Upload
ikasle-abertzaleak
View
229
Download
2
Embed Size (px)
DESCRIPTION
Pedagogia askatzailea behar dugu pertsona kritikoak hezteko. Ikasleok hezkuntzan hartzaile/objektu huts ez izateko. Gure ahalduntzea bultzatzeko eta bizitzarako tresnak hartzeko. Gure gaitasun desberdinen potentzialitate guztia askatzeko modelo bakar batek ez digulako balio. Erritmo desberdinak errespetatzen saiatu behar dugulako. Eskolak jatorri sozial desberdineko jendeari aukera berdinak bermatzeko balio dezan. Inor bidean gera ez dadin. Pedagogia askatzaile bat ezinbestekoa zaigu Euskal Eskola Nazionalaren bidean, pertsona kritikoz eta autonomoz osaturiko jendartea eraikitzeko.
Citation preview
1. KOKAPEN
OROKORRA
Zergatik pedagogia askatzailea?
Pedagogia askatzailea behar dugu pertsona kritikoak hezteko.
Ikasleok hezkuntzan hartzaile/objektu huts ez izateko. Gure ahalduntzea
bultzatzeko eta bizitzarako tresnak hartzeko. Gure gaitasun desberdinen
potentzialitate guztia askatzeko modelo bakar batek ez digulako balio.
Erritmo desberdinak errespetatzen saiatu behar dugulako. Eskolak jatorri
sozial desberdineko jendeari aukera berdinak bermatzeko balio dezan. Inor
bidean gera ez dadin.
Pedagogia askatzaile bat ezinbestekoa zaigu Euskal Eskola Nazionalaren
bidean, pertsona kritikoz eta autonomoz osaturiko jendartea eraikitzeko.
Gaur egungo testuingurua
Gaur egungo pedagogiak nagusiki gaitasun memoristikoa eta logiko-
matematikoa bultzatzen ditu. Gaitasun hauek neurtzeko ezarri den
ebaluaketa ereduak (azterketak, Selektibitatea) bereziki segregazioa
bultzatzen du: batzuk gai dira, besteak ez.
Pedagogia atzerakoiak ikasleak infantilizatzen ditu, irakasleak orojakileak
eta ikasleak ezjakin eta pasiboak direla aurresuposatuz. Horrez gain,
sistemaren baloreak bultzatzen ditu gaurko pedagogiak, indibidualismoa eta
lehiakortasuna.
Eskola eta unibertsitateetako pedagogia ezer gutxi aldatu da azken
hamarkadetan. Klase-orduen banaketa, adinak, edukiak, unitateak…
zurrunki mantendu dira, nahiz eta frogatua dagoen beste ereduek hobeto
funtziona dezaketela. Ikasleok ordea aldatu gara, jendartea eta mundua
aldatu dira.
Gaur egungo testuinguruan, murrizketen ondorioz, irakasleek ordu
gehiago dituzte, ordezkorik ez, eta honek baliabide gutxiago izatea eta
pedagogia berritzeko denborarik ez izatea dakar epe motzera. Horrez gain,
murrizketen ondorioz klaseak lehen baino gehiago masifikatu dira,
pedagogia berritzeko tarte txikia utziz.
Hala ere, LOMCE dugu pedagogia askatzailea garatzeko oztopo
nagusiena. LOMCEk ekarriko dituen 4 errebalidak ongi egiteko, gaitasun
memoristikoa/logiko-matematikoa eta ikasleok edukiak buruz ikastea
bakarrik bultzatuko da. Ikaslea edukien gordailu, objetu huts izango da.
Batxilergoa Selektibitatearentzako dena izango dira Lehen Hezkuntzako
azken urteak eta DBH. Gainera, eskoletako ikasleen emaitzak publikatuko
dira, eskolen ranking bat eginez.
Ondorioz, azkenean eskolen arteko eta ikasleen arteko
konpetitibitatea bultzatuko da, eta ikaste prozesua memorizatzera
mugatuko da. Ikasle asko bidean geratuko dira. Eskolak segregazioa
bultzatuko du, eta gaur egungo pedagogia atzerakoiean sakonduko da.
