ere Vladimirrek. Urrutitik ikusten zaio hari nondik duen
jatorria. Orezta eta guzti aurpegian, gure artera agertzen zen bakoitzean,
eskutik hartuta ekartzen zuen Hans Lauerren oroitzapen ia ukitzeko
modukoa. Haren laino xumea euri bihurtzen zen Vladimirrengan iragazten
zenean.
Ezinezkoa zen niretzat aita eta semea bereiztea. Haur gaixoak bere aita
ekartzen zidan parera eta orduan, Ritak haren besoetan ezagututako
gozamenak gaixotzen ninduen, Vladimir dohakabea gorrotatzeraino.
Hala ere, haurrarena lehendik zegoela konponduta esan zidan Ritak
halako batean. Hansek eta berak erabakita zeukaten, Vladimirrek 16 urte
bete arte, semea sekula aitaren bisitan ez eramatea Stuttgartera. Kartzela
zuloak handiagoak izaten dira haurraren adimenarentzat eta inori ez zion
onik egingo semeak aita preso ikusteak. Alabaina, noizean behin eta udako
oporretan, Hansen gurasoekin biziko zen Vladimir, Koloniako etxean. Hansek
ez baitzuen nahi bere semeak Alemaniako berri ez jakiterik eta zeregin hori
onartua zuten eurentzat haurraren aitona-amona alemaniarrek. Horrelaxe
zeukaten ohituta umea, nik ezagutu nuenean.
Egia esan behar bada, ez zitzaidan entzundakoa bidegabea iruditu.
Normala zen Hansek semea berarentzat ere nahi izatea. Horretan bat
netorren berarekin, aitak aita izan behar baitu lehendabizi eta semeak ere
behar du hori jakin, gerora okertu eta aldrebes ibiliko ez bada. Gauza
batzuetan, eredugarri egiten hasi zitzaidan Hans Lauer neuri ere.
Eskaera bat egin nion Ritari: Vladimir izena gordintxoa egiten zitzaidala gu
bizi ginen parajerako, eta ardura ez bazion, lagatzeko haurrari Bladi deitzen
Vladimirren ordez. Farre baino gehiago, algara egin zuen Ritak hori esan
nionean eta musu emanez batera erantzun zidan,
— Zozoa haiz Simon, hori konpon ezak Vladimir berarekin.
Bladi izan zen, beraz, handik aurrera Vladimir niretzat. Bladi, Abadiñoko
santua bezala, eta ez Vladimir, beste Ilitx errusiar boltxebike hura bezala.
Hasieran amorratu egiten zen haurra bere izena mozten nion bakoitzean,
baina zela edo hala lortu nuen azkenerako, bai bera eta bai mundu guztia,
izen berrira ohitzea. Nire aldeko garaipen txiki bat izan zen hura, gaur egun
Ritak, familiakoek eta lagun guztiek deitzen baitiote Bladi, Vladimirri. Leninen
zeukan polboraren ke usain gorria Koloniako aitona-amona germaniarrekin
egoten denean bakarrik edukitzen du Bladik, han Vladimir deitzen baitiote
denek oraindik ere, ahuntz bizardunaren ohoretan. Niri berdin zait hori,
ordea, urrutiko tximistak ez baitu sekula inor itsutu gaurdaino.
Gainerakoan, aspaldi konturatu nintzen Bladirentzat Simon izango naizela
beti. Alferrik ibili nintzela seme deitzen eta horrelako tonto usainetan.
Bladiren aita Hans da, ama Rita den bezalaxe, eta hortik aurrerako antzerki
guztiak alferrikakoak dira, batez ere, haur kaskagor alemaniar batentzat.
Neuretzat ere hobe da horrela, ezinezkoa baita semetzat hartzea
hainbeste buruhauste emandako gizonaren fruitua. Semea baino gehiago,
semena da niretzako Bladi, Hans Lauerrek nire Ritaren barnean zoritxarreko
unean isuritako hazia. Izan bedi, beraz, Bladi gurean eta Vladimir aitaren
lurrean. Izan dadila Kolonian nahi dutena, eta egin bezate ume horretatik
germaniar handi eta gorri bat, nola ardi-esnetik mamia.
Hileta
Esaten dute bi pertsonaren arteko maitasuna hegada laburreko txoria
baizik ez dela izaten. Istant, egun edo hilabete apur batzuen buruan, krask,
apurtzen dela amodioa, harrika kraskatzen den bonbilla bezala, eta gero
kristal apurtu horietan egindako zaurien mina baizik ez dela geratzen
oroitzapenean. Hala izango da gainerako guztientzat, seguru asko. Ez dut
nik hemen ezetzik esango. Ez baitakit, eta ez eta jakin nahi ere, beste
inoren konturik. Geuri gertatutakoa bakarrik ezagutzen dut nik eta hori
guztiz alderantzizkoa da, izan ere, denbora iragan ahala, ateak eta leihoak
zabaldu behar izaten baikenituen gure etxean, Rita eta bion arteko
maitasunaren kausaz.
Baten batek pentsa lezake idatzi berri dudan guztia metafora merke bat
baino ez dela, zela-ahalako idazle hasi berriaren exagerazio neurrigabe bat,
baina ez naiz ni honaino poesia egitera etorritakoa. Nik deskribatzen
dudana gertaera fisikoa da erabat, goitik beheraino fisikoa, plater baten
erdian tomatetan jarritako gibel frijitu zati bat bezain fisikoa eta zehatza.
Askotan gertatzen zitzaigun hori guri, etxean eta elkarren ondoan
geundenean. Hainbestekoa zen sumatzen genuen zoriona, non leiho eta ate
guztiak ireki beharrean aurkitzen baikinen, baita negu gorrienean ere,
zorionez itoko ez baginen bertan, arnasarik gabe geratutako txepetxen
antzera.
Lehendabizi, elkarri begiratzen genion Ritak eta biok, eta ondoren, hitz
gozoren bat edo igurtzi txikiren bat nahikoa izaten zen, etxean zegoen aire
guztia lodiarazteko. Esan liteke aireak laga egiten ziola aire izateari eta
kasik uraren loditasuna hartzen zuela askotan, gu bion arteko zera hark
eraginda. Horregatik zabaldu behar izaten genituen bazterrak, bestela itoko
ginen bertan.
Gertaera errepikatu horren emaitza dira elkarrekin ditugun hiru seme-
alaba ederrak.
Iñaki da lehenengoa, Mendiondo adiskidearen gorazarrezko izena
daukana. Ez dago ondo nik esatea, baina Iñakiren jaiotzarekin sentitu nuen
ni neu neure baitatik baino haruntzagoko animalia nintzela. Nire azal eta
haragietatik, zati batek egin zuela alde, eta nirekin edo ni gabe, ez zegoela
jakiterik ume hartatik zein gizon osatuko zen gerora. Mendian behera
botatako harria zela iruditu zitzaidan gure semea. Bazitekeen behera iritsi
baino lehen mila zatitan apurtzea, edo bazitekeen osorik heltzea. Hori ez
zegoen jakiterik. Inork halakorik jakitekotan, neu nintzen aproposa, ez
alferrik ekartzen bainituen mundura egunean bizpahiru gizaki. Automatikoki
egiten nuen lan hori eta gorrotatu ere egiten nituen, bankari batek bezero
arruntak legez, munduko gauzarik normalena balira bezala gertatzen ziren
erditzeak. Okerka zetozen umeki zailak bakarrik nituen nik gogoko, nire
adimenari apustu egiten ziotenak, eta bereziki, gizaki berriaren hil ala biziko
borroka nire esku geratzen ziren uneak nituen maiteen. Egunerokotasuna
ezustekoaz eteten zuten erditzeak soilik nituen gogoko. Gainerako guztiak,
mekanika huts bihurtu ziren, ez beste ezer, nire lanbidean aurrera egin nuen
ahala.
Alabaina, hamaika aldiz entzunagatik eta norbera beste guztien neurri
horietatik kanporakoa dela pentsatu arren, begiak bete egin zitzaizkidan
pozez eta gatzez Iñaki etortzen ikusi nuenean. Behingoagatik, neuk ere
beste gizon guztien zorionetik edan nezakeela sumatu nuen, eta hortik
aurrera, ez dakit argi adierazten, grazia egin ote zidan ala ez, gertakizun
hark.
Felix jarri genion izena bigarrenari, mutil ederra hau ere baina lehenengoa
ez bezala, belarriengatik ez balitz, erabat amaren ezpalekoa. Ixabel da
hirugarrena eta oraingoz azkena, urtebete ere ez daukan panpina da bera,
hau ere amaren egikerakoa. Egia esan behar bada, bera dut hiruretan
maiteena eta agian horrexegatik izan zait debekatua: bera jaio zenetik
denbora gehiago daroat ziega honetan preso haren alboan baino. Seguru
asko gertaera honexi zor diot, gainera, harenganako mira aparteko honen
hainbesteko handitzea.
Elkarren segidan etorritakoak dira hirurak Bladiri konpainia egitera. Bata
bestearen atzean, bost urtean hiru haur, ezin zuen izan bestela. Batera
bizitzera jarri ginenean argi adierazi baitzidan Ritak, sexu gai horietan neu
izanagatik jakitun, berak ez zuela sekula antisorgailurik hartuko. Horiek,
gizonek emakumeekin pentsatu gabe asmatutako gauzak izaten direla, eta
ezetz eta ezetz, berak ez zeukala gibela testosterona hartzeagatik
hondatzeko asmorik. Alferrik izan ziren azken orduko pilulen alde esan
nizkion guztiak, asko aurreratu zela horretan eta ia batere ondorio
kaltegarririk gabekoak egiten direla orain. Zientzia asko aitzinatu dela
ginekologiaren alorrean. Berak ezetz eta ezetz, sekula eta betiko. Amen.
Rita ezagutzen duen edonork badaki halakoetan ez dagoela berarekin
ezer egiterik. Horrela jartzen denean eta gauza bat tinko sartzen zaionean
buruan, alferrik ibiliko zara jardunean eta gauza guztiei buelta eman nahian.
Betetako zahagian ez da ardo gehiagorik sartzen sekula.
Ritak berak esaten du maiz, gauza gutxi dituela argi buruan baina ez
duela oraingoz besterik behar. Ondo konpontzen dela erabakita
dauzkanekin eta ez ibiltzeko txoro usainetan alferrik. Gauzak diren
bezalakoak direla eta ez dutela zer ikusirik batak edo besteak pentsatzen
duenarekin. Naturaren legeak direla agintzen dutenak eta kontra eginez
gero, azkar edo berandu, beti etortzen dela izarren mendekua nonbaitetik.
Ritak azukrez betetako ur izaten daki askotan. Alferrik saiatuko zara
gehiago nahasten bere baitan. Beteta egoten da, eta kitto, beste guztiak
gainezka egiten du haren adimenetik, gehiegizko aparrak garagardo basotik
behera bezala.
UBGaren fidagarritasunari buruz hitzegin nion orduan, Umetoki Barneko
Gailuari buruz, alegia. Baina hori ere ezetz. Bere gorputzaren barnean ez
zuela onartuko jaiotzez ez zekarren tresna artifizialik, eta umeak edukitzeak
kezkatzen baninduen, hartzeko neuk nahi nituen neurriak baina bera
lagatzeko bake santuan.
— Alferrik ari haiz Simon. Naturan ez duk aurkituko animalia eta abererik
halako lanetan sartzen denik. Hobe huke, garai batean bezala, eurei
begiratzea. Heuk ere zor diok zerbait naturaren azterketari. Nondik atera
huen, bestela, zizareen metodoa?
Niri, ordea, egia guztia esan behar bada, ez zait sekula gustatu kondoia
erabiltzerik. Goxokia plastikoa kendu gabe jatea bezala da hori. Mamia jan
baino lehen, odolosteari hestea erretiratzen diot nik beti. Beraz, gaztetxoen
antzera ibili ginen hasieran, bukatu baino lehen, kilkerra kantatzen
hasterako, zulotik irtenez. Baina hori ere ez zen modua. Alde batetik
estatistikak ederki ezagutzen nituen, eta hala ibiliz gero, erdietan baino
gehiagotan egoten da emakumea ernaltzeko arriskua. Bestetik, ez esan niri
konparatzerik dagoenik maitearen barruan poz ederrean hustutzea, presaka
eta larri hazia non isuri asmatzen ibiltzearekin. Batak ez dauka bestearekin
zer ikusirik. Amets gozoa eta gaiztoaren hainako tartea edukitzen ahal dute
biek, batetik bestera.
Horregatik, eta egia esan behar bada, bai diru aldetik eta bai bestela,
familia aurrera ateratzeko aukera guztiak geurekin genituelako, ez genion
uko egin seme-alabak edukitzeari. Alderantziz, askeago sentitu nintzen
gerta zedina gertatzea erabaki genuen egunetik. Sekula baino gozamen
handiagoaz ibili izan gara biok harrezkero. Hori bai, Ritaren hilekoaren zain
egoten naiz ni, beste ezeren baino gehiago, eta etorri ez zaion bakoitzean
poztu izan naizen bezala, poztu egin izan naiz etorri zaion guztietan.
Luzera begira, gainera, mesede egingo zion Bladiri gure erabakiak: arreta
guztia berari eskaini ordez, ikusminaren zati gero eta txikiagoa zegokion
senide bat jaiotzen zen bakoitzeko. Hala bihurtzen zen niretzat Hans
Lauerren soslaia gero eta sotilagoa, gero eta apalagoa. Inguruan beste
sagarrondo batzuk landatzeak ezkutatzen du lehen bakarrik zegoena.
Esan liteke Ritak eta biok elkarrekin egin dugun haur bakoitzeko,
lehenengo biekin batez ere, hondar gurdikada baten pean estaltzen
genuela Hansen akordua. Lehenago ia egunero ozen eta garden agertzen
zitzaigun mamua bizitzaren lubizian geratzen zen harrapatuta eta erdi
ezkutuan, egunerokoren gertakizunak estalirik. Erraldoia txingurrituta
geratzen zen haur bakoitzaren etorrerarekin. Jaio berriaren gora-beherak
apartak baitira gainerak guztiak ahazteko. Arazo oro haurgintzak estalita
bezala geratzen dira, haurra apur bat hazi, oinez abiatu eta eguneroko
bizitzara makurtu arte, behinik behin.
Orain dela urte t’erdi, ordea, goitik behera aldatu zitzaigun bizimodua. Rita
zazpi hilabetekoa zegoen Ixabelekin, ipurdi-sabelak ederki gizenduta eta
gantza gorputz guztiko azalaren azpira sakabanatuta.
Egunkariak irakurtzen badituzue ederki oroituko zarete Hans Lauer lepotik
zintzilik agertu zela kartzela barnean itota. Komunikabide eta hedabide
guztietako lehen albistea izan zen gertakizun hura, eta Stern aldizkarikoek
funtzionari bati erosi zioten ezkutuko argazki hari esker, betiko geratu zaigu
itsatsita memorian gizon gazte, mardul eta kaskagorri haren gorpua, sokatik
behera dilindan, harategiko arkumeen irudiz.
Hansek argazkian erakusten zuen aurpegiak ez zuen deus adierazten. Ez
pozik, ez izurik, ez beste ezer. Ematen zuen hilda zegoela aspaldi bere
burua urkatzen hasi aurretik. Horiaren horiz argizarian egina zirudien bere
aurpegiak eta ezpainetan behera nabaritzen zitzaion listuzko hari mehe
batengatik izan ezean, txontxongiloa zatekeen era hartan zintzilik ikusita.
Agintariek bere buruaz beste egin zuela esan zuten, eta gainera, benetan
halaxe izan zela jakin dut gerora, baina istilu larriak piztu ziren Alemania
guztian bere hileta egunetan.
Ezkerreko erakundeek kartzela barruan erahil zutela esaten zuten.
Eskubikoek, Estatuari ezin dakiokeela leporatu, frogarik gabe, Estatua bera
auzitan jartzen duen gertaerarik. Batzuei eta besteei, alemaniar orori azken
finean, dozena bat urte lehenago Baader eta Meinhoff-i gertatutakoa etorri
zitzaien berriz ere gogora. Orduan bezala orain, balizko indar beltz baten
inguruko zalantzek eta kezkek biderkatu zuten berez izugarria zen Hansen
gertaera. Gizona urkaturik, sokatik zintzilik, kartzelako isolamendu ziega
batean. Bere buruaz beste eginda edo norbaitek erahila, bazter guztiak
harrotzeko moduko gertaera izan zen hura.
Ezagutzen zuten guztiek ere halaxe zioten, Hansek ez zuela sekula bere
buruaz beste egiteko asmorik aitortu, ez zela bigun horietakoa. Ezinezkoa
zela halakorik gertatu izana sinestea bera bezalako iraultzaile peto bati.
Etsaiari gustu ez emate hutsagatik, halako pentsamenduetatik ihes egiten
zuenetakoa zela hura. Bere buruaz beste egin aurretik, hamaika garbituko
zituela lehenago, alegia.
Astebete iraun zuten liskarrek, eta auto erreketak eta kale kalapitak
nonahi piztu ziren aldi horretan, nola Berlinen bertan, hala Hamburgen,
Frankfurten edota Alemania guztiko hiri jendetsuenetan. Tren bat ere atera
egin zuten protestariek bere bidetik bultzaka, eta ondorioz, pare bat
egunetan egon zen moztuta Alemaniako trenbiderik erabiliena.
Protesta egun haiek, gogora ekarri zioten mundu guztiari, bakea ez dela
izaten lore iraunkorra eta edozein mementutan ager dezakeela gizarte
aztoramenak muturra, bazter guztiak kolokan jartzeraino. Lili hauskorra
izaten dela bakea, haize handia pizten denean.
Lehenengo hegazkina hartu eta han joan ziren Bladi eta Rita Koloniarantz.
Bladik bederatzi urte bete berri zeuzkan eta agur esan behar zion betiko
sekula ikusi gabeko aita ospetsuari. Rita, Ixabel nabarmenki sabelean zuela
joan zen seme zaharrenari laguntzera. Hala esan zidan niri behintzat.
— Han egon behar diat Simon. Derrigorrez joan behar diat. Ez duk
Hansengatik, Bladigatik egin behar diat hau.
Gure bikoteak iragan dituen egunik larrienak izan ziren orduango haiek
niretzat, eta orain oroitzen naizenean ere, gaixotu bezala egiten naiz
orduango minaren akordu hutsarekin: larritu egiten zait barrua, bihotza
azkartu eta adimena ilundu.
Alemania ikaran jarri zen beste edo gehiago jarri zen nire izaera ere
zalantzan egun haietan. Nire zoriona, Ritaren poxpolurik gabe, deustarako
balio ez zuen argizari alferrikakoa zen. Gorririk bezala geratu nintzen Ritaren
bat-bateko urruntzearekin, gorririk eta elbarri mundu guztiaren aurrean.
Pauso bakar bat emateko ere gauza ez nintzela.
Hileta baino lehenagoko egunetan gure etxeko telefonoa ez zen istant
batean isildu. Nik alemanieraz ez dut tutik ulertzen, baina Ritak bai, dozena
bat dei baino gehiago jaso zituen albistearen berri jakin zen egunean
bertan. Lagun zaharrak ei ziren gehienak, eta oharkabean, Hansen
heriotzearen tristurari, iragandako gazte denboren mina gehitu zioten dei
haiek Ritaren baitari. Hans hiltzearekin, aldi bat ere joan zitzaion Ritari ihesi.
Tinko sumatu nuen, hala ere, emaztea. Itxura batean bai behintzat.
— Amari esango zioat gurera etortzeko. Ez haut bi haurrekin bakarrik
lagako.
— Hori gutxienekoa dun Rita. Baina zer egingo dinat nik egun hauetan hi
gabe? Utz iezadan Koloniara laguntzen.
— Ez eta pentsatu ere. Han traba baizik ez haiz izango niretzat, ez duk
jendea ezagutzen. Hizkuntza eta lekuak ere ez. Gainera hobe duk Bladi hi
gabe agertzea hara.
Aireportura lagundu eta ama-semeak hegazkinean sartzen ikusi nituenean,
ezerezak irentsi zidan barrena. Neure baitara lotzen ninduten lokarri eta
tinkarri guztiak han joan ziren hegaka, DC9 berri baten barnean eserita.
Kolokan baino gehiago, esan dezaket geratu nintzela luma bat haizetan
bezala, non erori asmatu ezinda eta gainera, larrituta, aztoratuta eta guztiz
izututa. Gizona bainoago, nirudien tximino txiki bat, aireportuko leiharretatik
haruntz begiak jarrita.
Lehenengo aldia zen ia bost urtetan emakume haren auzotasunik gabe
geratzen nintzela, eta etxean utzitako bi haurrak amarik gabe ikustea
huskeria iruditu zitzaidan niri gertatzen zitzaidan umezurztasunarekin
alderatuta. Ni ezer gabe geratzen bainintzen Ritaren urruntasuna zela
medio, arnasarik ere gabe. Niretzat bizitza, bere aldapa, zailtasun eta
atsegin guztiekin, urpean gertatzen den kontua baita eta Rita da nire
biriketara airea eramaten dakien bakarra munduan. Ito egingo nintzen
Ritarik gabe, neure ganora ezaren saldatan, une batetik bestera.
Hilda egon arren, Hans Lauerrek irabazi egin zuen beste behin ere gure
arteko borroka ezkutua. Bere hileta egunek iraun bitartean banekien Rita
oroitu ere ez zela egingo nitaz Alemaniako gertakizunetan katramilatuta.
Bakarrik sentitu nintzen, zeharo isolatuta mundutik. Herren eta ezgai
zernahitarako. Banekien Rita falta bitartean, beste ezertara ezingo zuela
jarri nire adimenak, ez lanera, ez eta ere zain neuzkan bi seme
koskorrengana ere. Ezgauza nintzen ni erabat ezertarako, gurpilik gabeko
gurdi alferrik galdu bat.
Aireportutik etxera bidean nindoala, egun gutxi batzuetako kontua izango
zela pentsatu nuen. Gizon heldua nintzela eta nonbaitetik atera behar nuela
aurrera jarraitzeko adorea. Ustekabean baina, aspaldian edukitzen nituen
bezalako pentsamendu eta gogoeta beltzek agertu zuten muturra nire
garondoko ertz guztietatik. Ritak utzitako eremu ezereza primerakoa zen
euren ezkortasunik ilunenaz harroki lora zitezen. Aski sendatu gabe
nengoela, neure buruaren beldurrez jarraitzen nuela konturatu nintzen
orduan. Emakume haren ondoan egindako denbora izan ezik, gainerako
gauza guztiek lehengoan jarraitzen zutela, alegia, nire baitan. Betiko gizona
nintzen Ritarik gabe geratutakoan, betiko gizon terral eta badaezpadakoa.
Albistegi guztietan agertu ziren Hansen hiletaren irudiak. Itzela izan zen
bertara bildutako jende mordoa. Gehienek oliba koloreko jakeak zituzten
soinean edo, bestela, larru beltzekoak. Emakume askok, zapi urdinak,
gorriak edo kapelu kolorezkoak zeramatzaten buruan. Gizonetako gehienek
bizarra eta gure parajeetarako orrazkera exotikoak direnak zeramatzaten,
kolore biziz margotuak. Banderak ere gorriak eta beltzak ziren gehienak
baina ikurrina handi bat ere agertu zen bazter batetik. Ritaren lagunen bat
izango zen, seguru asko, hura zeramana. Inguruan poliziaren furgonetak
ageri ziren hilerriaren sarreran eta hirurogeiren bat polizia, kasko eta guzti
jantziak.
Lehenengo iladan, zazpi-zortzi lagun agertzen ziren nabarmen
kanposantu zibileko ehorzketan eta alde guztietatik botatzen zituzten lore
gorrien artean. Lau, Hansen anaia-arrebak edo koinatak izango ziren,
senitartekoak behinik behin. Beste hirurak ederki ezagutzen nituen: Hansen
aita Gunter, Bladiren udako argazkietatik ezagutzen nuena, umea eskutik
oratuta zuela ageri zen. Bladi bera bigarrena, izu aurpegiz hornituta eta Rita
hirugarrena, zapi zuri bat buruan eta betaurreko beltzak jantzita. Bladiren
amona falta zen doluan.
Irudietan Ritari mikrofono bat hurbildu zioten kazetariek baina berak
ezezko imintzioak egin zituen, ez zuela ezer esan nahi erakutsi zuen
nabarmen. Hala ere, zerbait esan arte ez zuten bakean utzi kazetariek.
Gure albistegietan ez zituzten, ordea, bere esanak itzuli eta Ritak
adierazitakoa ulertu gabe geratu nintzen. Hala ere, bera ezaguturik, ziur
naiz, Hansenganako gorazarre hitzak izan zirela berak esanikoak. Haren
oroitzapena ez zela hain errazki lurperatuko, esan zuela, alegia. Ez zuela
sinesten Hansek bere buruaz beste egin zuenik eta estatu kapitalista
zapaltzailea zela gertaturikoaren erantzule bakarra.
Nire alboan zegoen eserita Benita, Ritaren ama, ni bezalaxe albistegiei
begira. Bere begietan negarrik ez egiteko ahaleginaren zantzua nabaritu
nuen nabarmen. Bera izan zen Iñakiri eta Felixi erantzun ziena, ama non
zegoen galdetu zutenean,
— Amatxo Bladirekin joan da oporretara, baina hiru egun barru, igandean,
hemen izango da.
Hiru egun eta hiru gau. Denbora luze ikaragarria. Hiru egun oso Ritarik gabe.
Eta okerragoa zena: gertaerek irentsita, nitaz oroitu ere egin gabe ibiliko
zen Rita. Hiru gau eta egun Hansen parajeetan. Hansen herrian, Hansen
lagunekin, Hansen etxean, eta agian, garai batean Hansekin ezagutu zuen
ohe berberean lotan. Gehiegi zen niretzat.
Gaueko albistegien ostean, zoratu baino lehen, ohera joatea erabaki
nuen, baina han, izarape bukagaitz hartan, bakardadearen mamu galanta
zegoen kizkurturik eta irentsi egin ninduen, zurp, urreburuak zizarea bezala.
Bere tripetatik ihes egin ezinda eman nuen gau guztia izerditan eta
maindire artean galduta. Goizeko lehen argiak iristerako, erabakita neukan
erotzen hala jarraitu baino lehen, hobe nuela neuk hartzea gertaera guztiei
aurrea, berandu baino lehen, eta hobe nuela egoera hartatik behingoz
irteteko erabaki beharrekoa erabakitzea. Eta egin beharrekoa lehenbailehen
egitea. Itoko nintzen bestela, nola ur handitan sagua.
Baionako katedrala
Erabaki nuen bai, ataka negargarri hartatik irteteko erabaki beharrekoa:
Baionako katedrala lehertaraziko nuen. Bere hormatzar eta atrioa, kanpaiak,
urrezko aldarea, organoa eta tontorraren punta. Denak birrinduko nituen
eta lagako nituen lurrarekin berdinduta. Harria hautsaren menpera
makurtuko nuen jaungoiko txiki baten ahalmenarekin. Eztanda Parisetik ere
entzungo zen eta hango kea ikusiko zen ilargitik bertatik. Bertikalak
ezagutuko zuen azkenerako deskantsua, harri bat bestearen ondoan,
denak lurraren horizontalaren gainean etzandakoan. Zutinaren tentsio
bertikalari gaindituko zitzaion etzandakoaren bakea.
Zergatik ez iezadazue galdetu, baina horixe izan zen nire erabaki irmoa.
Kosta ahala kosta, Baionako katedrala desagertu egingo zen bere lekutik,
eta harenak izandako oinarrietan hartuko zuen leku nire gizatasunaren
oroitzapenak, gaztelu garden baten antzera.
Harriaren betidaniko lekua hartuko zuen gizon honen saminaren
akorduak.
Denek jakingo zuten Simon Azkue ez dela ergela, eta zizareen bizimodua
ezagutzeaz gain, gogoak hala agintzen dionean, inork ez bezala dakiela
berak antolatzen jaialdi piroteknikoa, triskantza eta dena dardarka
jartzerainoko lurrikara. Denek jakingo zuten egunen batean, maitasunak eta
amodioak ez duela inongo garaitan ezagutu oroitarri handiagorik Baionako
katedral makurtarazia baino. Nik etzandakoak ezkutatuko zuen betirako
Verona eta erakutsiko zuen, beste ezerk ez bezala, zein izan daitekeen
handia benetako gizonezkoaren bihotza.
Denbora eduki dut, astia frango ziega bakarti honetan, erabaki hura
ganoraz eta patxadaz aztertu ahal izateko. Batek baino gehiagok esan izan
du ero batena behar zuela izan derrigorrez halako irtenbide gordinak.
Baliteke. Zuen guztion gezur horretatik aldentzen nauen lurraldeak har
baititzake nahi beste izen. Zergatik ez da, bada, erokeria izango nik
hautatutakoa. Dei iezaiozue nahi bezala, gizon honek bere benetako baita
baretzeko hartutako bideari. Dei iezadazue ero, dei iezadazue hiltzaile,
terrorista, zorigaiztoko eta nahi duzuen guztia. Bost axola niri, neu zuen
eguneroko absurdotik nagoen bezain urruti baitzaudete zuek nire oraingo
zorion tinko honetatik. Ez didazue esaten ahal niri neure buruaren berri.
Baionako Katedrala lehertzeko erabakia hartutako egunetik, beste ezerk
ez zidan aldatu ahal izan aldartea. Ez eta Rita eta Bladiren itzulerak berak
ere. Hegazkinetik jaisten ikusi nituenerako banekien beste edozein unetan
joan zitezkeela berriro, ni bakarrik utzita, eta harrigarriro gogortuta ikusi
nuen neure burua, Katedrala suntsitzeko erabaki hark elikatuta. Rita
ezagutu nuenetik eginda nengoen gizon berriari, tasun berri bat gehitu nion
horrela borobilduz erabat nire baitak eman eta nahi zuen guztia.
Ez zegoen beste irtenbiderik erabakitakoa lehenbailehen betetzea baino.
Neuk behar nuen eduki lehendabizi Simon Azkuerengan segurantza, eta
jakin egin behar nuen gai nintzela Hansen itzala betirako hondoratzeko
Katedralaren zuztarretan. Haren hondarren gainean haziko nintzen ni
erraldoi galant, eta egingo nintzen bakar Ritaren bihotzean, Hansen akordua
geratuko zen betiko nire balentriak irentsirik, nola zapuak eulia.
Bidean
Nire xedearen ondotik, abenduaren lehenean, Joxe Elosegiri deitu nion
Parisa. Bera da gure laboratorioa azken hamar urteotan gai, tresna eta
gailuz hornitu duen morroia. Txapela eta kaiku urdinberde batez jantzita
ibiltzen omen da beti kalean, eta kurdua, palestinarra edo, besterik gabe,
pailazoa dela pentsatzen dute berarekin kalean gurutzatzen diren
paristarrek. Nazionalista zahar horietakoa da Joxe Elosegi, Luis Marianoren
Maitechu mía entzuten duenean orgasmora iristen dakienetakoa. Txoro osti
bat, Bilboko kaleak txakolindegiz josita jarraitzen dutela pentsatzen duten
horietakoa.
Gauza guztien neurria, Gernikako Arbolan du berak. Igoal esango dizu
Gernikako Arbola baino handiagoa den kamioi bat erosi duela berrikitan, edo
Gernikako Arbola bera sartzen dela euren etxeko egongelan. Bere zakila
ere, Gernikako Arbola bezain zutina omen dabil oraindik.
Euskaldunetik txapela eta kaikuaz gain ezer gutxi dauka baina berak,
kontrabandista arima zaharra izan ezean. Bere bitartez lortzen ditugu
laboratorioan behar ditugun guztiak, eta beste inon baino aukera hobean
gainera. Berak bakarrik jakingo du nondik lortzen dituen horiek guztiak.
Indurainek Tourra irabazi zuen bigarren urtean, Les Champs Elyseésera
joan zen azken etapa nola amaitzen zen ikustera. Egun batzuk lehenago lau
metroko ikurrin handi bat hartu eta jostunarengana joan zen, goitik
beherako arropa egin ziezaion eskatzera. Indurain podiumera igo zenean,
han ibili zen Joxe Elosegi, denok lotsarazten: bere prakak ikurrinaz eginak
ziren, xakea ere bai. Buruan, beti bezala, txapela zeraman, hau ere
ikurrinaren oihalez forratuta, eta oinetan artilezko galtzerdiak eta goma
beltzezko abarkak, Azpeitian egiten dituzten horietakoak. Ahoan, Zeledonek
adinako zigarro purua eta eskuan beste ikurrin handi bat, “Indurain
Lehendakari” idatzita zeramana letra ikusgarritan. Euskal Telebistako
irudietan behin eta berriz erakutsi zuten Joxe Elosegi, euskal zaletuaren
paradigma bailitzan.
Bero egin zuen, ordea, egun hartan Parisen eta Joxe Elosegik ospitaleko
larrialdietarako lekuan amaitu zuen, bi oinak abarken barruan erregosirik eta
pauso bakar bat gehiago eman ezinda. Hilabete behar izan zuen ospitalean
egindako pitzatuetako zorneak sendatzeko. Azpeitiko abarkagileek ez dute
ezagutzen, antza, Pariseko asfaltuaren berotasunik udako eguzkiak
kiskaltzen duenean.
Gerra garaian eraman zuten Elosegi eskutik Parisa ihesi joandako guraso
lesakarrek. Muga maleta txiki baten barnean pasatu zuela kontatzen dio
edonori, eta baliteke egia izatea, askoz gehiago ez baitu betetzen bere
gorputz ñañarrak oraindik ere. Rohn Poulenc etxeko gaiak banatzen zituela
eta hurbildu zen guregana, eta, egia, berak lortuko ez dizun gairik edo
gailurik ez da oraindik sortu munduan.
Hala ere, egia esan dezadan, Katedrala ipurdiz gora botatzeko lain
leherkariren eskaera egin nionean, erotu egin ote nintzen galdegin zidan
telefonotik harrituta.
— Zertarako behar dituk hik hamazazpi kilo T8 eta bost litro kloratita? Eiffel
Dorrea bidali nahi duk ilargira ala?
Eiffel Dorrea ere ez zela niretzat helburu txarra izanen pentsatu nuen une
batez. Entzute haundiagoa izango nuen mundu guztian gainera. Baina ez,
erabakia hartuta zegoen eta nire inguruko etxerik garaiena, Baionako
Katedrala izango zen nire helburua. Zalantzarik ez neukan horretan.
Garai bateko jentilek ere horrexetan egin zuten ahalegina. Aiako Harriari
zatiak kendu eta handixek bota zituzten Katedralaren kontra.
Jaurtitakoetatik bi Hendaiako hondartzan geratu dira ahalegin haren lekuko,
gertatzen den guztiaren zaindariak bailiran. Donbak dira, beste batzuk
Donbarriak edo Bixkiak deitzen dituzten bi harritzar ikaragarri bezain eder
horiek.
Jentilek ez bezala, nik ez nuen hutsik egingo baina, eta Baionako
Katedrala botako nuen hankaz gora, marmolezko bere santu, ama birjina
eta aingeru zuri guztiak barnean zituela.
— Beste zerbait asmatzen niabilek —erantzun nion Elosegiri, gezurrik esan
gabe egiarik esan ezinda— Laborategikoek ez ditek, gainera, honen berri
sekula izan behar. Dena ongi ateratzen baduk, jakingo ditek haiek ere jakin
beharrekoa.
Telefonoaren beste aldean mutu geratu zen Elosegi, eta seguru asko,
txapela okertuko zitzaion hainbeste urte atzeragotik ezagutzen zuen Azkue
doktoreak zer izkutaturen bat bazeukala pentsatutakoan. Agian ETAko
mutilentzat leherkaria erosten nenbilela irudituko zitzaion, eta hori, beti
atzerrian bizi izan den bera bezalako herrimindu batentzat ez da sekula
hainbesteko hobena izan, antza.
— Heuk etorri beharko duk Parisa materialaren bila, hori ez zagok eta postaz
bidaltzerik. Lortu ere ez zakiat non lortu hainbeste T8. Kloratita ez duk
hainbesteko kezka. Etor hadi autoarekin datorren astean, ordurako
pentsatuko diat zer edo zer.