1.- PEDAGOGIA (ata teorikoa)
Gaur egun, hezkuntzaren gaineko eta hau ulertzeko ikuspegi
desberdinen berri dugu, azken mendeetan zehar bereziki hezkuntzan aditu
desberdinek egin duten lanaren ondorio gisa. Ikuspegi hauetan dute jatorria
pedagogia ildo desberdinak proposatzen dituzten Decroly, Neill, Freinet,
Freire Gardnerrek besteak beste.
Eskola tradizionalak lehentasunez adimen logiko-matematikoa
garatzea zuen/du helburu eta bestelako gaitasunak alboratu eta ez
baloratzean oinarritu da urte luzeetan zehar. Hau oinarri hartuta, ikasleak
sailkatu egin ditu gai ziren eta gai ez zirenen artean. Hala, ikasle batzuk
emaitza onak atera eta ikasgelako azkarrak, iaioak eta trebeak ziren
bitartean beste batzuk ergelen pareko tratua jasotzen zuten (gaur egun ere
ikus dezakegu). Honekin hautsi zuen Gardnerren adimen anitzen teoriak
(1983), zeinak zortzi gaitasun ezberdin proposatu eta denoi inteligenteak
izatea aitortzen digun eremu ezberdinetan. Ondorengoa azalduz, denok
ditugu gaitasun guztiak baina batzuk besteak baina garatuagoak beraz
denak garela azkarrak eta gaituak. Gardnerrek egindako sailkapenak
hurrengo adimenak azaltzen dira: pertsona barneko adimena, pertsonarteko
adimena, hizkuntza adimena, adimen logiko-matematikoa, adimen
espaziala, adimen musikala, adimen zinetiko-korporala eta adimen
naturalistikoa.
Ikasleengan zentratuz, egoera berriek ikasleoi sozializaziorako
gaitasunaren garapenean aukerak eskaintzen dizkigu. Leku eta jende
berriak gure nortasunaren garatzeko baliagarria da, aurrez izan ditzakegun
“etiketak” (ikasle alperra, pailazoa, isila..) ezabatzeko baliagarria baita.
Autore ezberdinek bat egiten dute, adin desberdinetako ikasleak ikastalde
berean nahastuta egoteak ikasle prozesuan aurrera egiteko zailtasunik ez
dakarrela. Are gehiago, aniztasunaren aitortza egin eta bakoitzak dakien
horretatik egiten diola ekarpena taldeari. Egun baditugu Euskal Herrian
hala lan egiten duten eskola eredu ezberdinak; haien artean Amara Berri
Sistema non ikasleak zikloka dauden antolatuak. Hau da, bi ikasturte
ezberdinetako haurrak nahasturik (1. eta 2, 3. eta 4., 5 eta 6). Beste adibide
bat Eskola Txikiena dugu, non herri edo auzo horretako haur eskolan
elkartzen diren. Eskola hauetan haur kopurua 50 baina handiago izaten ez
denez, LHko haurrak elkarrekin ikasten dute zein kurtsoka bereziak egon
gabe.
Bestetik, ikasgela bat irudikatzeko eskatzen digutenean bi mahaiez
osatutako ilarak datorkigu burura askori. Hala ere, XX. mendeko pedagogo
ugarik haien artean A.Neill edo C.Freinetek bat egiten dute ikasleok
esperimentazio eta elkarrekintzaren bidez ikaste beharrezko dugula
adierazten dutenean. Ondorioz, ikasgelak ikasleon artean hartu-emanak
egon ahal izateko taldeka jarriko gara edo bestela talde handian “U” itxuran
ikasle guztiok elkar ikusi eta hitz zuzendu ahal diogularik. Finean gelaren
antolaketaren arabera klaseak modu batekoak edo bestekoak izango dira,
irakaslea ardatz izango duena eta ondorioz ikasleek paper pasiboa beteko
dutena edota gelakideen arteko eztabaidek nagusitasuna izango dutena.