Telefonoa isekitzean egindako klik hura izan zen niretzat irteeraren seinalea,
auto karreretan jaisten duten banderaren antzekoa. Abiatua nintzen jada
betirako askatuko ninduen bekatuan. Ordura arte pentsamendu soila izan
zena martxan zen, eta zorabio ernagarri baten menera geratu nintzen
kulunkan, haizetan dabilen kalatxoriaren antzera.
Parisa zertara nindoan ere ez zidan galdegin Ritak. Ohituta zegoen nire
joan-etorrietara, kongresu, mintegi eta hitzaldietara. Autoa neronek behar
nuela esan nionean bakarrik hasi zitzaidan galdezka eta erreparoka.
— Eta nik? Nola mugitu behar diat nik hiru haur eta sabel handi honekin?
Bizikletan?
Ez kezkatzeko esan nion, laboratorioan eskatuko nuela automobilen bat.
Esan eta egin, Mendiondok utzi zidan berea, emaztearenarekin konponduko
zela esanez. Ez zen hura lehenengo aldia Inazio halatsu portatzen zena
nirekin. Beste behin, neskalagun baten aitzakian, Jakan zuten etxea
lagatzeko eskatu nion, eta laga ez ezik, mesede hori niri egin ahal izanaz
poztu egiten zela aitortu zidan.
— Besteren bat balitz, pentsatu egingo nikek adiskidea. Hiri nola esan ezetz,
ordea? Heuri laguntzeko aukerarekin poztu egiten nauk benetan. Behar duk,
bai, hik arnasbiderik. Lana baizik ez duk egiten laboratorio ero honetan.
Beste gauza bat ere esango diat: sukaldeko arazaren azpian, jaso ezak
beheko ohola eta ikusiko duk nire afizioetako bat. Har ezak handik nahi
duana eta edan gure adiskidantzaren izenean.
Ez naiz oroitzen zein neska-lagunekin joan nintzen Jakara, baliteke Nati
izeneko batekin izatea, edo bestela Maribelekin. Ez dakit ziur, baina ahazten
ez ditudanak Chateau Saint Emillion eta Tinto Pesquera bat dira, biak
87koak. Horiexek edan genituen Jakako hartan Mendiondoren ohoretan eta
geure mesedetan.
Nora nindoanik ere ez zidan galdetu Mendiondok autoa eskatutakoan eta
gezurra asmatzera derrigortu nuen nire burua halako adiskideari zerbait zor
zitzaiola erabakiz batera. Gosetu baino lehen janez gero, gutxiago behar
izaten da asetzeko. Leon-a nindoala esan nion, astebeterako. Hango lagun
baten landetxera, patxada bila.
— Orain ere izango duk zomorro horrek gona konturen bat —erantzun
zidan— Hago lasai, isilik gordeko diat eta.
Ez ezetzik eta ez baietzik, mutu geratu nintzaion. Halakoak gertatzen
zaizkigu egia baizik esaten ez dakigunoi. Ezagutuko ez bada, hari guztiak
ondo lotuta behar ditu beti eduki gezurrak, eta hala, bi gauzak eraman
ninduten Mendiondori Parisa nindoala esan ordez, Leona joango nintzela
esatera: bata, gure aireportuetatik Leonako hegaldirik ez dagoelako
oraindik, horregatik autoaren beharra, eta, bestea, harako joan-etorriak eta
Parisakoak, antzerako kopurua markatuko zutelako markagailuan, astebete
barru Mendiondori autoa bueltatzen nionean.
Batzuetan edozein gezur besterik gabe jaurtitzeko abilezia nahi nuke
neuretzat, dutxa azpian txistuka aritzea bezain erraza izatea, baina, ez zait
halako mesederik eman jaiotzez. Artista behar du izan gezurteroak. Egia
esateko jaioa naiz ni, zozoa marraskiloak jateko sortua den bezalatsu. Ez
eman hari karramarrorik alferrik. Jira eta buelta ibiliko du mokoan, ezkurra
bailitzan gora eta behera, zer egin asmatu ezinda. Arakatuko dizkio gibel eta
sabelak baina ez du jango, ez behintzat, beste inor begira ez dagoela
ziurtatu gaberik.
Halaxe ibiltzen naiz neu ere, zozoaren antzera, gezurrik txepetxena esan
behar dudan bakoitzean, inork gezurretan ez nauela harrapatuko
ziurtatzen.
Bost gauerako erreserba egiteko eskatu nion idazkariari Franctour
Chateau Landon izeneko hotelean. Hiru alditan egona nintzen han lehenago
ere, eta behar nuena bezalako aterpea zen hura: berria, garbia, merkea eta
munduko beste edozein hotel bezain ganoragabea.
Atarian, izen bereko metro sarrera dauka, autoa aparkatu eta Parisen
metroz mugituko nintzen, beraz, trafikoaren zurrunbiloan erotzen ibili gabe.
Behar izatekotan, taxiak ere eskura daude nonahi Parisen.
Urteak neramatzan, hamabost baino gehiago, Parisa autoz joan gabe.
Azken aldietan beti hartu izan nuen hegazkina Miarritzen. Ez dago halakorik
munduan: sartzen zara abioian eta ordubetean Orlyn zaude, egunkaria
irakurtzeko astirik ere gabe. Lagun batekin kafea hartzeko behar duzun
denbora berean Parisaino joan zintezkeela pentsatze hutsak, adiskidetu
egiten nau bizitzea egokitu zaigun mende aurreratu honekin.
Autoz, ordea, luze egiten da. Luze oso. Frantziako lautadaren gaitza da
hori: behin gure herria atzean lagatakoan, ez mendirik, ez bihurgunerik, ez
ezer.
Bordelera iritsi baino lehen, hasia nintzen bolantean aspertzen. Mundu
guztiari egin nion dei altzoan neraman telefono mugikorretik. Lehenik Ritari,
ondoren Mendiondori eta azkenez, Parisen bizi den aspaldiko lagun bati
deitzea otu zitzaidan. Louise Orthez zen bera, sei-zazpi urtean ikusi gabe
neukan emakume aparta. Ez nuen uste etxean harrapatuko nuenik baina
hantxe zegoen, bere ahots beroarekin.
— Je suis tres heureuse de t’entendre Simon. Tout va bien?8
Oui Ça va9, erantzun ondoren, astebete egingo nuela Parisen esan nion. Ez
zidan utzi beste aukerarik: bere etxean egongo nintzen Pariseko egun
haietan, gainerakoan akabo gure lagunartea. Ez zion axola hotela
hitzemanda banuen eta ez zion ardura nik bestela nahiago izateak. Rou del
Sarte 7 bigarrena ezkerrean, hantxe aurkituko nuen etxea, Porte de
Clignancourt inguruan. Atearen klabe zenbakia 4723. Iristen nintzenean
bera ez bazegoen, portzelanazko katu baten irudiaren azpian aurkituko
nuen giltza. Irrikitan omen zegoen bere bihotzeko ginekologoa eta laguna
berriz ikusteko. Dena eginda zegoen, beraz.
Louise ezagutu nuen garai hartan Donostian egiten nuen lan eta
Zinemaldira etorria zela ezagutu nuen, 1989 urteko Irailaren egun batean.
Nire kontsultan agertu zen, hiriburuan frantsesa nekien ginekologo
bakarretakoa nintzela esan baitzion baten batek. Andre ederra da Louise,
emakumeentzako aldizkarietan agertzen den horietakoa: argala, luzea eta
dotorea.
Nik ezagutu nuenean, hala ere, gertakarien zalantzak umilduta zetorren.
Haurdun ote zegoen jakin nahi zuen, horrexen kezkak irentsita baitzeraman
azken denboraldia. Inola ere ez zuen haur bat egiterik nahi. Lehenago beste
edozer.
— Vous n’etes pas pregnant10— erantzun nion, azterketa amaitu bezain
azkar.
Emakumearen begiek beste argi bat erakutsi zuten orduan eta arropak bere
lekuan jarri bezain azkar, besarkada gozo batean bildu ninduen, emandako
albistea eskertzeko.
— Merci docteur. Merci vraiement merci11.
Sekula ez zen nire bezerorik hala portatu, eta nola jokatu asmatu ezinda
geratu nintzen emakume eder hura lepotik zintzilikatu zitzaidanean. Bera
ere ohartu zen nire estuasunaz eta gertatzen zitzaiona kondatu zidan
orduan.
Pariskoa bertakoa zen Louise, familia on bateko alaba. Bere aita, aitona
eta birraitona, bi neba ere bai, diplomatikoak ziren. Frantzian haut
fonctionnairel2 izenaz ezagutzen diren horietakoak. Bera, ostera, modelo
lanetan ibiltzen zen, nahiz eta, berez, Arte Dramatikoak ikasitakoa izan
ikasketaz. Ez zen baina lan handirik egoten bera bezalako antzezle beltz
batentzat. Bel-beltza ez baina kafesnearen ilun kolorekoa baitzen Louiseren
azala, eta Frantzian ez dago lan handirik halako emakume batentzat.
Errepartoko lan bat edo beste noizbehinka, ez gehiagorik. Sekula ere ez
protagonista lanik. Horregatik onartzen zituen pasareletako lanak etsipenez,
beste batzuentzat amets izan zitekeena, zoritxarra baitzen berarentzat.
Hala ere, ez zen hori gertatzen zitzaion gauzarik txarrena. Bazeukan
beste zerbait, bere bizitza guztia zapuztu ziona: belztasuna bera.
Bere senide guztiak zuriak ziren. Aita, ama, ahizpak eta nebak, denak.
Aitonak eta amonak ere zuriak zituen. Lehengusu, osabaizeba eta lagunak.
Denak zuriak. Zurientzako auzo batean jaioa zen, Saint Germain de Prés-en,
Pariseko lekurik ederrenetako batean. Berak ere zuritzat zeukan bere burua
baina ispiluak ez zion halakorik sekula erantzuten. Bere burua ikusten zuen
bakoitzean, ezin eramana sortzen omen zitzaion bere azalaren kolorearekin.
— Pentsa ezazu zerori joaten zarela ispilura eta zeure buruan ez dagoen
kolore batekoa duzula aurpegia. Eman dezagun, txinatarra zarela ikusten
duzula ispiluan. Izugarria da hori edonorentzat.
Nola gerta ote zitekeen halako zerbait galdegin nion nik orduan, eta
Mendelen legeak ekarri zizkidan gogora: ilar zimurren legeak. Bere
birraitonak Senegalen edukitako emakume baten ondorengoetakoa ei zen
bera, familiako beste guztiak bezala. Bi belaunalditan, ordea, ez zen
belztasuna inondik agertu eta ahaztua zeukaten arbaso senegaldarraren
oroitzapena. Bera jaio zenean ibilera kolonial guztien ordaina egokitu omen
zitzaion berari, Louiseri, eta hazten joan zen arabera, gero eta argiago ikusi
ei zuen ardi beltza zela bera, artalde zurian.
Louisek esan zidanez, beltzen arteko beltza, bere lekuan egoten da beti
eta badaki nor den beltz eta nor den zuri. Egoera orotan nola jokatu ikasten
du txikitandik. Bera, ordea, aldrebeseko lekuan zegoen jaiotze une beretik,
birigarroaren habian jaiotako kukua bezala edo alderantziz. Amaren begiak
ere haur zenetik gogoratzen zituen ederki gorrituta berari beha geratzen
zitzaion bakoitzean. Nork esan behar zion bere amari, Frantziako Lecomte
leinukoen emazte bikain hari, alaba beltz batez erdituko zenik noizbait? Nork
asmatuko zuen gaiztakeria handiagorik? Nola jakin behar zuen berak Orthez
diplomatikoen kastako hazitik horrenbesteko mendekua etorriko zitzaionik?
Louiseri begiak busti zitzaizkion bere sendikoak ezer gertatu ez balitz
bezala jokatzen saiatzen zirela esan zidanean. Zurien eskoletara bidali
zutela esan zidan, gainerako anaia-arrebek bezalako heziketa eman ziotela
berari ere, zuriena, alegia, baina inork ezin dezakeela irudikatu ere egin zer
izan daitekeen hori bera bezala azala beltz eta arima zuri daukan emakume
batentzat. Leku guztietako beltz bakarra izan zela bera beti eta beltzen
artean ibili izan zenean noizbait, arrotz egiten zitzaizkiola guztiak bere
adimen zuriari.
Anekdotetatik libratu egingo ninduela esan zidan gero, baina ulertu egin
behar nuela haurdun ez zegoela jakitearekin batera piztutako bere poza:
irmo erabakita zeukan berak ez zuela
sekula umerik egingo. Eta berriro besarkatu ninduen, emandako albistea
eskertu nahian.
Ez nion kontsultarik kobratu. Dotore jokatu nahi nuen halako
emakumearekin eta dotorea egiten zitzaidan nire esku zegoen gauza bakar
hartan eskuzabal agertzea.
Handik aurrera, Donostiara etorri zen laupabost aldietan egin zidan bisita
Louisek eta beti izaten genuen tarteren bat, inguruak ezagutu eta aparteko
lekuren batean afariren bat egiteko. Egia esan behar bada, Ritaz gain,
Louise izan da nik ezagutu dudan emakumerik bikainena baina ez nintzen
sekula, hala ere, kosk egiten saiatu, sagar haren osotasuna bere hartan
gustatzen baitzait niri, batere mailaturik gabe. Uste dut, gainera,
horrexegatik naukala estima handitan oraindik ere Louisek: hain emakume
ederra izanik, liztorrik ez zaio sekula faltatu inguruan. Robert de Niro
berarekin ere ikusi nuen behin aldizkari bateko argazkietan, Canneseko
Martinezen terrazan.
Izan zedila, bada, Jainkoak nahi zuena. Louiseren etxean igaroko nuen
Pariseko egonaldia baina horregatik ez nion Chateau Landon hoteleko nire
gelari uko egingo. Agian haren beharra edukiko nuen Elosegirekin biltzeko
edo nik ba al dakit, bada, zertarako. Hotelera joango nintzen, beraz,
Louiseren etxera hurbildu baino lehen, nire gela baieztatzera.
Parisa iristeko berrehunen bat kilometro falta zirela, izotza agertu zen
errepidean eta gendarmeek polikiago joateko egiten zuten keinu
autopistaren ertzetatik. Joxe Elosegiri deitzea deliberatu nuen, T8a inguratu
ote zuen jakiteko eta harriturik geratu nintzen nik T8a aipatzen nuen
bakoitzean berak nola esaten zidan ez esateko halakorik telefonotik,
edonork entzun zezakeela eta. “Zera hori” lor zezakeen pertsona baten
berri bazeukala esan zidan azkenik Elosegik, biharamonean, arratsaldeko
zortziretan hitzordua geneukala berarekin “Caveau de la Huchette” izeneko
ostatu batean. Rue de la Huchette 5ean, Saint Michelgo auzoan. Gauzak
prestatzeko pare bat ordu lehenago, bildu beharko nuela berarekin ere esan
zidan. Bostetan geratu ginen, beraz, Montparnasseko geltokiaren sarrera
nagusian.
Elosegi erabateko txotxoloa zela hobetsi nuen berriro neure baitan.
Telebista gehiegi ikusten zuen zalantzarik gabe, telefonotik hainbesteko
zuhurtziarekin jokatzen ibiltzeko. “Zera hori” gora eta “zera hori” behera.
Nor egongo zen, bada, guk esandakoak entzuten? Beste zer egin hoberik ez
zuten eukiko Frantzia guztiko poliziek geuri entzutea baino. Eta gainera,
entzungo baligute ere, zer? Fitsik ez zuketen ulertzen ahal, ez behinik behin
Garazi aldeko putasemeren bat euren artean euki gaberik.
Uste baino errazago iritsi nintzen hotelera eta bertako parkingean sartu
nuen Mendiondoren Ford Mondeo berdea. Auto azkarra eta erosoa, gure
Renault Space zaharkituaren aldean.
Harreragunean paperak bete ostean, irten egin nintzen hoteletik gela
ikustera ere joan gabe. Ez neukan ikusi beharrik. Mundu guztiko hotel
guztietako gela guztiak berdinak izaten dira Franctour Chateau Landonen
mailakoetan: sartu eta ezkerrera edo eskuinera, bainugela egoten da;
handik gelarako bidean, armairu bat hiruzpalu pertxa kateaturekin; gelan bi
ohe, hiru aulki eta mahai bat telebistarekin; hozkailu txiki bat eta barnean,
botila are txikiagoak vodka eta wiskyz beteta; hormetan hiru lauki abstrakto
kaskar edo, gehienez ere, lekuan lekuko paisaia azkarren bat, akuarelaz
egina jeneralean; leihoan bi pare gortina: batzuk argia iragaiten uzten
dutenak eta besteak lodiagoak, antzokietako oihalez eginak diruditenak;
leihotik beste leiho batzuk ikusten dira eta haien barnekaldean, gela
klonatuak daude, ehunka, eta euren leihoetatik nire gelaren leihoa ikusten
da neuretik eurena bezala. Hori da dena.
Porte de Clignancour-a hartu nuen metroa. Gaua ederki sartua zegoen
baina han barruan berdin zion horrek, beti baita gaua metroaren
trenbideetan. Hala ere, halako atsegin ezkutuko bat ematen dit niri metroan
ibiltzeak. Usaina ezagutzen dut lehenik: olio mekanikoarena. Ondoren
zigarro muturrak eta erabilitako txartelak agertzen dira trenbideetan botata,
Parisen aspaldi itxi baitzituzten zakarrontzi guztiak mairuen bonben
beldurrez. Gero, jendearen arropetara hasten naiz begiratzen beti eta
konturatzen naiz halako zikin geruza bat eukitzen dutela zapatek eta
neguko berokiek itsatsita. Metroz ibiltzeak ezartzen duen lika izaten da hori.
Hiri handiek ordaindu beharreko zerga da metroetako diztirarik eza. Niri
gustatu egiten zait hori, exotikoa egiten baitzait oso.
Behin bertan sartutakoan, Paris ederki aldatuta zegoela jabetu nintzen.
Urtetik urtera gero eta gutiago baitira bazterretan bistatzen diren azal
zuridunak. Arabe itxurakoak dira nagusi eta baita ikatzaren beltzekoak ere.
Haien alboan Louise irudikatu nuen trenaren aulkietan eserita eta ez
zukeela paper txarrik egingo iruditu zitzaidan. Agian Saint Germain de Prés-
eko bere auzo zurien artean baino hobea. Gaisoa emakumea, ez zeukan
ederra atarramendua.
Erraz topatu nuen Louiseren etxean. Sacré Coeur elizatik behera dago,
turistak ibiltzen diren aldera ez, bestera. Tirrina jo nuen behetik baina ez
zidan inork erantzun. 4723 markatu nuen atariko gailuan eta burrundara
luze batek erakutsi zidan atea irekita neukala. Bigarren solairuan hantxe
ikusi nuen portzelanazko katua. Katu egipziarra zen, ilerik ez daukan zatar
horietakoa. Torloju batez zegoen hormara lotua. Azpitik apur bat jaso eta
giltza erori zitzaidan eskura.
Louiseren etxea koadroz beteta dago. Gehiegi nire gustorako, han ez
baitago erizpiderik batere. Hormak behetik goraino daude guztiz beteta,
baita komunean ere. Igoal aurkitzuko duzu Kiefer-en marrazki bat,
Holandako paisaia baten ondoan edo Beuysen apunte batzuren alboan.
Banaka ederrak dira lan guztiak baina elkarren ondoan traba egiten diote
batak besteari. Ez dago zentzurik baldin eta ez bada, zela edo hala, denak
zintzilik eta edonola jarri beharra.
Neuri gauza berdina gertatzen zitzaidan neure barnean, arrapaladan
etortzen baitzitzaikidan sentipenak, oroitzapenak eta asmoak, denak batera
eta elkarren ondoan, behar bezala aztertzeko batere aukerarik eman gabe.
Musika gehiegi nahasten zen nire baitan ganorazko ezer entzun ahal
izateko. Ez nekien oso xuxen zertan nenbilen han, Parisen, bakarrik eta
ezagutzen ez nuen etxe bateko argiak nondik pizten ziren asmatu ezinda.
Ez nekien zertan nenbilen Joxe Elosegi bezalako txoriburu baten
itxaropenean eta okerrena, ez nekien zer arraiotarako deitu nion Louiseri,
aspaldiko lagunari. Inoren etxean egoteak ematen duen bakardade hartan,
ez nekien auzoko etxeetatik, kaletik eta nonahitik zetozen zarata arrotz
guzti haiek ezagutzen. Ez nekien deus.
Eskerrak, hala ere, Baionako Katedralean jarrita baneukala helburu goitiar
bat, baneukala norabide bat, eta horrek zentzua ematen ziola nire egoera
harrigarri hari eta, azken finean, neure bizitza guztiari, nola Ifarrak teilatuko
haizorratzari.
Jazz apur bat
Bere pausoak egurrezko mailadian gora somatu nituen lehendabizi eta
atean bertan ondoren. Louiseren giltza zerrailan somatu nuenean, ahal
bezala itxi eta arrapataka itzuli nuen bere lekura begiratzen niharduen
argazki album lodi bat. Bertan ziren izkutatuta normalean etxeko alaza eta
hormetan agerian beharko luketen argazkiak. Louise beltx txiki bat eta
bakarra ageri zen, argazkietako askotan, bere familia eta lagunen inguruan.
Haur eder eta polita baina, egia esan behar bada, argazki guztietan bera
zen lehenengo nabarmentzen zena, kolore zuriko lore artean jarritako
larrosa gorria bailitzan.
Argazkietako beste batzuk lanekoak ziren eta Louise antzezle ospetsu
askoren alboan ageri zen. Batez ere frantziarrak ziren nagusi bere alboan
agertzen zirenak: Depardieu, Delon, Deneuve, Belmondo... Bestelakoak ere
baziren, ordea: lehen aipatutako De Niro, Ford, Rourke.. Niri gehien gustatu
zitzaidana, Mastroianirekin eta Papasekin zegoenetako bat izan zen. Mahai
baten inguruan jezarrita, hirurak ageri ziren algaraka olibondo baten azpian.
Ematen zuen argazkitik kanpora gertatutako zerbaiti egiten ziotela farre
hiruek.
Seguru asko, argazki hura La Tempete du primtemps13 filmearen errodaiari
zegokion, nik dakidala, Louisek ez baitu beste inoiz Mastroianirekin batera
lanik egin.
Hirugarren multzo bateko argazkiek, Louise modelo lanetan erakusten
zuten. Jostun haundienekin ageri zen. Denen artetik Yves Saint Laurent eta
Karl Lagerfeld bakarrik ezagutu nituen nik, beren betaurreko gehiegizkoen
atzean babestuta.
Albumean itsatsi gabe, aldizkarietatik moztutako ebakin asko ere baziren.
Batzuk publizitate hutsa ziren, xaboiak, perfumeak, kremak, arropak... eta
gainerakoak Louiseri buruzko argazki eta artikuloak ziren.
Askoz ere gazteagoa zeneko Elle aldizkari bat ere bazegoen eta azalean
bera ageri zen, Louise. Letra handitan idatzita: Le nouvel visage Lancome
pour 1987: Louise Orthez14.
Denak bildu eta itzuli nituen presaka zeuden lekura, liburutegiko apalera.
Estuturik joan nintzen aterantz ez bainuen nahi Louisek bere gauzak
arakatzen ibilia nintzenik pentsa zezan. Topo egin nuen baina egongelako
mahaitxo batekin eta telefonoa atera zen zilipurdika lurreraino.
Louise sartu zenean, makurtuta aurkitu ninduen telefonoa lurretik
jasotzen eta ia jarrera hori den lagun zaharrak diosaltzeko era berria
galdegin zidan irrifarrez. Nik utzita baino zaharragoa zegoen baina ederra
zinez. Bere begietan, nik ondo ezagutzen nuen tristeziari leku apropos bat
bilatua ziola ikusi nuen lehenengo begiratuan eta horrek baretu egin
ninduen deblauki: beste emakume haundi baten aurrean nengoen.
Louisek ez zidan ezertarako astirik eman. Besarkatu baino lehen, eskutan
zekarren zorroto bat laga zuen bazter batean eta ondoren berokia hartzeko
eskatu zidan. Atea itxi eta eskaileretan behera eraman ninduen presaka, iji
eta aja ugariren artean. Atarian taxi bat zegoen eta bertan bikote bat zain:
Jannine izeneko modelo bat eta Eric izeneko argazkilari bat. Taxilari lodikote
lehorra ezik, denak ziren auto barnean ni baino dezente gazteagoak.
Gehienez ere hogei eta hamar bete berriak zituzten denek.
Batera joan ginen afaltzera Osaka izeneko jatetxe japoniar batera. Astirik
ere ez nuen euki larritzen hasteko. Hirurek zuten algararekin eta japoniar
hartan zerbitzatu zizkiguten sushi nazkagarriekin, nahikoa lan euki nuen
irrifarrea galdu gabe, esaten zituzten pitokeriei jarraitzen. Urte batzuk
lehenago Donostian ezagutu nuen Louise hark ezer gutxi zeukan ikustekorik
nire alboan ijirijika zegoen emakume fribolo harekin. Erabat axalekotuta ikusi
nuen aspaldiko adiskidea.
Louisek munduko ginekologorik onena nintzela esan zien bere lagunei eta
esfortzu handia egin behar izan nuen Azkue Doktorearen zizareen sistima bi
txoriburu haiei kontatu behar ez izateko. Bidaiak nekatuta nengoela esan
behar izan nien azkenerako baina egia, ohitura faltagatik, Sapporo
garagardoagatik, edan genituen sake beroengatik edo, agian, egoeraren
beraren aldrebesagatik, neu ere txoriburutzen hasi nintzen afariaren azken
alderako eta guztiz txoromorotuta nengoen, Louise eta biok, etxera
itzultzeko taxi bat eskatu genuenerako.
Han, taxi barnean, besotik heldu zidan Louisek eta nire sorbaldan jarri
zuen burua amultsuki. Berriz ere lehengo emakume dotorea zen, betiko
Louise, alegia, baina ni ordurako abiatuta nintzen pipatutakoen autopistan
behera eta lau hitz soil erabiliz, nire egoera zein adierazi nion telegrafikoki:
Rita izeneko emakume batez maiteminduta nengoen, bi seme egin nituen
berarekin eta hirugarrena, neskatxo bat, Urtarrilerako espero genuen.
Horretaz gain, Ritak lehendik zeukan Vladimir izeneko beste seme bat ere
bizi zen gurekin. Emakume aparta zen, zeruak niretzat asmatutakoa,
(zozokeria horixe esan nion bai, zeruak niretzat asmatu zuela Rita), baina ez
nengoen erabat ziur berak neu benetan maite ote ninduenentz. Horrexetan
neukala erotuko ninduen atsekabea.
— Nor da bestea? —galdegin zidan Louisek, begietara parez-pare.
— Ez da inor —erantzun nion— hilda dago.
— Gaisoa Simon, tu es perdu, galduta hago. Ez daukak hildako batekin
borrokatzerik —erantzun zidan azkenik eta ferekatu egin zidan aurpegia
bere eskuarekin, nigarrez hasi behar duen umeari egiten zaion antzera.
Biharamonean esnatutakoan, kolonia merkearen gustoa neukan eztarrian.
Horixe gertatzen zait niri jatetxe japoniar kaskarretan jaten dudan
bakoitzean. Lurrun merke eta gogaikarri bat agertzen zait eztarzuloan eta
bertako biztanle egiten da ordu batzutarako. Ahoa garbitu arren bertan
segitzen du pixkatean. Komunean sartutakoan, ispiluaren gainean itsatsita
aurkitu nuen oharra: Bonjour Simon. Je reviendrai vers 22 heures. Heureuse
journée. Un bisou. Louisel5.
Arratsaldeko hiruak aldera arte, Louiseren argazkiak arakatzen egon
nintzen berriro. Bere gelan sartu nintzen eta hango horma eta mahai
gainetan ere argazkirik ez zegoela egiaztatu nuen. Izugarria zen halako
emakume ederrak, inori baino argazki gehiago egiten diotenak, bere irudi
bakar bat ere ez edukitzea agerian. Neuri ginekologiarekin gertatzen
zaidana baino larriagoa zen hori, zalantzarik gabe. Izan ere, osagilearen
alde hori da, besteak beste, nigan batere gustatu ez eta erabat arrotz
egiten zaidana. Louisek, ordea, bere buru guztiarekin dauka arazo berori.
Muinetatik egon behar du belztasunak janda, nahi eta ez, barnetik ustelduta
polikipoliki erortzen den pago lerdena bezala.
Montparnassera iritsi nintzenean, ez zidan lan handirik eman Joxe Elosegi
aurkitzeak: hantxe zegoen bere itxura lotsagarrian jantzita. Postale
kitschetako txistularia ematen zuen, laburu eta guzti kaikuaren paparrean
josita. Bere inguruan pasatzen zirenek, txihuahua bati bezala begiratzen
zioten goitik behera. Bost axola horrek, ordea, Elosegiri.
Kafe baten inguruan bildu ginen, geltokiko kafetegian bertan. Antza, oso
zaila izaten da T8 izeneko “zera hori”, lortzea, batez ere nik behar beste
kilo. Kamioietan izkutaturik edo trenez, Bulgariatik ekartzen ei da Europako
inguru hauetan dabilen gehiena eta ez omen dago beste biderik, Didier
Dorise izeneko jaun batekin hitzegitea baino.
Zenbat diru beharko nuen galdegin nion Elosegiri eta zehatz ez zekiela
erantzun zidan baina errazki joango zela kiloko prezioa lau mila liberatik
gora. Berehala egin nituen kontuak, hamazapi kilo bider lau mila libera,
hirurogei eta zortzi mila libera edo gauza beretsua, milioi bat eta zazpirehun
mila pezeta.
Ez neukan hainbeste dirurik. Milioi bat pezeta bitarteko aukera neukan.
Aski izango zela pentsatuta etorria nintzen Parisa. Hortik gora ezin.
Ez larritzeko agindu zidan Elosegik. Berak nahiago zuela berari eskatutako
kloratita eta “zera hori” guztia eramaten banuen, baita horretarako berak
aurreratu behar bazidan falta zen dirua.
— Laborategiaren izenean pasatuko dizkiat fakturak, material arrunta balitz
bezala. Hori bai, ehuneko hamabosteko irabazia ezarriko zioat, egindako
mesedearen truke.
Lotsatu egin nintzen proposamenarekin. Neronek ordaintzeko asmoa ekarri
nuen baina, egia, Elosegik luzatutako amua, edozeinek heltzeko modukoa
zen, babo hutsa izan ezean. Errazki joango ziren faktura guztiak
laborategiaren izenean eta, neronek kontrolatzen nituen urteroko
aurrekontuetan, pare bat milioi pezeta gora edo behera, ez zen ezer izango.
Boxeatuko nuek neuk ondoren, neure buru egiazalearekin.
Kontua Parisetik esku hutsik ez itzultzea zen. Men egin nion, beraz,
Elosegiren proposamenari. Kloratita, “zera hori” eta Elosegiren beraren
komisioa batuta, bi milioi eta zortzirehun izango ziren guztira. Elosegik
zazpirehun mila pezetako lau faktura bidaliko zituen, Poulenc-en izenean.
Era zaharrean egin nahian tratua, eskua luzatu genion elkarri mahaiaren
gainetik eta aldi berean Elosegik kafea isuri zuen mahukaren ertzarekin. Nire
fraketan amaitu zuen kafe guztiak eta izterrean nabaritu nuen erreak,
areagotu baino ez zidan egin parean neukan epotx lotsagarri harenganako
kontrakotasuna.
Le Caveau de la Huchette, Saint Michelgo auzo turistikoan dago eta gu
joan ginenean, arratsaldeko zazpi t’erdiak ez ziren oraindik izango, sarreran
zegoen jendetzaren kausaz ez zegoen inola ere sartzerik. Bi atezain beltz
eta haundikotek gordetzen zuten atearen atzetik, ke lodi eta ugaria irteten
zen atariko bonbilla kolorezkoen argitara. Joxe Elosegik aurrera egin zuen
hala ere, eta arraiki agurtu zuen atezainetatik haundienak.
— Bonsoir, Monsieur Le Basque16 —esan zion.
Bistan zen Elosegi ez zegoela han estrainekotz . Turista ugarien protesten
artetik sartu ginen barnera bultzaka.
Fuensaldaña aldeko bodega bat gogorarazi zidan niri Le Caveau de la
Huchette delakoak. Lurpean egindako arku erdiko hodi luze bat baizik ez
baitzen taberna hura. Bazterretan, jendea eserita eta musikari adi zegoen.
Nonahi, turisten ondotik zebiltzan emagalduak ageri ziren garagardoa
eskutan zutela. Ezkerrera barra bat, lau neska-mutil airoso eta izarditurekin.
Aurrean, oholtza txiki bat eta bertan musikariak Jacko, jacko my dead
supiztua jotzen.
Baterijolea seinalatu zidan Elosegik.
— Horixe duk Didier Dorise.
Hirurogei urte inguruko lodikote burusoila zen, blai izerditan. Danborren
erritmoan betaurrekoak ez galtzeko, zapata lokarri bat zeukan adar
bakoitzari lotu eta buruari buelta emanda. Gu ikusi bezain azkar, keinu egin
zion Elosegiri taularen gainetik eta jotzeari laga barik.
— Bulgariarra baino gehiago, Lyongoa dirudi —esan nion Elosegiri.
— Nik ez diat esan Didier bulgariarra denik. “Zera hori” lortzeko berarekin
mintzatu beharra dagoela, ez diat besterik esan —erantzun zidan berotuta
eta nik bere hitza auzitan jarri izan banu bezala.
— Ez zaitez horrela jarri gizona —gaineratu nion.
Zorrotz begiratu zidan eta ondoren bizkar emanda bi presione eskatu
zizkion barrako neska ederretako bati. Jendea erotuta zegoen Jacko, jacko
my dead harekin. Guztiak txaloka, builaka eta koruka, azkenerako euren
lekuetatik jeikita. Hogeitamar gradutik gora egingo zuen han barnean eta
irtendakoan, batek baino gehiagok harrapatu behar zuen marranta galanta
kaleko hotzarekin.
Txalo zaparrada amaitu zenean, Didier Dorise hurbildu zitzaigun eta hitzik
esan gabe, bere ondoren joateko agindu zigun, keinu sotil batez.
Taberna bera zulo bat bazen, oraindik ere beheragoko zulo beltzagoak
ere bazirela han konturatu nintzen. Burnizko eskailera haiek jaitsi ahala,
zernahi gerta zitekeela pentsatzen hasi nintzen. Pariseko bi piratarekin,
infernurako bidean nindoala iruditu zitzaidan eta inork ez zuela errezatuko
nire alde. Inork ez baitzekien non nengoen eta zertan nenbilen, ez Ritak, ez
Mendiondok ez eta Louisek ere. Une batez makalduta nabaritu nituen
belaunak, argi gutxiko giro hartan pausoak artez eman ezinda, eta
pentsatzen hasi nintzen lan handiegitan sartuta ez ote nenbilen. Bere
lekutik oso urrun ez ote zebilen Simon Azkue doktorea, ezagutzen ez zuen
langintza batean sartuta. Erabat galduta nengoen, bada, nola zakurra hiri
handiaren erdian.
Dianaren erdian
Louiseren gauzarik ederrena, bere handitasun emea iruditu zait beti. Bere
barne egoera zein den ezagututa, ez dago sinesterik zer-nolako ematasuna
erakusten dakien, eta emetasuna diodanean, amatasuna ere esan nahi dut,
zalantzarik gabe. Haren begietara begiratuta badirudi, bere zoritxarrak,
edonoren zoritxarraz jabetzeko bertutea ezarri diola. Hala iruditu zitzaidan
niri, beste behin ere, Didier Dorise eta Elosegi utzi, eta afaltzera bere etxera
itzuli nintzenean.
Parisen biok bakarrik eta benetan egoteko euki genuen lehenengo aukera
hartan, bezperako axalkeria ahaztuta, emakume haundia topatu nuen
berriro Louiseren begietan. Sentiberatasunez eta adiskidantzaz betea.
Ederra, dotorea eta amultsua.
Berriz esan zidan jai neukala nire baitako borroka hartan. Aurrez
galdutako guda baizik ez zela izango nirea. Berdin ziola Ritak beste bat
maitatzen zuela egia ala gezurra izateak. Nire barnean zegoela gudaleku
benetakoa eta nire barnean bakarrik benetako pakea, nonbait izatekotan.