Edukien antolaketari dagokionez, pedagogo ugarik egiten dute
proiektu globalizatzaileen alde. Hau da, gai zabalak hartu eta bertatik
interesguneak landuz ikastea, modu honetan ikasleoi interesa pizen digun
horretan sakonduko genuke baina zerbait isolatua ez dela ulertuaz beste
askotariko ideiekin lotura dutela jakinaz alegia. Honen aitzindarietako bat
izan zen O. Decroly pedagogo belgikarra. Era berean, eskola berriko autoreek
ez zituzten klase orduak gaur egun dauden moduan antolatzen ordu bete
zerbaitekin ondoren moztu beste zerbaitekin jarraitzeko. Aurrez aipatutako
proiektuen bidez aste oso bat pasa zezaketen gai berdina lantzen, azken
batean irakasleak ikasleengan jartzen zuen arreta eta lanean gogotsu
bazebiltzan horri probetxua ateratzen ahalegintzen ziren.
Ebaluaketak, zera izan beharko luke egin dugun lanaren emaitza,
zeinak ondo egindakoaren errekonozimendua jaso beharko genukeen alde
batetik eta bestetik, hobetzeko ditugun alderdiak zeintzuk diren identifikatu
beharko genituzke. Hala ikaskuntza eraikitzaile bat izango dugu non gure
indarguneen berri izango dugun eta hobetzeko ditugunak jakinik aíz om
egiteko norabidea izango genukeen.
Testuliburuei dagokienean, egun eskoletan ohikoa da irakasleak
hauetan oinarrituz lana egiten eta euskarri bakar gisa erabiltzea. Kasu
hauetan, testu liburu hori egindako autoreen aíz ikuskera barneratzen
dugu ikasleok. Horregatik, garrantzitsu da egileak nortzuk diren jakin eta
hauek duten bertsioaz gain (normalean “ aíz omía nte correcto” edo
bertsio ofiziala) aíz informazio iturri batzuk eskuratze hala gure ondorio
ateratzeko aukera izango dugu gai ezberdinen inguruan hauei buruzko
iritzia propioak eraikitzeko.
Azkenik, etxerako lanak aíz eztabaida gai izan dira ikaste prozesuan
ekarpena egiten duten zalantzan jarriaz. Finean, etxerako lanei zein helburu
jartzen zaien ikusi behar dugu, izan ere aíz irakasleari gelan egindako
bukatzeko denborarik ez ematearen ondorioz etxean egiteko bidaltzen
baititu. Halako kasuetan lan hori burutzeak ez du ez hanka ez bururik.
Etxeko-lanak ikasleen aíz omía garatzeko eta gurasoak ikasleen
heziketan implikatzeko egokiak direla argudiatua zian da aíz. Honek
etxeak ikasleek ikasteko mahai eta gune bat izateko baliagarriak direla ere
arrazoituz. Hona hemen, H.J. Walbergek (1985) esandakoa: “Etxeko-lanak
irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan eragin sendoa du”. Erreparatu
beharreko aspektua izango da etxeko-lana zer, noiz, nola eta zertarako
egiten den.
2.EREDUAK
SUMMERHILLEKO ESKOLA
Filosofia: Summerhill eskola Alexander Shuterland Neill-ek 1921ean
martxan jarritako hezkuntza eredu alternatiboa da. Eskola honen
heziketaren oinarri teorikoen arabera, bizitzaren helburuak zoriontasuna
eta ongizatea behar dute izan eta hori abiapuntu izanik, umeek txiki-
txikitatik inguratzen dutenaren inguruan duten interesaz baliatu behar da
balore horiek helarazi ahal izateko. Bestalde, honakoa lortze bidean
askatasuna eta autoerregulazioa hartuko ditu irizpidetzat Neillek, izan ere,
hezkuntzaren helburua haurrek haien bizitza bakarrik kudeatzeko gaitasuna
izatea da. Dena dela, askatasunaren eta autoerregulazioaren kontzeptuetan
sakonduz, Neillen aburuz, haurrak nahi duena egiteko askatasuna duela
dio, baina beste inor mintzen ez badu. Hala eta guztiz ere, Neillek onartuko
du noizbehinka jarrera autoritaioetara jotzea beharrezkoa izango dela, batik
bat haurren osasuna edota segurtasuna jokoan dagoenean edota haurrak
bere bizitza zuzendu eta arazoak bakarrik konpontzeko gai ez denean.