Neure burua babestu behar nuela ere esan zidan eta uxatzeko euki
nitzakeen pentsamendu ero guztiak. Seguru asko, barnean neukan
mesfidantzaren gaitza ez zitzaidala hil artean sendatuko eta berarekin
bizitzen ikasi beharko nuela, minbizidunek egiten duten bezala euren
gaisotasunarekin.
Louiseren hitzak entzun ahala, bere buruaz ere ari zitzaidala otu zitzaidan
eta gehiago sentitu nintzen anaia-arreben arteko bilera batean, emakume
guztiz desiragarriaren parean baino. Bere hitzen gainean hartuko nuen lo
gustura, sehaska zahar batean bezala.
Ez nintzen ausartu, hala ere, Baionako Katedralarekin harturik neukan
erabakia aitortzen. Egia esan, inori eta sekula ezingo nion aitortu halakorik,
ez eta leherketa eginda gero ere, bai bainekien baliogabetu baizik ez
zukeela eginen balizko aitortza horrek nire sendabidearen indarra.
Banekien, gainera, egiteko asmoa neukana Louiseri esanez gero, asaldatu
egingo zela nirekin eta ezin izango zuela ulertu nire erabakirik. Ezingo zuen
ulertu inola, Baionako hondar birrindu haien beharretan nengoela ni neu
gizonaren tamainaraino hazteko.
Alabaina, bere hitzak entzundakoan, ziurtatu egin nuen hartutako
erabakiaren bidea zela ibili behar nuen bakarra. Nire baitako bakea lortzeko
agindu zidan berak eta ez neukan beste aukerarik Baionakoa baino. Egia
esan behar bada, neure-neurea zen aurkitutako irtenbidea. Irrigarria ez
balitz, orijinala ere bazela esango nuke Baionako Katedrala ipurdiz gora
botatzeko nire asmo aldaezina.
Ohera baino lehen, biharamonean elkarrekin ikusiko genuela Paris hitzartu
genuen eta primeran iruditu zitzaidan niri, hiru egun barrura arte ez
baineukan beste zereginik. Hiru egun barru bai, ordea, berriro bilduko
nintzen Elosegi eta baterijole potoloarekin eta arin ibili beharko nituen
hankak neure arrasto guztiak atzean laga eta, inork ikusi gabe, “zera hori”
eta kloratita guztia Chateau Landon hoteleko armairuan ezkutatzeko.
Louise eta biok biharamon hotz baina argi hartan elkarrekin ikusi genituen
lekuei esker, beste Paris bat ezagutzeko parada eduki nuen. Oker diot
baina, ez baitzen beste Paris bat izan egun hartan bisitatu genuena,
ezagutzen bainituen lehendik ere, orduan ibili genituen leku gehienak. Esan
nahi dudana beste gauza bat da. Esan nahi dudana, Louiseri esker, beste
begi berri pare baten jabe egin nintzela da. Kartzela honek orain ematen
didan bakeak erakutsita dakit, urrunduta bakarrik ikusten baita mendia.
Esate baterako, erabat hunkiturik geratu nintzen Louisek Notre Dameko
zoko batera eraman ninduenean. Ohituta nengoen ni elizatzarra turista
begiekin ikustera, Ritarekin ere izana nintzen han urte batzuk lehenago,
baina ez nuen sekula uste izango, niretzat postale hutsa baizik ez zena,
benetako babesleku izan zitekeenik inorentzat. Ez nuen sekula esango,
Louise eliza baten barruan era hartan jarrita ikusiko nuenik, bi begiak itxita
eta barneko ahotsaren zain. Neu izan nintzen eliza barru hartan galduta ibili
zena: ez nuen asmatu Louiseren extasi hartan zer egin.
Niretzat, ordura arte, XII garren mendeko eliza ederrenetakoa baizik ez
zen izan Pariseko Notre Dame. XI garren mendean jasotako eliza zahar
baten oinarrietan mende luzeetan itsas-korala legez hazitako etxe gotiko
harroa, paristar txiroenek larogeita zazpi urteko nekeen gainean zutitua eta
Frantziako bazter guztietatik etorritako gosetuen bizkar gainean, dorrerik
garaienak oinarrituta zituena. Harrigarria izan da beti, behartsuen ezerezak
nola lagundu izan duen historian zehar oroitarririk nabermenenak tentetzen
eta nolako zentzugabeko adorez egin izan duten hori, gainera.
Urte batzuk lehenago elkarrekin bisitatu genuenean, Ritari esan nizkion
gogoeta horiek beroiek eta kexatu egin zen biziki nire ozpin ikuspegia
erakutsi nionean eta gai nintzela esan zidan, jaialdirik ederrena
purtzilkatzeko. Hobe nuela, alegia, botila erdi hutsak ikusteko ohitura
ezkorra beste baterako utzi, baldin eta ez banuen Pariseko egonaldi
erromantiko hura hankazgoratu nahi.
Ritak emandako aholkuaren akorduari esker, ez nion antzekorik aipatu
Louiseri eta XIX garren mendeko Viollet-le-Duc arkitektoaren berrikuntzak
eta eskulturak goraipatu nituen, egiazki estimatzen baititut Abbadiako
Antoineren gaztelua Hendaian jaso zuen gizon ospetsuaren lan horiek ere.
Esan gabe geratu nintzen, ordea, Notre Dameko oholak lortzeko, zuhaitz bat
bera gabe utzi zituztela Paris eta ehun eta hirurogei kilometro bitarteko
baso eta oihan guztiak. Esan gabe geratu nintzen elizaren orube guztia
beteko zuketela langintza haietan hildakoen gorpuek, bata bestearen
ondoan jarri ezkero.
Louisek ostera, beiradurak goraldu zituen, nork eta noiz eginak ziren ez
zitzaiola axola esan ostean, haien argitan nola aurkitzen zuen indarra
erakutsi zidan. Berak aitortutakoaren arabera, leku hartara joaten zen
erabat suntsituta ikusten zuenean bere burua. Sinesgabea izanik ere,
katedralaren ilunpeko espazio hotz, isil eta handi hartan bakarrik aurkitzen
omen zuen atseden aski, bere buruaz beste ez egiteko. Han, eta hantxe
bakarrik, aurkitzen ei zuen berak beste batzuk lagunartean, kirolean,
edanean edo auskalo zertan aurkitzen duten kontsolamendua
Ezustekoa izan zen niretzat, neuk Baionan birrindu nahi nuena bezalako
leku bat Louiserentzat hain baliotsu gertatzea. Une batez kolokan jarri zuen
horrek nire erabakia: Baionako Katedralean ere egon zitekeen Louiseren
antzeko beste norbait nik leherkariak jarritakoan. Munduan azkenengo
gauza egingo nuke horixe, Louiseri edo bera bezalako baten bati kaltea,
alegia. Zer egingo nuen baina? Behar beharrezkoa zen niretzat Baionako
Katedrala lehertaraztea, ez neukan nire izaera tajutzeko beste inolako
biderik. Izan zedila, beraz zedina.
Zer besterik bisitatu nahi nuen galdegin zidan Louisek eta La Defense
ikusi nahi nuela erantzun nion. Miterrand zaharrak bere loriatarako jasotako
auzo berri hartan, bazirela egundoko etxetzarrak, munduko multinazionalik
haundienenak, eta ordura arte sekula ez nuela aukerarik izan haraino
hurbiltzeko.
Arratsalderako utziko genuela hori erantzun zidan Louisek eta hobe
genuela lehendabizi, Beaubourg aldera joan, Pompidou Zentroa ikusi eta
bertako kafetegian zerbait janez, atsedentzea.
Ez nion nik ezetzik esan, gogoko izan baitut beti Piano eta Rogers-en
eraikin lotsarik gabea. Ikusi dudan bakoitzean, txipiroia ekarri izan dit
gogora, edota galtzerdia, halaxe baitago eraikia etxe hori: barrukoz kanpora
eta kanpokoz barrura.
Katedralean eduki pentsamenduak egin nuen harako bide guztia. Ez nuen
hartaz pentsatu nahi baina egiazki jarri zitzaidan zalantzan Katedralaren
helburua. Ez nion buelta gehiegirik eman nahi, baina oso urrutiko oihartzun
batek esaten zidan, konpondu beharreko katramila neukala nire erabakian.
Nola egingo nuen aurrera Baionako Katedralaren harrien azpian Louiseren
antzeko norbait harrapa nezakeela jakinda? Ez al zuen horrek lausotuko
nire irtenbidearen borobiltasuna? Ekintza eta sarraski borobila behar nuen
nik nahi nuen lekura iristeko, eztanda erabat mantxarik gabea
Lehenbaitlehen behar nuen gainbegiratu, erabakitako guztia.
Beaubourgera iritsi ginenean, eta hango hoditzar kolorezkoak bistatu
zirenean, hura bezalako leku bat ere ez zela txarra izango nire leherkariak
jartzeko hasi nintzen pentsatzen baina “egia, gurean ez dago haren
parekorik. Pompidou zentroa hankaz gora bota ezkero, umezurtz lagako
litzateke Frantziako kulturgintzaren muin benetakoa, bere baitan sortzen,
lantzen eta mugitzen baita frantziarren musika, zinea, dantza, arte
plastikoa, antzerkia eta disziplina oro. Nik maite nituen gauzak ziren horiek
denak. Pompidou Zentroa hankaz gora bota ezkero, neu ere damutuko
nintzen, beraz, ederki, eragindako atzerapenarekin.
Gurean, ostera, gehienez ere, turistentzat eraikitako hilotz eder bat
suntzitea baizik ez nukeen lortuko Bilboko museo berrian bonbak ezarri
ezkero eta, jakina, lehendik hilda dagoena bakean lagatzea lege da beti.
Ezer ez da aurreratzen, gorpu jaio dena mila zatitan txikitzearekin.
Madrilen ere ez dago Pompidouren parekorik. Han ere, turistaguneak dira
gehienak edota bestela, El Prado bezalako almazen dotoreak. Ez zidan,
bada, Beaubourgeko adibideak balio Baionako Katedralari ordezkorik
aurkitzeko. Louise bezalako arima galduren barnean harrapatzen banuen
azpian, hori ez zen nire errua izango. Kasualitateak ere leku berezkoa dauka
alde guztietan.
Bazkalorduan, bere haurgintza kontuak nola zeuden galdegin nion
Louiseri, nire kontsultara ekarri zuen arrazoia gogoratuz eta berak arazo
guztiak behin betiko filnituak zirela erantzun zidan. Sei urte bazirela
ematutuak lotu zituenetik.
Noizbait damu zitekeela esan nion nik, oraindik gaztea zela eta
bazitekeela berarentzako moduko gizon batekin noizbait haurra egiteko
beharra sentitzea. Balizko amodio handientzat beti gorde behar dela leku
bat, gaineratu nion.
Ez adarrik jotzeko erantzun zidan eta ea ordura arte kontatu zizkidan
guztietatik ez ote nion deusik ulertu. Zozoa ote nintzen ere galdegin zidan
ondoren eta nirekin ez haserretzeko eskatu nionean, halakorik nahi banuen,
lagatzeko alde batera bere amatasun kontuak agindu zidan.
Bere lanaz hitzegin genuen orduan: nola lau urte zeramatzan zineman
paper bakar bat antzeztu gabe. Nola Frantziako antzerkian ere ez zegoen
lanik kafesne koloreko emazte batentzat eta nola zaharregi ari zen egiten
pasareletako gaztetxoekin lehian eta gora eta behera ibiltzeko. Gero eta
zailagoa ei zeukan hori ere eta gero eta gehiago ibili beharra omen zeukan,
bezperakoa bezalako afari eta vernisage txoroetan. Zertan hartzen zuen
atsegin galdetu nion orduan, non pake.
— Inon ez maitea, halakoxea da paristarron bizia —erantzun zidan, eskutik
heldu eta mahaitik altxarazten ninduen aldi berean— Goazen zorioneko La
Defense hori ikustera.
Microsoft, Mitsubishi eta National Bank. Sony, Nestlé eta Krafft.
Handietan handietatik, zein ez zegoen han. Etxe garaiak, hogeitaka
solairutakoak, gizakiaren oreka zentzua ere zalantzan jartzen zutenak
harri eta altzairu, porlan eta beira, iragarki erraldoiak etxe erraldoien
zapeletan, neurri bortitza, diru-meta digante piloa, ekonomiaren suge-
habia, etorkizunaren sinboloa, helburuen paradigma, piramide berrituak,
mendearen azken lorpena, planetaren errapea, neurri guztien egiazko
erretena, amets ororen definizioa, agindu guztien ahotsa, lege guztien
jatorria, Anaia Handia.
Argi berri batek jantzi zidan adimena. Erabakita zegoen: han ez baina
antzeko lekuren batean jarriko nituen nire leherkari guztiak. Ez nuen
Baionako Katedralerik suntsiko. Ez nuen Louiseren antzekorik harrien azpian
harrapatuko. Horren lekuan, garaiaren benetako bihotzean bertan gezia
sartzeko ere balioko zidan nire erabaki aldatu berriak, nire erabaki
zoragarriak.
Diruguneren bat lehertaraziko nuen batere errukirik gabe, batere
zalantzarik gabe, batere damurik gabe. Soka berarekin lotuko nituen bi ertz.
Halaxe pentsatu nuen nik orduan.
Eskerrikasko, beraz, Paris, eskerrikasko La Defense eta eskerrikasko
Louise maitea, laguntzeagatik gizon honi zehazten bere erabakia, nola
artizarrak marinelari etxerako bidea.
Itzulera
Joaterakoan baino laburragoa egin zitzaidan Parisetik etxerako bidea.
Burua bor-bor nekarren bizi izandako gertakizun ugarien karian. Batez ere
Louiseren aurpegia neukan neure parean, autoaren leiharrean balego
bezala itsatsita. Aurpegi ezti baina kezkatua: ez zaitut ondo ikusi Simon,
esan zidan, agur egiteko orduan. Partitzeko tenorean ere ez al didazu
esango zertara etorri zaren Parisa?
Hantxe geratu zen bere galdera eta guzti adio esateko eskua jasota
emakume haundia. Emakume santua. Orain kartzela zoko honetan maiz
damutzen naiz harekin behar beste ez profitatu izanaz.
Kontuak kontu, T8 leherkari guztia nekarren aldatzeko gurpilaren azpian
izkutatuta, kloratita, ostera, neure ipurpean jarrita. Bata eta bestea, banaka
ez ziren arriskutsuak, biak batutakoan, ordea, zerutik entzuteko moduko
trumoia sor zezaketen haiek, beranduago eta Madrilen ikasiko nuen bezala.
Gainera, oso-osorik nekarren bueltan, haruntza eramandako diru guztia.
Elosegik bidaliko zituen fakturak hurrengo hilabetetik aurrera eta kito, horixe
izango zen betebeharreko guztia. Inork ez zeukan jakin beharrik nire
aferaren berririk. Neronek antolatuko nituen denak, gure laborategi gasto
arrunten artean estalirik.
Elosegi txoripito eta txolina. Didier Dorisek berarekin nola jokatzen zuen
ikusitakoan, hura ez zela elkarrekin lan egiten zuten lehenengo aldia jarri
zen agerian. Elkarri gauza handirik esan gabe ulertzen zioten elkarri bi lapur
haiek. Hamaikatxotan ibiliak ziren bi piratak elkarren inguruan eta elkarren
mesedetan. Elosegi txoliña, kakanarro ostia. Parisen norbait bazen, hala
ere, halako erdi-gizona. Edonor izan zitekeen norbait eta zerbait, antza,
Parisen. Norbait eta inor ere ez, biak batean, halako hiri handian. Eskala
kontua da guztia.
Grazia egin zidaten, kontua ordaintzerakoan, hoteleko langileak esan
zizkidanak. Frantziar osoa zela utzi zuen agerian.
— Merci Monsieur. Nous avons été trés heuseuses d’avoir eu votre visite.
La prochaine fois que vous reviendrez a Paris, revenez nous voir. Merci
Monsieur17.
Politesse txoroa frantziarrena. Erabili gabeko gela ordaintzen niolako
pozten zela esan ordez, ni zaintzeagatik oso zoriontsu zela esan ez zidan,
bada, babo halakoak. Kortesiarekin estaltzen dakite maltzurkeria. Balizko
edukazio onarekin, gaiztakeria.
Alabaina guztien artetik egiazki trés heureusel8 zegoen bakarra ni nintzen
han, Pariseko itzuliari halako etekina aterata: futbol estadio oso bat hankaz
gora botatzeko lain leherkari neukan ipurpean, gainera merkea eta
segurantziaz erabiltzeko modukoa. Ez zen negozio txarra terrorista lanetan
hasi berri batentzat. Eskerrikasko Elosegi, izango huen bai nire albiste, bihar
edo etzi.
Itzulerako bidaian erretxindu ninduen kontu bakarra Ritaren akordua izan
zen. Hainbeste egun hura ikusi gabe egonda ez nuen sekula pentsatuko
hain eroso ibil nintekeenik munduan. Egunoro deitu nion telefonotik eta
egunoro erantzun zidan gauza guztiak bere lekuan zeudela, umeak ere
ondo zebiltzala eta egoteko lasai. Bladi ere ahazten ari zela Alemanian
ikusitako dolua. Izatekotan ere, gaingainean zituen kazetari samalda haiek
ziren gauza nabarmen bakarra, ustiatu egin nahi baitzuten denek beren
onerako Hans Lauer terrorista ospetsuaren alarguna euskalduna izatea.
Inork eskeini gabeko hurbiltasun horrek, Alemaniako terrorista
gogorrenaren andrea euskal herritarra izateak, alegia, senitartekoen
eskubidea bera ematen ziela iruditzen zitzaien journalistei, eta ez zuten
ulertzen ahal zer dela eta ez zuen Rita Zabaletak fitsik esan nahi kamera-
mikrofonoen aurrean. Zer dela eta mesprezatzen zituen hain biziki kazetari
lanbideak emandako eskubide santua bete nahian zebiltzan piztia haiek.
Irrati eta egunkarietatik ez omen zuten bakean lagatzen egun osoan.
Sevillako eta Valentziako telekateetatik ere etorriak omen ziren kazetariak
espreski berari galdetzera.