Bestalde, zigorraren aurka kokatzen bada ere, onartuko du haur batek bere
buruari edota komunitateari kalte egiten dionean zigorra merezi duela.
Honetaz gain, eskola honek sentimenduetan jarriko du interes handia eta
haiek adierazten ikastea ezinbestekotzat joko du. Hau da, adimena lantzea
garrantzitsua bada ere, norberaren sentimenduak ulertzen eta azaleratzen
ikastea ere ezinbestekoa da. Azkenik, sexualitatea modu natural eta aske
batean lantzea ezinbestekoa ikusiko du heziketa prozesua integrala izan
dadin eta bizitza eredu berri bat suposa dezan.
Funtzionamendua: Aurretik aipaturiko ideia hauek betetze bidean,
autogobernua edota haurren asanbladak izango dira Summerhill eskolako
ardatzak. Haurrek Summerhillgo dinamika sozialarekin edo talde-
bizitzarekin erlazioa duen oro astean behin egiten diren asanbladetan
eztabaidatuko dute. Asanblada hauek elkarbizitzaren erregulatzaile izango
dira, beraz eskolako kudeaketaren arauak bertan erabakiko dira. Denek
hartuko dute parte bertan, bai 5-15 urte bitarteko haurrek eta bai langileek
ere, eta denen botoek balio bera izango dute. Asteroko asanblada hau
Summerhillgo parlamentua ere deitua izan da. Bestalde, presidente/gidaria
eta idazkaria astero aldatuko dira.
Azken finean, Summerhilleko ereduak argi azalerazten duena, ikasleen
hitza ere ezinbestekoa dela da eta eskolaren barne funtzionamenduan
honakoa kontuan hartzea garrantzitsua dela ikasleak era autonomo, kritiko
eta iraultzailean hezi nahi baditugu.
PAIDEIAKO ESKOLA
Filosofia: Paideia 1978an jarri zen martxan Badajozen. Garaiko
hezkuntzaren aurrean kontrajarriaz pedagogia libertarioa oinarri izango
zuen alternatiba izanik.
Pedagogia libertarioaren oinarriei dagokienez, ordea, Paideian argi
identifikatzen dute gaur egun formaltzat jotzen den heziketak, gaur egungo
gizarte eredua birproduzitzeko helburua besterik ez duela, hau da, gizarte
indibidualista, lehiakorra, kapitalista… bat eraikitze bidean sortutako
hezkuntza sistema dela. Honenbestez, beste gizarte eredu baten alde egite
bidean, ideologia libertarioa ezinbestekotzat jotzen dute. Honen aburuz,
heziketaren helburuak honakoak behar lukete izan;
-Norbanakoaren askatasuna: beti ere ondokoa kontuan harturik eta
kolektiboan bizitzeko beharrari garrantzia emanez.
-Autoritatearen aurka egitea: Inork ezin du ezer agindu, erabaki
guztiak modu kolektibo eta zentzudunean hartu behar dira.
-Norbanakoaren autonomia: Norbanakoak kontuan hartu behar du
kolektiboan bizi dela, baina bada bere erabakiak, sineskerak edota
dena delakoak eraikitzeko gai eta guztiz askea.
-Jolasa heziketarako ardatz: jolasaren bitartez errazagoa da
eskuzabaltasuna bermatzea, kolektiboaren beharra azaleratzea eta
giro positibo bat eraikitzea.
-Sexu eta klase soziala alde batera utzita, heziketa bateratua; hau da,
heziketa prozesuak ezin du diskriminazio jarrerarik izan,
berdintasuna izan behar du ardatz.
Finean, pertsona libre eta autogestionatuak eraikitzeko, ezinbestekoa
da norberak gogoko duena ikasi ahal izatea, nahi duen leku eta
momentuan.. Bestalde, auto-heziketa oso garrantzitsua beste inoren
beharrik gabe bizitzen ikasteko. Gainera, lan kolektibo eta igualitariorako
bermeak sortuaz, hezitzaileen papera ez da inoren gainetik jarriko, denak
bilakatuko dira maila berekoak. Are gehiago, norberak erabakiko du
ebaluazio bakoitzean zeintzuk izango diren bere buruarekiko eta
taldearekiko hartzen dituen konpromisoak, ez ditu hezitzaileak bere izenean
hautatuko. Bestetik, auto ebaluaketa izango du irizpidetzat, eta horri esker,
azterketak; lehiakortasuna eta presioa suposatzen dutenak, alde batera utzi
eta autokritikarako edota heldutasunerako guneak sortu ahal izango dira.
Funtzionamendua: Esan bezala, pedagogia libertarioa oinarri izanik,
eskolaren funtzionamendua guztiz autogestionatua da. Izan ere, Paideia
kolektibo batek osatzen du, bertan bost pertsona topa daitezke buru belarri
eskolan bertan, baina badaude eskolatik kanpo ere lan egiten dutenak
bertara dirua ekarri ahal izateko. Erabakiak edota ardurak kolektiboak dira
uneoro eta pertsona bakoitzak ahal duena bakarrik ematen duen bitartean
behar duen guztia jasotzen du baita ere.
Bestalde, asanblada bilakatuko da erabakiak hartzeko gunea,
erabakiak kolektiboak izan daitezen eta autoritarismo eza bultza dadin.
Bertan, askatasunez hitz egin ahal izateko abaguneak sortuz arazoak
identifikatzea erraza baita eta honenbestez ongizate kolektiborako erabakiak
hartzea ere.
“Asanblada hezkuntza libertarioaren giltzarria da, izan ere, bertan sortzen
da pertsonen arteko bat-batekotasuna, askatasuna eta komunikazio askea.”
Laburbilduz, Paideiak irakasteko modu berri baten proposamena
suposatzen du, non irakaslea ez den heziketaren gune, denak kokatzen
baitira maila berean. Gainera norberak erabaki dezake zer den ikasi nahi
edo behar duena eta horrek bizitzarako erabakitze ahalmen garatuagoa eta
bizi proiektu autonomo eta osoagoa eraikitzeko bidea ematen du.
MONTESSORI METODOA
Filosofia: Montessori metodoa Maria Montessori hezitzaile italiarrak
1912an argitaraturiko liburu batean oinarritzen da. Honen aburuz, behaketa
zientifikoaren ondorioz heziketa bizitzaren parte gisa definitzen du. Hau da,
haurrek inguratzen dutena ikertu behar dute, horren inguruan galderak
egin eta ondoren galdera horiek erantzuten saiatu, ez zaie ikasi beharrekoa
aurretik zehaztu behar, haien interesetara egokitu beharra dago.
Montessorik zehaztutako metodologia autonomiatik abiatzen da, izan ere,
umeak bakarrik eraiki behar du bere burua eta bera bakarrik iritsi behar da
balore unibertsalak barneratu eta ulertzera.
Funtzionamendua: Montessori metodoa darabilten ikastetxeetan,
adin ezberdinetako ikasleak topatu ahal izango dira klase berean. Bestalde,
ikasleen jarraipenak binaka egingo dira, hau da, hezitzaile bakoitzak bi
ikasle izango ditu jarraipen zehatzagoa egin ahal izateko eta honi esker
norberaren gaitasun eta berezitasunak azpimarratu eta goraipatzea
errazagoa izango da. Bestalde, ikasgela bakoitzak haren curriculumean
iritzia eman eta eragin ahal izateko aukera du, izan ere, curriculuma bera
modu abstraktuan zabalduko da ikasleak izan daitezen hura zehaztuko
dutenak.
HOME SCHOOLING:
Filosofia: Filosofia honen oinarria, izenak berak dion bezala, heziketa
prozesua etxean ematea da, hau da, eskola bera, instituzio edo espazio gisa
ezabatzea suposatzen du. Izan ere, heziketa bera duina eta eraginkorra izan
dadin, etxeko giroa baina gauza hoberik ez dagoela baieztatzen du. Honek,
ordea, bizitzako esperientzia ezberdinengan indarra jartzea eta gurasoen
aldetik esfortzu handia suposatzen du.