Ritak kazetariak zenbateraino gorrotatzen dituen ederki dakit nik. Berak
esaten duenez, harrak bezalakoak dira: gauzak usteldutakoan bakarrik
agertzen dira, hala egin omen zuten Hans atxilotu zuten garaian. Kaka
bazkatzetik bizi dira eta birziklaketa nazkagarri horri deitzen diote
adierazpen askatasuna eta zeregin demokratikoa. Ritak beti esaten du, ez
daukala nagusiak mirabe zintzo eta miserableagorik kazetaria baino eta
halaxe izaten da hori, zinez.
Neuk ere ederki jakin nuen hori, Madrilgo Burtsa Etxea lehertu ondorengo
gunetan egunkarietan atera nindutenean: “hombre vinculado a la extrema
izquierda vasca’’19 idatzi zuten behin eta berriz, nahiz eta jakin ezer gutxi
zeukala ikustekorik nik egindakoak politikarekin. Kosta ahala kosta saiatu
ziren denak batera eta aldi berean nahasten: Rita, Hans Lauer, Alemaniako
Talde Antikapitalistak, Eukadi Ta Askatasuna, ni neu eta nazioarteko sare
terrorista bat. Arbola eder askoak bota behar izan ziren behera, gezur guzti
horiek argitaratzeko adina paper sortzeko. Ezin zuten ulertu inola, amodioa
zenik nik egindakoaren kausa. Amodio haundi eta egiazkoa, gizonaren
barrunbeak berak bakarrik betetzen dituen horietakoa.
Derrigorrez nahastu zuten nik egindakoa beste guztiarekin eta neuk ere
eduki nuen nahikoa lan komisaldegian, ekintza hura inoren laguntzarik gabe,
bakar-bakarrik, egin nuela sinestarazteko. Kasu gehiago egiten zieten
poliziek prentsan agertutako zozokeriei, neuk esandako egiei baino.
Halakoxea da gaurko bizitza, norberak nahi duen eran mozorrotuta agertzen
den denbora zatia, ez besterik. Gauzak egiazki nola diren bainoago, ardura
dio norberaren aurriritziak eta belarriaren gustoko doinu gozoak. Irrati eta
telebistetan ere, esatariak eta intelektual usteko gonbidatuak, ahobeteka
aritu ziren nire afera aztertzen, zein baino zeinago. Filosofo ospetsu batek,
nire ekintzaren arrazoia neure heziketan ikusi zuen: “Ni siquiera la fama
científica internacional del DoctorAzcue pudo hacer olvidar su formación
infantil en una de las primeras ikastolas del País Vasco”20. Zozo arraioa,
emango nion nik formación infantil bikaina parean egokitu ezkero.
Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut gure zoritxarra ez dela
hainbeste inoren menpeko izan beharra, baizik eta frantsesen eta
espainiarren kastakoak izatea gure menperatzaile horiek. Mundu guztia bizi
da zela edo hala zapalduta, batetik ez bada bestetik, baina zapaltzaileak
ematen dio zapalkuntzari kalitatea. Berdin dio zapalduaren izaerak, horrek
ez dio axola eta ez du ezer aldatzen. Zapaltzaileak markatzen du beti
jasanezinaren neurria.
Seguru asko ni ez nintzen hainbeste kexatuko gure agintariak
danimarkiarrak izan balira, edo suediarrak, edo nik al dakit, bada, nongoak.
Azken finean, txikia beti izaten da txiki haundien artean. Guri frantsesak eta
espainiarrak egokitu behar, ordea, aukera guztien artean. Bada hori zorte
kaskarra. Batzuk munduko azkarrenen ustea dute eta besteak, ostera,
ankerrak dira. Biak, hala ere, munduaren ardatza euren sukaldetik bakarrik
pasatzen dela sinestuta bizi dira. Lehenengoak gaiztoak, bigarrenak
friboloak, denak geure kaltean.
Behin baino gehiagotan aritu izan naiz asmatzen zein ote litzatekeen
eurenganako mendeku egokia, baina sekula ez zait aski begitandu nire
irudimenak irudikatua: egiten diguten kalte guztia itzultzerik ez dago.
Menpekoarengan gorroto asekaitza ernarazten, behinik behin, maisuak dira
biak ala biak.
Telekameren argitan kiskali gabe, ezin zuela ataritik lasai irten esan zidan
Ritak. Haurrak ere ez zituztela bakean lagatzen, begi estaliekin gero
nolanahi telebista programetan ateratzeko. Erotu egingo zela baina egoteko
lasai. Ama Benita ondoan zeukala eta konponduko zirela biak sahi guzti haiei
bizkar emateko. Nire egunoroko deia jaso behar zuelako izan ez balitz,
aspaldi kenduko zuela telefonoa bere lekutik, esan zidan.
Halako gauza txikiek jartzen naute ni sutan, oharkabean esan gabe
bezala esaten direnetan joaten baita benetako pentsamenduaren islada.
Hans Lauerren alarguna Rita zela esatea bezala, Rita ez baitzen Hans
Lauerren ezer nik dakidala behintzat, lagun ohia izan ezean. Hortik alargun
izatera bazen tarte apur bat. Nire andrea zen Rita, nire-a. Gu bion umeen
ama zen, ez beste ezer.
Baina kazetariek bazuten bazka nahikoa gurekin: Simon Azkue
Doktorearen emaztea, Hans Lauer terrorista alemaniarraren andrea
izandakoa zen lehendabizi. Zer besterik behar zuten, nahi adina idazteko.
Bazuten Rita, banindeukaten ni, bazeukaten Hans eta bazuten Bladi.
Telenobela txoro horietako bat osatzeko lain eta gehiago.
Etxera iritsi nintzenerako ez zebilen inor inguruetan. Goizeko lauak ziren
eta beste ezer baino lehen, gure sotoko bazter batean gorde nituen
leherkariak: T8a armairu zahar baten barnean, arrantzurako xira eta anorak
zaharren azpian, eta kloratita, txakurren pentsua egoten zen kaxa batean.
Urruti nahi nituen ikusi bata bestetik.
Oinpuntatan sartu nintzen gure gelan eta Rita ohartu ere ez zen egin nire
etorreraz. Haundi-haundi eginda zegoen Ixabelekin: izaren eta tapaki
guztien azpian ere nabaritzen zen haren haurdunaldia. Loaren arnasa barea
entzun nion eta musika fina iruditu zitzaidan. Bere ondoan etzan
nintzenean, gorputz usain hura zela nire aberri bakarra jarri nintzen
pentsatzen, lurralde egiazkoa. Etxera itzulia nintzen, nire maitearen altzora.
Berezkoa nuen leku neurera. Babestuta sumatu nuen han neure burua, nola
bordan galdurik ibilitako ardiak.
Commercium pacem firmat
Aireak berez emanda bezala etorri zitzaidan Madrilgo Burtsa Etxearen
helburua. Helburu aparta, dotorea, beste ezer eta inon ez bezalakoa.
Baionako Katedrala lehertzeko asmoa aldatu behar nuela Parisen
erabakitako unetik, banekien gutxienez bi berezitasun batu beharko zituela
helburu berriak.
Bata, diruarekin euki beharko zuen zerikusia. Hauta nezakeen beste
edozein ere: Senatua edo Kongresoa, Espainiako Erregearen palazioa, Valle
de Los Caidoseko gurutze erraldoia, Pariseko Euro Disney, El Corte Inglésa,
Bruselako Parlamentua, Escoriala, zubi bat, metroa, museo edo
antzerakoren bat. Denak zitezkeen helburu entzutetsuak behin eztanda eta
gero. Baina ez, erabakita zegoen: dirugune bat lehertuko nuen, XX garren
mende bukaerako egiazko agintegune bat. Txontxongiloaren harien jabeak
ipiniko nituen ipurdiz gora eta estuasunean.
Bigarren berezitasuna: zer gerta ere, etxetik kanpora burutuko nuen
ekintza. Triskantza, mina eta zorigaitza beti dira auzoan hobeak norberaren
etxean baino. Lehendik ere ezagutuak gara hamaikatxo atsekabe eta ez
zegoen berri baten beharrik. Zauri gehiegitatik isuria dugu odola eta nigarra,
beste baten gora beherak ez zuen gure odolustutzerik ez azkartuko ez eta
ere baretuko. Kanpoan egingo nuen, beraz, egitekoa, Espainiako
Erreinuaren epizentroan: Madrilen bertan.
Haseran, Pariseko La Defensen ikusitako eraikinen bila ibili nintzen
Madrilen eta guztien artean Kio dorreak begitandu zitzaizkidan garaien
ikurrik ikurrenak, baina berez eroriko zenari ez zegoela zertan bultzaturik
sartu zitzaidan buruan. Pisako dorre berritu eta bizki horiek zutik eusteko
nahikoa lan izango dute bestela ere, zimaurra baitute oinarrietan, burnia eta
porlanaren lekuan. Aski izanen da euri zaparradaren batek bustitzea zimaur
hori, irakiten hasi eta bere kaka-lurrunetan irentsita gera dadin betirako.
Ekonomia Ministeritza lehertzea pentsatu nuen gero baina honek ere ez
zidan balio: beste Ministeritza bat baizik ez zen hainbesteren artean
Ekonomiakoa. Berdin zion Nekazaritzakoa edota Garraioetakoa lehertzen
banuen. Ministeritza guztiek aurpegi berbera dute Madrilen: izan nahi eta
ezinarena. Nabarmena behar nuen nik helburua, bakarra.
Madrilgo Unibertsitate Complutenseak ernaltze berrien inguruko hitzaldi
bat ematera gonbidatu ninduen batean aurkitu nuen helburu berria. Ritz
Hotelean neukan ostatu egun haietan eta hantxe, atari parean ikusi nuen
nire gosearentzat ogia: Madrilgo Burtsaren Etxea.
Hantxe zegoen harro, Leialtasunaren Enparantzan bertan,
Zintzotasunaren Plazan, eurek Plaza de La Lealtad deitzen duten horretan,
eskailera bikain baten gainean sei zutabe korintiar galant zituela. Barnean,
kontratazio sala erraldoi bat, pantaila elektroniko haundi baten argitan.
Pantailan, mundu guztiko balioen prezioak, hasi Estatu Batuetatik eta
Txinara bitartekoak. Inguruan, ehundaka monitore zifra aldakorrez jantziak.
Garia eta altzairuaren prezioa, gurpilena eta porlanarena, gasolina eta
irinarena, dena egoten da han jarrita. Erabakita zegoen. Madrilgo Burtsa
lehertaraziko nuen batere ezpairik gabe.
Ekintza nola burutu zehazteko hilabete t’erdi neukan, orduan edukiko
bainituen egun batzuk berriz ere Madrilen, Nazioarteko Ginekologoen
Simposiuma zela eta.
Denbora horretan, borreroa eta zigortuaren arteko harremana sortu zen
etxetzar haren eta nire artean. Madrilgo Burtsaren historia eta
eraikuntzaren nolakotasunak ezagutu ahala, handitu egiten zen, une batetik
bestera, berarekiko lilura. Erakarpen hark areagotu egiten zuen nire
erabakia bai bainekien, zenbat eta garrantzizkoago eritzi etxe hari,
ederragoa, eta batez ere, niretzat eragingarriagoa izanen zela egin
beharrekoa.
Hans Lauerren balentria ororen gainetik hegaldatuko zen nirea harro, eta
betirako izango nintzen Ritak merezi bezalako gizon berria. Begietara
begiratuko nion zuzen handik aurrera nire emazteari eta ez nuen bere
ninietan beste inoren akordurik somatuko. Ni neu izango nintzen, eta batez
ere, geu izango ginen Rita eta biok elkarren ondoan eta betirako.
Sinpleegia lirudike baten batentzat nire zio honek baina ez dago gizona
mugitzeko akuilu hoberik, bere benetako guraria zein den ezagutzea baino.
Orduan ez du izutzen zaputzaren beldurrak, ez du nekatzen balizko
oztopoak eta bidearen luzeak. Bi hitzetan esateko, hazi egiten da txingurri
dena ere, digante izateraino.
Madrilgo Burtsaren Etxea 1893garren urtean zabaldu zuten estrainekoz
eta bere eraikuntzarako bazter guztietatik ekarri zituzten harri eta gailuak:
sukarriak Vicálvarotik, hareharria eta marmolak Noveldatik, granitoa Berrocal
eta Villalbatik, burnia eta Bessemer altzairua Bilboko Labe Garaietatik,
salako brontzeak Zaragozatik, zinka Asturiasetik, beste marmol batzuk
Italiatik, leiharrak Frantziatik eta armairuak Ingalaterratik.
Hainbeste bazterretatik etorritako materialeek sintesi perfektoa eratzen
zuten niretzat. Bere harrotasunean, handik eta hemendik hartutako gauzez
antolatutako etxe kitsch nabarmen bat baizik ez baitzen Madrilgo Burtsaren
Etxea. Mila gauza batera hankazgoratzeko aukera ematen zidan, mila
ezaugarri, mila ikur, mila sinbolo, eta aldi berean, beste ezerekin bezala
asetuko nuen neure gogoa.
Hala ere, gehien atsegin nuena, bertako liburutegian aurkitu nuen. Han
esaten zenez, Enrique Repullés izan zen arkitektoa eta beste sei
projektorekin lehiatzeko aukeratu zuen lema aparta egin zitzaidan.
Beste zenbait arkitektok “España”, “Fortuna”21, “Cuatro por ciento”22
eta antzerako pitokeriez bataiatu zuten euren projektoa. Repullés jaunak,
ostera, latin zaharra hautatu zuen berearentzako: “Commercium pacem
firmat’’23. Izen hori hatatze hutsagatik emango niokeen, neure esku egon
izan balitz, eraikin hura berak jasotzeko enkargua.
Gainera, ehun urteren buruan, Espainiako ordezkari guztiek egin zioten
gorazarre etxetzar hari: Maria Cristina Erreginak, Alfonso XIII garrenak,
Cánovas eta Sagasta errestauratzaileek, Silvela, Maura eta Dato
kontserbadoreek, Canalejas, Moret eta Romanones liberalek, Primo de
Rivera diktadoreak, Azaña erreplubikarrak, Franco diktadoreak, Juan Carlos I
erregeak... Gure zapaltzaile denak eta guztiek goraldu zuten noizbait
Madrilgo Burtsa Etxea eta niri eta ez beste inori zegokion hura
hankazgoratzeko loria.
Alanbike bat bailitzan, Espainiak azken mendean izandako era guztietako
aginteen arrastoa gordetzen zuen bere baitan Leialtasunaren Plazako
etxetzarrak, gerra garaian ere ez baitzen sekula itxi Burtsaren Etxea, beti
gauza eta kalapita ororen gainetik egon izan balitz bezala diruaren
garrantzia. Inon ez bezalako helburua neukan bertan, neure gose nagusia
asetzeaz gain, sinbolikoki, beste hamaika gose txikiago baina egiazko ere
asetuko bainituen aldi berean Burtsaren leherketarekin. Mokofinentzako
moduko janaria zen hura.
Leherkariak non jarri ere erabakita zegoen: bat edo bi, goiko solairuetara
ematen zuten eskilarapetan jarriko nituen; beste batzuk, gizonezkoen
komunetan; eta jartzeko zailen zirenak, salaren albo batean, Arsuaga
markako erloju zutin, erraldoi eta rococó baten barnean.
Zaila bazirudien ere ez zen ezinezkoa Europako Ginekologoen Elkarteko
zuzendaritzaren partaideetako bat zen honentzat.
Esan eta egin, batzordeari neuk hala eskatuta eta gure biltzarleku izango
zen Ritz hotelaren hurbiltasunaren aitzakian, jardunaldi haien zereginetako
bat, horixe izango zen: El Prado bezala, Europako bazterretatik etorritako
175 ginekologoei Madrilgo Burtsa Etxea erakustea. Halaxe proposatu eta
halaxe oniritzi zen aho batez: Otsailaren zazpian, Madrilgo Burtsa bisitatuko
genuen denok elkarrekin, bertako Presidenteak eskeinitako ohore guztiekin.
Zer hoberik, halako taldearen babesa baino, batere susmorik piztu gabe
sarrera nagusiko segurtasunak ekiditeko? Ez gintuzten 175 lagun eta
Presidentea bera arakatuko. Ordubete baino gehiago behar da horretarako.
Otsailaren zazpia bitartean, biderkatu egin zen denbora: ematen zuen
ordu bakoitzak 60 minutu euki ordez, berrehunen bat zituela. Ez zen
berehalakoan etorri egun seinalatua!
Egunoroko bizitzari ekin nion nik egun bukaezin haietan eta esan dezaket,
harritu ere egin nituela lankideak laborategian erakutsi nuen
adeitasunarekin. Inoiz baino gozoago ibili nintzen Unibertsitateak musu truk
bidali zizkigun ikasleekin eta denentzat aurkitzen nuen lan eta hitz gozoren
bat.
Egun haietan, Ixabel sortu zen eta haren etorreraren pozak borobildu
egin zuen gure etxeko giroa. Ezin adieraz dezaket haren burutxoa Ritaren
barnetik agertzen ikusteak zer eragin zuen nigan baina, oharkabean,
malkotan somatu nuen neure burua pozaren pozean. Besteetan ez
bezalakoa izan zen hura edo, agian, gizon berria izateko atarian egoteak,
areagotu egingo zidan zirrararako gaitasuna. Ez dakit, baina Ixabelen
etorrerarekin bezalako pozik ez dut nik beste inoiz ezagutu. Ritak esaten
zuen, hainbeste mutiko apaju gobernatzeko ongi etorriko zitzaiola alaba bat
eta bere azal ximur eta guzti, huraxe zela munduan zegoen neskatilarik
ederrena.
Neuk ere, zin dagit, haur jaioberriak milaka ikusitakoa izanagatik, ez
dudala Ixabelen ederreko beste inoren oroimenik: ilea eta begiak beltzak
ekarri zituen, amaren ezpalekoak, gorpuzkera, ostera, neurea.
Neska ederra izango zen hura hogei urterekin, ez zegoen zalantzarik.
Besoetan hartzen nuen bakoitzean eta haren esne usain mingostua
usaintzean, halako batean irentsi egingo nuela iruditzen zitzaidan, hain
baitzen ederra pospolina.
Ni neu, eztitan ibili nintzen igeri: Rita neurekin nuen, gure semealabak ere
bai, eta gero eta gutxiago falta zen behin betirako ni neu izateko. Madrilgo
Burtsa Etxea lehertzeko dena
neukan prest eta antsitan nengoen hartarako, nola mendizalea gailurrerako.