Funtzionamendua: Eredu honetan hiru ikasketa prozesu ematen
direla esan genezake. Batetik, guraso batzuk eskoletan ematen den
curriculuma onartu eta berau lantzen dute etxeetan, bestetik badaude
curriculuma onartu baina aldaketa batzuk eman eta moldatzen dutenak eta
azkenik, badaude eskoletan ematen den edukia onartzen ez duten asko eta
heziketa prozesua beraien kabuz diseinatzen dutenak.
Dena den, hiru kasuetan ikaslea etxean gelditzen da eta normalean gurasoak
(ez bada beste hezitzaile bat hartzen) izaten dira hezitzaile papera hartzen
dutenak.
HEZIKETA ASKEA
Filosofia: Heziketa honen funtsezko ideia honakoa da; gizakia bere
burua bakarrik hezteko gai dela pentsatzea, beraz naturan konfidantza
jarriaz auto-heziketan soilik oinarritzea. Honenbestez, haurrekin egin behar
den lanketa bakarra, haien heziketa prozesuaren parte izatea eta haren
garapenerako giro egokia izan dadin baliabideak ematea da, ez sekula haren
erabakietan sartzea.
Funtzionamendua: Esan bezala, auto-heziketa izanik oinarri, ikaslea
da guztiaren ardatza, berak erabakitzen du zer, noiz eta nola ikasi, beraz
eskola bera espazio gisa ez da beharrezkotzat joko eta funtzionamendua
ikaslearen beraren araberakoa izango da.
WALDORF PEDAGOGIA:
Filosofia: Honako pedagogia hau Rudolf Steiner pentsalari
austriarraren eskutik datorkigu. Steinerren aburuz pertsona bakoitzak bere
gaitasunak sormenaren, artearen eta mugimenduaren bidez garatu behar
ditu. Bestalde, Waldorf pedagogiak giza harremanei garrantzia berezia
ematen die, berauek izanik heziketa prozesuan beraren oinarri.
Funtzionamendua: Heziketa prozesua eremu aske eta sortzaile batean
eman behar da. Oinarria guraso eta irakasleen arteko lan kolektiboan egon
beharko da, izan ere, ikasleak izango dira beti lanketaren ardatz eta
helburu. Haurtzaroko lorategitik hasita 18 urte bitarteko adin tarteak
hartuko ditu kontuan eskola honek eta ikasle bakoitzak heziketa berezitua
duen arren, ikasketa kolektiboa bultzatuko du. Hau da, ikasle batek bestea
hezi ahal izango du (adina kontuan hartu gabe).
Bestalde, ebaluatzeko garaian ez da azterketarik egongo, ikasle bakoitzak
jarraipen berezitua izango baitu. Azken finean, eremu aske batean norbere
gaitasunak sormenaren eta mugimenduaren bitartez garatzea ahalbidetuko
duen heziketa indibidualizatua suposatzen du Waldorf-ek.
IRRIEN LAGUNAK
Filosofia: Euskal Herrian kokaturik, 2010.urtetik aurrera Pirritx eta
Porrotx pailazoen eskutik aurrera eramango den ekimena izango da Irrien
Lagunak Kluba. Egitasmo honek proiektu hezitzailea izan nahi du. Izan ere,
Pirritxek, Pupu eta Lore bikiak izan ditu, eta hemendik aurrera pailazoak
haur jaioberrien hezkuntzaz arduratu beharko dira. Honenbestez, Pupu eta
Lore eredu hartuta, haurrak balore zehatz batzuetan hezteko helburua
izango du xede:
- Euskaratik euskarara: Gure hizkuntzatik mundua nola ikusten den
erakutsi eta euskararen normalizazioan eragin ahal izateko.
- Euskal Kultura: Gure arbasoen ezagutzaren bitartekari izan eta kultura
garaikidearen lan berriak ezagutarazi, euskal kultura geure haurren
eguneroko bizitzan ohikoa bihurtu ahal izateko.
- Euskal Herria, Euskal Irria: Zatiketa administratiboak gaindituz, herri bat
garela erakutsi.
- Mila kolore: Pentsaera eta molde askotariko jendea onartzen eta aniztasuna
balio gisa agertzen ikas dezaten.