Itzuleraren kronika
Aski ezaguna da gero gertatutakoa baina utz iezadazue, besterik ez
bada, jazotakoa era burokratikoan kondatzen: Madrilgo Burtsa Etxearen
leherketa aparteko ekintza borobila izan zen. Didier Dorise eta Joxe Elosegik
emandako leherkaria ez zen nolanahikoa eta neuk uste baino hobeto
birrindu ziren bazterrak. Ez zen deus zutinik geratu eta hori gutxi balitz,
aparteko alibia neukan nik: leherketaren une berean, amaiera eta esker
oneko hitzak esaten ari bainintzaien Europa guztitik etorritako ginekologoei,
Espainiako Ginekologoen Elkartearen izenean gainera. Nork pentsatu behar
zuen neu izan nintekeenik entzun genuen burrundara izugarri haren
eragilea?
Hantxe bertan bukatu zen gure bilera eta gero ahal izan zuena egin zuen
norberak, Leialtasunaren Plazarantz zihoazen suhiltzaile, polizia eta
anbulantzia ugarien sirenen artetik.
Nik neuk, artez bideratu nituen neure pausoak hoteleko gelarantz eta
ekipaia jaso ostean, taxi bat hartu nuen aireporturantz. Ez nuen atzera
begiratu nahi, hildakoren bat gora edo behera, inork ez bezala bainekien
han gertatutakoaren berri.
— Otra vez esos cabrones de vascos24 —esan zidan taxilariak, eserlekuan
egokitu nintzen bezain pronto.
— ¿Qué dice usted?25 —galdegin nion, bapateko baieztapen hark ez
baitzidan astirik eman ezertarako.
— Le digo que otra vez han sido esos cabrones de vascos los que nos han
vuelto a joder. Si en mis manos estuviera, me los cargaba a todos de una
vez y santas pascuas26 —erantzun zidan, bolanteari irmoki eta gorrotoz
heltzen zion bitartean.
— Oiga que yo también soy vasco27.
— Bueno, yo me refiero a los de la ETA esa que son unos cabrones. Ya sé
que también hay gente respetable como usted entre los vascos28.
— ¿Cómo sabe que yo soy respetable y que no soy quien ha provocado la
explosión29? —galdegin nion, txantxarako ematen zidan aukera ustiatuz.
— Salta a la legua que usted es imposible que sea uno de ellos. Usted es
por lo menos un ejecutivo, o profesor o algo así, porque a un taxista que ha
visto tanto como yo el olfato no le falla nunca30.
— ¿Y usted cree que en ETA no hay gente como yo?31
— Estoy segurísimo de que usted con esa cara no puede matar ni una
mosca. Ni aunque ahora mismo me sacara usted una pistola le podría yo
creer que es usted capaz de hacer daño a nadie. ¿A qué se dedica Usted?32
— Soy ginecólogo33.
— Ve, ya se lo decía yo, que a este taxista el olfato no le engaña. Si fuera
usted de la ETA no dude usted que yo mismo le arrancaba el pescuezo
ahora mismo34.
Barajasera iritsitakoan, goitik behera miatu zituzten Sondikako aireportura
gindoazenon agiri eta poltsak. Polizietako batek Madrilen zertan egona
nintzen galdegin zidan eta Ginekologoen Simposiumean partaide izan
nintzela erantzun nionean, “Perdone usted, doctor, lo acabo de reconocer
del Telediario35” esan zidan arraiki. Batzutan gostu ematen du mediku
izateak eta batez ere, nik bezalako itxura geza edukitzeak. Erregea bera ere
hil nezakeen nik, inorengan batere mesfidantzarik sortzeke.
Hegazkinean astia euki nuen egindakoaz gogoeta egiteko. Batere damurik
ez zen ageri nire baitan, areago esango nuke: amestutako gizon berriaren
biriketan hasi nintzen sumatzen abioi barruko aire egokitua eta azafatak
ezer nahi ote nuen galdegin zidanean, baietz erantzun nion, txanpaina kopa
bat gustora hartuko nukeela.
Bidaiarietako zenbait ezagunak nituen, ni bezala haiek, Madrilen ibili
ostean etxera zihoazen. Gertatutakoaz goibeldurik, beste ezer ez zerabilten
hitzetik hortzera, baina sakon-sakonean denak ziren pozik itzulerarekin eta
Madrilen instant bat gehiago egin beharrik gabe. Ez zuten inoren galderei
erantzuten ibili beharko, ez zitzaien, behingoagatik, euskaldunek zer nahi
zuten kontatzen ibili beharrik egokituko, eta inolako nahasmendurik sor ez
zedin, eta euren izena guztiz garbi geratzeko, ez zituzten euren buruak eta
iritziak traizionatu beharko eta euren etxeetan esatera ausartuko ez
liratekeenak esatera derrigortuko. Behingoagatik bada ere, ez zuten
adierazkaitza adierazten ibili beharko. Ez zuten gormutuen aurrean, guztiz
garbiak zirela frogatzen ibili beharko, eta batez ere, ez zuten euren lotsa
intimoa inoren aurrean irentsi beharko. Lehenbailehen iritsi nahi zuten
guztiek etxera, bistakoa zen hori.
Ni neu pozarren nengoen ostera, neure eserlekuan sartu ezinda.
Iruditzen zitzaidan begietan antzeman behar zidatela nire balentria. Simon
Azkue lehendik ere errespetatzen zuten baina Burtsakoaren ostean gizon
ikaragarria eginda nengoela iruditzen zitzaidan. Atzean lagata nituen
Madrilen egindakoak eta lehenagoko guztiak Azkue Doktorearen Sistimak
eragindakoa baino poz handiagoa neraman barnean egoki kokatu ezinda
eta iruditzen zitzaidan uholdeka irtengo zitzaidala kanporantz poz guzti
hura, ontzian gainezka egiten duen esneak bezala, eta gainezkako haren
bitartez bustitakoan, poztu egingo nituela inguruko oro ere neure
zorionaren bitartez.
Gizon berria nintzen azkenez eta neuk bakarrik erabakitako bidetik
gainera. Akabo ordura arteko zalantzak eta belzkeriak. Ez nintzen gehiago
neure buruarekiko duda-mudatan ibiliko, eta noizbait, espero gabeko
zerbaitek eraginda goibeltzen banintzen, beti eukiko nuen entzundako
burrundara zoragarriaren akordua nire baitan, ataka berritik irteteko.
Madrilgo Burtsa Etxearen errautsetatik elikatuko nintzen hil artean eta ezerk
eta inork ez zuen ahal izango neure burua kolokan jarri, lehen erdipurdiko
hondarrez egina zena, harri bihurturik baitzegoen orain.
Gizon ahaltsua nintzen zinez, jainko txiki bat, ginekologoaren azalaren
pean. Hegazkin hartan zihoazen gizon guztiek batera baino gehiago balio
nuen nik, ordura arte erdigizon izandako honek. Han ziren jaunkote guztien
artetik, bakarra ere ez zen ni beste norberaren erretena garbitzen eta
tajutzen. Han zeuden guztiek borobilduta zekartzaten seguruenez euren
enpresen negozioak Madril aldetik, baina bakar batek ere ez zeukan
adorerik eta kemenik nik burututakoa egiteko. Inor ez zen han ni bezain
erraldoi eta gizon. Inor ez nire parekorik.
Beste txanpain kopa bat eskatu nion aeroneskari eta edan ondoren,
begiak itxita geratu nintzen neure aldaketaren gozamenean. Tarteka, Rita
emaztearen begiak irudikatzen nituen eta, zergatik ez esan, Iñaki, Felix,
Ixabel eta Bladi ere ekartzen nituen noiznahi gogora. Senar eta aita
berriaren inguruan ikusten nituen denak biraka, harexi ahozabalik behaka.
Gizon handi haren itzaletan gozo, denboran aurrera. Zernahi ekarri ahal izan
nuen gogora Madriletik etxerako bidaia hartan. Zernahi gauza bakarra izan
ezean: indarrak eginda ere, ezin ikusi nuen Hansen ifrentzua, Hansen irudia,
Hansen aurpegia nire irudimenean. Guztiz ezabatua geratu haren itxura nire
barne irudien artxibotik.
Lehen beti present zen traba hura, Madrilen geratu zen, antza, Burtsaren
harrietako zuztarretan hondoratuta. Telebistan ikusitako hiletaren irudiak
gogora ekartzen saiatu nintzen, Ritak izkutuan edukitzen zituen argazkietan
ezagututako begiak eta ile gorriak burura ekartzen ahalegindu nintzen,
baina alferrik izan zen guztia. Nahita ere ezin. Segur nintzen, gainera, Rita
ikusitakoan ere ez zela inondik agertuko Hans Lauerren irudirik, ez zela
agertuko sekula haren akordurik gure artean, nire baitako argi berriak
estaliko baitzituen oroitzapen tristagarriak oro eta itsutuko baitzuen gure
memoria, nola arratsaldeko eguzkiak porturako bidea.
Bizimodu berria
Madriletik itzuli eta Ritak labean erretako barbarinak afaldu nitueneko gau
hura, Gizon Berriaren lehen gaua izan zen niretzat. Nekatuta iritsi nintzen
etxera, aste guztia Madrilen ibili eta gero. Hiru mutikoak amonaren etxean
ziren eta gure ohean Ixabel txikia zegoen lotan kizkurtuta. Seguru asko,
hegazkinean nirekin batera etorritako guztien etxeetan antzeko eskenaren
bat gertatuko zen, nor bere habira iritsitakoan baina, hori hala zela jakinda
ere, niri bakana iruditu zitzaidan gure etxekoa.
Eztiki eraman nuen Ixabel gure ohetik gelako sehaskara eta bere
gorpuzñoaren pisu arina nire besoetan nuela, aurpegira behatu eta
irribarrez esan nion ez izutzeko nirekin. Aita Berria ninduela, bai, baina
lehengoa baino hobea. Lehenago baino hobeto zainduko nuela une hartatik
aurrera, leku gehiago baineukan nire baitan berari eskeintzeko. Esan nion,
nire barneko xaiatik bota egin nituela alferrikako sareak eta tresnatzar
zaharkituak, garbi-garbi neukala jarrita dena barnean eta handik aurrera
berarentzat eta bere hiru nebentzat izango zela ordura arte neure buruari
eskaini nion alferrikako denbora guzti hura. Eta amatxorentzat ere bai,
jakina. Amatxorentzat ere izango zen handik aurrerako denbora guztia.
Bere loa eten gabe entzun ere ez zidan egingo gaisoak baina, batbatean,
irriño bat egin ote zidan iruditu zitzaidan bere gelarako ilunpetako bidean.
Musu eman eta amultsuki etzan nuen bere lekuan.
Etorriko zenerako eskenategia prestatzen hasi nintzen horrela, neke
guztien gainetik, Rita neure egiteko gogoa baineukan gau hartan. Gauza bat
eta beste, hilabeteak ziren elkarrekin haragi lanetan egon gabeak ginela.
Prezeski, Alemaniara bidaia egin aurretik utzi genion elkarren dastamenari,
Ixabel handiegi baitzegoen orduan Ritaren sabelean gu biok maitasun
jolasetan hasteko.
Afaldu bitartean Ritak ez zuen Madrilen gertatutakoaz txintik ere esan.
Beti izaten zen halatsu bazterren batetik indarkeria ekintzaren batek
muturra bistatzen zuenean. Baina gaizki diot, ez zen beti hala izaten, ETAk
ekiten zuenetan bakarrik geratzen zen isilik eta mutu Rita, gertakariaren
gaia saihestu nahirik bezala. Ekiten zutenak poliziak edo bestelakoak baldin
baziren, orduan Ritaren ahoa zingira zikin bihurtu eta sekulakoak isurtzen
zituen ezpainetatik kanpora. Ez da sinestekoa halako emakume eztiak nola
ager dezakeen batzutan osinezko mihingainik.
Ritaren ustez menpekoak eta txikiak egindako oro da barkagarri. Baita
izugarrikeria ere. Zerbait gertatzen den bakoitzean, berak ezer ez esateaz
gain, ez du nahi izaten beste inork esandakoa entzuterik. Ez du ezer jakin
nahi izaten txikiaren kontrakorik. Erlijio mardul bilakaturik dauka fede arin
hori. Ederki ikasita daukat nik ikasgaia eta gure etxean albiste negargarriak
ezagutuko ez bagenitu bezala jokatu behar izan dugu beti, ETAk zerbait
egiten duenetan. Gehienezko kexu gisara, “oraindik hala ibili beharra ere”
entzun izan diot noiz edo noiz Ritari.
Aitzitik, esan bezala, espainolek eta frantsesek egindako orori erizten die
beti bihurri, baita presoren bat edo beste tantoka aske uzteari ere. “Zerbait
badiate orain ere, horiek ez zekitek guri dohaineko mesederik egiten”
esaten du halakoetan, ez dagoela sekula etsaiarekin fidatzerik eta eskatuko
digutela ordain garestia, handik ez bada, hemendik.
— Gure galzoria nahi ditek, schatz —esan izan dit— horregatik ez ditek
sekula ezagutuko nire errukirik.
Ni ez nintzen izaten beti Ritaren uste berekoa baina, aitor dezadan, harrotu
egiten nintzela nire emaztea horren doilorki jokatzen ikusten nuen
bakoitzean. Iruditzen zitzaidan gure arbaso emezko guztiek jokatuko
luketen bezala jokatzen zuela berak, etsaiak gorrotatuz eta anaiak
maitatuz, ahula goretsiz eta indartsua gaitzetsiz. Badauka pentsatzeko era
horrek halako emetasun edo amatasun bat galtzailearen jokabidea egiazko
bihurtu eta tinko iraunarazten duena, gure herriko emazteen baitan.
Berdin zaio Ritari komunikabideetatik zertzuk kontatzen dizkioten. Denak
dira gezur borobil berarentzat. Bere sofrimenduak iturri bakarra dauka, eta
hala, politikari edo poliziaren bat tiroka akabatzen duten bakoitzean,
hildakoaz baino gehiago errukitzen da tiro egin duen mutilaz, errazagoa
baita Ritaren ustez norbera hiltzea, hurkoa akabatzea baino. ETAko
partaideek eginiko izugarrikeriareik larriena zekien eta daki ulertzen berak,
edo hala iruditzen zait niri, behinik behin.
Berehala ohartu nintzen gau hartan, Madrilen nik egindako triskantza,
taxistaren antzera, ETAkoei egozten ziela berak ere, ez baitzuen nahi izan
gai hura afalordu guztian aipatzerik. Udazkeneko usoak bezala pasatzen
ginen gaiaren gainetik nik elkarrizketa hartara eramaten nuen aldioro.
— Norbait harrapatuko ditek orain ere eta jipoituko dizkitek ederki gaiso
horiek komisaldegian —Horixe izan zen esan zuen guztia, ez besterik.
Hortik aurrera neuk hartu nuen hitza, halako barne mina eragiten baitzidan
nik egindako balentria Ritak besteren bati egozteak. Ezin nion ezer esan,
are gutiago beragatik egin nuela egindako guztia aitortu, baina hortik nire
meritoa beste norbaiti ematera, bazegoen demaseko tartea.
— Nola dakizu ETAkoak izan direla? —galdegin nion.
— Nor bestela? —erantzun zidan.
Eta neu ere mutu geratu nintzen, ezer erantzun ezinda. Ritak ez ezik,
mundu guztiak pentsatuko baitzuen horixe: Simon Azkuek egindakoaren
erantzulea ETA zela. Kaka putza. Gizon Berria bera ere jeloskor jartzeko
modukoa zen hori.
Izanak izan, ez neukan lehenengo gau hura nire pentsamenduen erruz
galtzeko asmorik eta ez genuen gehiago Madrilgo Burtsarik aipatu afaldu
bitartean. Gure hitzak eremu gozoagoetan ibili ziren eta biok konturatu
ginen, aspaldiko asteetan elkar ikusi gabe ibiliak ginela. Ritak irriz esan
zidan,
— Edertuta itzuli haiz Madriletik Simon.
— Halaxe dun, maitea —erantzun nion nik harroki— hiregatik dun hori.
Sukaldea elkarrekin jaso ondoren, kafe antosinkada bana hartu genuen eta
ondoren, sekula ez bezala, Martell kopa beretik edan genuen biok gozoki.
Rita bera izan zen etorriko zenari sarrera jarri zion lehenengoa.
— Ez zeukat batere minik, ahaztuta zeuzkat Ixabelen puntuak —esan zidan
eta nik ezin euki nuen hura baino gomite ederragorik.
Nire bizitza guztiko gaurik ederrena izan zen hura, elkarren aldamenean,
gainean eta azpian jarrita, edonola, ikusten nuen neure burua Paradisuan
sartuta. Bata bestearen barruan, biok erabateko zorionean. Lotarako begiak
itxi baino lehen, berriro esan zidan edertuta itzuli nintzela Madriletik, eta ez
hori bakarrik.
— Ez zekiat Simon, gaztetuta topatzen haut edo, behinik behin, aldatuta.
Beste bat dirudik.
Nik dakidala ez dut sekula ezagutu gau hartakoa bezalako loaldi sakonik.
Haur nekatuek bezala egin nuen lo, nola harri koskorrak bere lekuan.
Koskarik gabetan
Irrigarriak egin zitzaizkidan biharamonean erosi nituen egunkari guztiak.
Denek erakusten zuten argazki haunditan, Madrilgo Burtsa makurtua,
suntsitua eta birrindua. Bestetan baino gehiago salduko ziren egun hartan
egunkariak, seguru. Guztiek aipatzen zuten gertaeraren izugarria eta
hildako hamazazpien zerrenda.
Barkaidazue krudelkeria baina nik egindako lehenengoa, zerrenda
horretan euskal abizenik ba ote zen begiratzea izan zen. Behatzaz irakurri
nituen goitik behera: Cervera, Cuevas, Gutierrez, Hermoso, Zambrano eta
horrela. Bazen bat, ordea, Lopetegui deitzen zena eta berehala jo nuen
orrialdeetan barrura, nor ote zen jakitera. Lasai hartu nuen arnasa gutarra
ez zela jakin nuenean: “Jose Manuel Lopetegui, 37 años, natural de Cuenca.
Se encontraba revisando los equipos de relojería cuando sucedió la
deflagración. Deja mujer y dos hijos de corta edad”36.
Hildakoen artean ez zegoen Louiseren antzekorik ere eta horrek Baionako
Katedralaren erabakia aldatu izanaz poztu ninduen. Batek jakin zer-nola
hartuko nuen Katedralaren harrien azpian, dohakaberen bat hartu izan
banu. Madrilen hildako gehienak, ordea, Burtsa korridoreak ziren, Burtsako
langile arruntak edota garbitzaileak. Inor apartekorik ez.
Dena irten zen, beraz, borobil. Ekintzarekiko jabetzaren arazoak baizik ez
ninduen kezkatzen. Denek egozten zioten ETAri han gertatutakoa. Barne
Saileko Ministroak, egileak zeintzuk ziren ere esan zuen agiri batean. Ziur
zegoen Pizkor komandokoak bakarrik izan zitezkeela hain gordinki
aritutakoak: Santurtun, Beistegi eta Lopez de Guereñu izeneko hiru
gazteren erretratoa argitaratu zuten ia egunkari guztiek. Euren berri
emanez gero, hamar milioi pezetako37 saria zegoela salatariarentzat.
Betebehar demokratikoa zela hori eta deitzeko 900676767 dohaineko
telefonora. Eskerrik asko.
Horixe egin nuen, beste ezer baino lehen. Telefono kabina batetik
hotsegin nuen 900676767 telefonora eta Santurtun, Beistegi eta Lopez de
Guereñuk ez zutela Madrilekoa egin esan nien. Pizkor Komandoaren kontua
ziri hutsa zela, alegia.
— Dígame su nombre y dígame en qué se basa su afirmación38 —erantzun
zidan idazkari ongi trebatu batek.
Antzarrak perratzera bidaldu baino lehen “Neuk egin baitut Burtsaren
kontrako ekintza” erantzun nion euskaraz.
—¿Cómo dice39?— galdegin zidan azkenez, eta telefonoaren eskegiteko
klikada baizik ez nion eskeini, putaseme hari.
Sutan jartzen ninduen inori ezer esan beharrak baina, egia, harro esan nion
telefonoaz bestaldeko ahots hari, neu izan nintzela eta ez beste inor,
Madrilgo Burtsa Etxe famatua hegan bidali zuena. Nik, eta ez beste inork,
jarri zizkiola hegoak, alegia, Burtsaren etxetzar hari. Izenik aipatzeke, Simon
Azkue egiazko jainko txiki bat dela adierazi nion, bere zizare erreinuaren
gainetik.
Ondorengo egunak Paradisuaren erdiko trontzotik hartutako modukoak
gertatu ziren Rita eta nire artean. Nik ez-ezik, berak ere begi berriak
erakutsi baitzizkidan nigana jarrita.
— Schatz, ez haiz lehengoa bera —esaten zidan behin eta berriz, edozein
aitzakirekin.
Dena joan zen pikutara, ordea, Espainiako Barne Ministroak egindako
adierazpen batzuren kausaz. Komunikabide guztiak bildu zituen bere
inguruan, nik ez beste inork gezurta zezakeena adierazteko: Madrilgo
Burtsako ekintza burutu zutenak atxilotu egin zituztela eta berandu baino
lehen jarriko zituztela epailearen eskutan. Ez zegoela zalantzarik. Guardia
Civilak harrapatu zuela, ikerketa neketsuen ondotik, Pizkor komandoa. Kaka
putza berriro.
Alde batetik pozik egon beharra neukan ez baitzebiltzan nire atzetik
baina, bestetik, ezin eraman nuen nik eginikoa inori leporatzerik. Neu
nintzen Madrilen geratutakoaren erantzule bakarra eta nardagarria egiten
zitzaidan hiru gazte haiek komisaldegian jasotzen ari zirena irudikatzea.
Louise bezalako dohakaberik ez nuen Burtsaren harripean harrapatu baina
hiru errugabe haien egoera errukarria egiten zitzaidan.
Dena apur bat gehiago korapilatze aldera, zenbait egunen buruan,
komunikabide guztiek zabaldu zuten Pizkor komandokoek onartu egin zutela
epailearen aurrean Madrilgo Burtsa lehertu izanaren ardura. Eurek jarri
zituztela leherkariak, Burtsaren zuztarretan.
Zerbait egin beharra neukan baina, zer egin, ordea? Ezer esan gabe inori,
nola adierazi mundu guztiari Simon Azkue zela gertatutako guztiaren
erantzule bakarra? Neure Bizitza Berria arriskutan jarri gabe, nola erakutsi
neu nintzela balentriaren egilea?
Kezka horretxi irtenbiderik aurkitu ezinda egon nintzen ondorengo hiru
hilabeteetan. Ez atzera eta ez aurrera, inolako erabakirik ezin hartuta ibili
nintzen, putzuan geratutako izkira bezala. Neure erruz kiskali egingo
zituzten hiru gazte haiek, oliotan ondo frijitu lehendabizi eta izozkailuan
betirako sartuko zituzten ondoren.
Horrexetan euki zuen, eta horrexetan bakar-bakarrik, nire ekintzak
akatsa. Seinale bat, zigilu bat, nolabaiteko sinaduraren bat egitea ahaztu
zitzaidan Madrilen eta damu nintzen, biziki damu. Aski nuen, leherketa baino
lehen, telefonoz beste erakunde edo norbaiten izenean, atentatuaren
jabetza erreklamatzearekin. Aski izango zen piromano ero bat nintzela
aitortzearekin, edo antikapitalista sutsu bat. Poliziak bai baitaki ETAk ez
duela sekula gezurrik esaten horrelako gauzetan eta aski izango zen hori
gauzak hainbeste oker ez zitezen. Ez zegoen, ordea, atzera egiterik.
Egindakoa eginda zegoen eta akats bakarraren zama horretxekin egin
beharko zuen aurrera Gizon Berriak, dordokak bere oskolarekin bezala.
Gainerantzeko gauza guztietan, Simon Azkue Berria gizon zoriontsuaren
paradigma izan zen handik aurrera. Ez zen egon egunik, arnasa hartze
hutsaz gozatzen ez nintzenik, hainbestekoa baineukan bizipoza.
Lehenagoko burutazio beltz guztiak, Madrilgo harripean geratu ziren
harrapaturik eta Hans Lauerren akorduak ez zuen sekula berriro muturrik
ere erakutsi gure etxean. Ez aipamenik ez eta ere oroitzapenik. Haizeak
eraman zuela zirudien, ahazturaren eremura. Gainera, Gizon Berriak asetzen
zituen denak, emazte eta senide, lankide eta adiskide.
Mendiondok ere aitortu zidan egun batez, ez nintzela lehenagokoa bera,
beste bat nirudiela. Berriro hasi nintzen nire zizareen loriatik edaten,
deitutako lekuetara joaten eta horrek harritu egiten zuen Mendiondo, bai
baitzekien zenbat gorrotatzen nituen lehenago horrelako betebeharrak.
— Norbera ondo dabilenean, Inazio, gainontzeko guztia tajuz egoten duk
gehienetan —erantzun nion.
Esan liteke, beraz, Madrilekoa gertatu eta gero, ez dela egon nire pareko
gizonik: gauza txikienak haundi iruditu zaizkit handik hona eta arazorik
handienak txiki. Aingerututa ibili naiz geroztik, ia lurrik ere ukitu gabe,
zorionaren hegadan. Hiru mutil haien akatsa izan ezean, borobila zen guztia.
Huraxe nuen koska eta huraxe samina. Horregatik aldi berean atsekabetu
nintzen eta aldiberean lasaitu, polizia andana bat zarataka erori
zitzaidanean gainera, Ospitaletik etxera nindoan arratsalde batean.
Preso ninderamaten, preso, esku biak atzean bortizki loturik. Harrapatu
egin ninduten eta orduan bai, desagertu egingo nintzela iruditu zitzaidan
plazerez, instant batean aire gozo edo argi eder bihurturik. Batere akatsik
gabea bihurtu baininduen nik egindakoa lau haizetara zabaltzeak, Simon
Azkueren albiste egiazkoak edonora hedatzeak.
Gauza guztien gainetik bizi naiz harrez geroztik, erabateko
borobiltasunean, nola izarra ekialdean.
Mendiondoren gutuna
Geroagokoak dira komisaldegi eta epaitegietako galdeketak, ikerketak eta
zigorketak. Harriturik utzi nituen denak, ahozabalka eta nik adierazitakoak
sinetsi ezinda. Emakume batengatik egin nuela egindakoa erantzuten nien
galdetzen zidaten guztiei eta inork ulertzen ez, edo ulertu nahi ez, behinik
behin. Ez eta Juan de Dios Ramirez epaile jaunak ere, epaiketa egunean
bertan. Berak ulertzen ez eta nik ezin adierazi bestela. Ezin ulertu ohi du
gizon arruntak, ni bezalako gizaseme goitiarrik bizi daitekeenik mundu anker
honetan. Nik ez bezala, egunorokotasunean galdurik, ezkurra baizik ez baitu
amets gaurko gizakiak. Gizaki gaiztatuak, alferrik galduak, atzera pausoan
abiatutakoak.
Geroagokoak dira, bai, epailearen gartzela sententzia eta lau horma ilun
hauen presentzia, geroagokoa nire betirako bakardade gozo hau, uneoro
Gizon Berriarekin adiskidetzen nauena.
Egun bakoitzaren atzetik etortzen da beste bat, eta gero beste bat.
Guztietan hartzen dut gozamen nire zorion honetan. Atseginez hasten dut
goiza eta atseginez bukatzen arratsa, bizi izandako une oro eskertuz nire
adorearen arnasari. Lorik ere ez dut ia egiten, bizi beharraren beharrez.
Gizon Berriaren baitatik elikatzen naiz behar beste eta ez dut deusen
damurik eta gogorik nabaritzen barnean. Etorkizuneko gizona naiz ni, mende
batzuk barru ezagutuko direnak bezalakoa. Lurtarra baino gehiago
zerutiarra, edo hala nahi bada, bere baita hutsez eraikitakoa. Azalik eta
batere bestelako apaindurarik gabea. Mami hutsa, lehenago ere aitortu
bezala. Gizon guztiz asetua naiz, azken finean.
Zer utzi dut, bada, kanpoan? Zer da zuek bizimodua deitzen duzuen hori,
denboraren asasinatze oharkabea ez bada? Non aurkitzen duzue zorion?
Zer zaizue laket benetan?
Zuen maitatzeko erak, itxura ere ez du benetakorik. Ez dakizue ezagutzen
egiazko gurariaren usainik eta ez haren igurtzirik. Nahasten duzue funtsa
alferrikakoarekin, eta pozik bizi zaretelakoan bizi zarete poza zer izan
daitekeen somatu ere egin ezinda. Zaharrak zarete, gizon eta emakume
zaharrak, antzinakoak. Alferrik galdutakoak.
Mendiondo lagun handia ere zuen artekoa da: ez daki bereizten gauzen
egiazko funtsa, azalekotik. Ez daki, eta ezin jakin, ni bezalako gizonaren
bihotzak ez daukala bere baitakoa ez den atseginik. Malgua begitandu
arren, ez daki, azken finean, egiazko izaeraren egiazko erretena
zenbateraino den estua eta tinkoa. Mendiondo gaisoak ez daki ezer. Agerian
utzi zidan hori duela egun batzuk gartzela honetan jaso nuen bere gutunak.
“Hogeita hamar urtean gutxienez ongi presoturik edukiko hauten
segurantziak bultzaturik natorkik hitz hauekin. Neuk esanda, eta ez bestela,
nahi baitiat hik jakitea, neu izan nintzela polizia hire ondotik jarri ziana. Neu
izan ninduan, muturra hire posta elktronikoan sartu eta hire Ritaren pausoak
ordenagailuko gutunean ezagutu eta jarraitu zituena. Neu izan ninduan Joxe
Elosegirekin mintzatu ondoren, gezurrezko faktura haien arrastoa atera
zuena. Ez zitzaidaan asko kostatu. Elosegik ere ez baihau oso gogoko,
Simon.
Hark, neuk bezala, gizon hantuste eta burgoitzat hauka. Berak esan
zidaanez, hik Parisa eginiko bisitaldian argi ikusi omen zian mesprezuzko
jokaera hiregan, heu guztiz garbia eta bera putzu ustela bazinate bezala.
Argi esan zidaan, hire aldetik ez zuela jaso behar besteko esker
ganorazkorik eta damu zela, hirekin hain adi jokatu izanaz. Nik bezala berak,
hire begi eta jokaeran ikusi zian, gizon harroputz ezdeusa hintzela. Ez
besterik.
Oroitzen al haiz laborategira etorri hintzen lehenengo egunarekin? Hi han
sartu ordurako, beste batzuk bageneramatzan urteak sekulako
ahaleginean. Hi agertu behar, ordea, zizare aluen meritoarekin eta heu
izendatu hinduten zuzendari. Heu nire zuzendari. Ni baino gazteagoa, ni
baino dorpeagoa eta ezgauzagoa, baina heu, eta ez ni, zuzendari.
Izorra hadi, Simon, asasino ero hori. Ustel hadi eure saldatan betirako.
Beranduegi duk orain niretzat eta hiri eskertu beharrekoa diat lorpen hori
ere.
Ohartu ere ez hintzen egin laborategian gertatzen zenarekin. Ikusi ere ez
gintuan egiten hik eure Jaungoiko uste horietan itsututa, eta nire
lausenguak izan ezean, ez huen entzuten beste mezurik.
Zela-halako ikerlaria baizik ez haiz izan beti, erdipurdiko zientzialaria.
Lankide txarra eta adiskide baldarra. Deus emateko gai ez eta beti zurrupan
edonori. Izorra hadi, Simon. Betirako izorra hadi putaseme kabroi hori”.
Gaixoa Mendiondo. Ez daki ondo nire berri. Zenbat zor diodan ez da
ohartzen, gaixoa. Ez daki eta ezin du jakin, berari esker borobildu dela
guztiz Gizon Berria. Neuk aitortu ezina gainditu baitzen, horrela, bere
salaketarekin.
Nik egindakoaren jabetza itzuli zitzaidan horrela niri. Neu naiz, beraz,
baita Rita eta mundu guztiaren aurrean ere, neure ekintzaren erantzule
bakarra. Neu naiz, eta ez beste inor, egindakoaren jabea. Berreskuraturik
dago, bada, aitortu ezinak ohostutakoa.
Eskerrikasko Mendiondo. Eskerrikasko adiskidea, ezin izango diat sekula
ordaindu hainbesteko zor haundia. Beti izango nauk zordun hirekin, nola
bandera haizearekin.
Azkena
Uste baino arrazago irten zaizkit lerro guztiok. Hasierako beldur haiek
hitzok idatzi ahala joan dira ezkutatzen, barea harri azpian bezala. Hitz
bakoitzarekin nabaritu dut ene egia argituago, adieraziago. Hitz
bakoitzarekin handitu naiz eta egin naiz aske. Orain ez dago zalantzarik eta
azkureak desagertu egin zaizkit oro, bizkarraren erditik. Barnean neukan
harra geratu da betirako hilik.
Inorentzat ez dute izanen, agian, baliorik baina nahi duenak badaki non
aurkitu Gizon Berriaren albisterik. Non eredurik.
Oraindik ez dakit zer egin paper hauekin. Botilarik ez dago hemen eta
itsasorik ere ez. Agian hegaka jaurtiko ditut, patiorako leihotik. Ez dakit.
Berdin zait hori.
Simon Azkuek ez dauka ezeren beharrik, aski baitu bere baita hutsarekin.
Ez beraz eduki niganako kupidarik. Zuek zarete hemen kupidagarriak,
benetako errukarriak. Nik egindakoari izugarrikeria dela iritzi eta lotsatuta
zaudeten guztiok, ez duzue ulertzen fitsik. Ez dakizue Egiazko Gizonaren
berririk.
Zalantza dut, ordea, Rita ere ez ote den zuen artekoa eta ez ote duen
nahiago gezurrezko neurrietan bizi. Ez dakit argi ongi ulertu ote duen nik
egindakorik.
Ez dut berarekin ganoraz mintzatzeko astirik izan baina duela hilabete
batzuk agertu zen aldi bakarrean, guztiz ederra ikusi nuen, mintzagelako
leiharraren atzean. Beltzez jantzita etorri zen goitik behera eta iluntasun
hartan, bere begiak argi bakar egin zitzaizkidan, itsasoan farola bezala.
Nekatuta zegoela esan zidan eta une batez, malkoek areagotu zuten
bere edertasuna. Nekatuta zegoela esan zidan bai, eta erantzuteko
benetan egin behar zizkidan galderei.
Oraindik ez da jabetu, dohakabea, nahiago dudala hilik berari gezurretan
ibili baino. Ez da konturatu, maitea, bere argitako eguteran soilik hazten
dakien izakia naizela. Ez du ezagutu oraindik, gu biontzat lur honetan sortu
dudan zeruaren albisterik. Ez zidan ezer esateko astirik eman.
Madrilgo Burtsa Etxea neuk lehertarazi ote nuen galdegin zidan
lehendabizi eta baietzaren ondotik, zergatik egin ote nuen hori galdegin
zidan gero. Batere zalantzarik gabe erantzun nion nik egia, gordin-gordinik.
- Zuregatik maitea, zuregatik.
Istan hartan jeiki egin zen bere jezarlekutik eta alde egin zuen nire
bistatik. Ez da gehiago etorri. Inoiz etorriko ote den ere ez dakit. Baina
berdin zait hori.
Ikusi gabe ere badakit Rita non dagoen une honetan eta zertan dabilen.
Parkeko gure eserlekuan, mimosen azpian, Peneloperen antzera, niretzat
trikota egiten.
Aurrean du itsasoa eta atzean zelai berdea. Erdian dago bera, niretzako
hariak bata bestearekin josten. Azkar mugitzen ditu horratzak eta jolas
horren lilurak harrapaturik, laster hurbilduko zaio gizonezko bat eta bi
besoak luzatzeko eskatuko dio Ritak mataza hariltzen laguntzeko.
Askatzenago sumatuko du gizonak bere barrena eta erabat maitemindu
baino lehenago, jertsea norentzat ote den galdetuko du, irrikitan.
Egiazko Ulises nor den esango dio orduan, Ritak.