- Bizikidetza: Bizikidetzari buruzko kultura berritzailea sortu, errespetuan
eta elkarrizketan oinarritua, eskubide berdintasuna, elkartasuna eta
askatasuna sustatu.
- Partaidetza: Haurren eta helduen arteko harremana indartu..
- Ekologia: Natura babestea, iraunkortasuna bermatzea eta baliabideak
zentzumenez erabilzea zein garrantzitsua den azaldu.
Funtzionamendua: Irrien Lagunen Klubak ume eta helduekin egingo
du lan; bai hezitzaileekin, bai gurasoekin, bai aisialdi eremuko
begiraleekin… finean, umeen heziketa prozesu osoan eragina duten heldu
horiekin. Ondoren, haiek eta umeek eztabaida gune bat partekatu ahal
izatea izango da funtsezko osagarri bat. Honen ostean, umeen kezkak
zeintzuk diren azaleratu eta denen artean; herri, ikastetxe, auzo edota
jolastoki hobeago bat eraiki ahal izatea izango zen helburua. Azken finean,
umeek haien iritzia bota ahal izateko guneak (normalki asanbladak) sortzea
eta ondoren iritzi horiek entzunarazteko bideak zabaltzea da proiektu honen
xede garrantzitsuena. Hala nola, herri bateko garraioaren inguruan haurrek
proposamen bat egitea eta ondoren alkateari honakoa eskaintzea. Gelaz
gela, auzoz auzo eta herriz herri umeen ahotsa entzun dadin eta parte
hartzea susta dadin.
BIZI TOKI
Filosofia: Baxe Nafarroako Behauze herriko Goitia baserrian heldu
talde batek umeekin batera hezkuntza eta bizi proiektu berezia abiarazi zuen
2012an.
Bizitoki proiektuko kideek haien hezkuntza-printzipioak honela
zerrendatzen dituzte:
Haurraren nortasuna errespetatzea.
Haurra bere berezitasunean laguntzea.
Haurra bere osotasunean kontuan hartzea: dimentsio afektibo-
emozionala, sentsorial-motorra, eta mentala.
Bere ikasteko nahiari konfiantza egitea.
Haurrari bere ikasketak bere motibazioen arabera hautatzeko
askatasuna ematea, argi izanez Bizi Tokin haurrak ezin duela
nahi duen guzia egin, baina egiten duen guzia egin nahi duela.
Zigorrik eta saririk gabe heztea.
Eginez ikastea.
Elkartasuna sustatzea.
Haurrari autonomo izateko aukera ematea.
Haurrari bere gaitasun guziak garatzeko aukera ematea.
Haurrak beren garapen maila handien arabera banatzea (gutxi
gorabehera 0-2 urte, 2-7 urte, 7-12 urte, 12-15 urte eta 15-18 urte),
Jean Piagetek zehaztu zuen bezala.
Edozein adinetan, pertsona guziek ikasten eta irakasten dutela
pentsatzea.
Haurra ez hartzea bilakaeran den izakitzat soilik, baizik eta,
batez ere, orainaldian bizi den izakitzat, Janusz Korczakek
zioen bezala.
Nortasun kritikoaren garapena laguntzea.
Haurraren sexualitatea errespetatzea.
Funtzionamendua: Bizitokiren funtzionamendua ez da erraz
laburbiltzen ahal, baina hainbat puntu azpimarra genitzake.
Bizi Tokin nagusiki euskaraz bizi nahi dute. Horretarako, bertan,
helduek eta haurrek euskara ikasten edo hobetzen dute.
Helduak erregularki biltzarrean biltzen dira. Bizi Tokiko
burujabetasuna biltzarrean datza. Nagusiki eztabaida gunea da. Bertan
erabaki batzuk hartzen dira. Denak asetzen dituen adostasuna helburu
duten eztabaiden ondotik datoz biltzarraren erabakiak. Adostasuna lortu ez
bada bozkatzen dugu. Gutxienez bozkatzaileen %75ak proposamen baten alde
egin behar du onartua izan dadin. Gainera, Bizi Tokiko helduek, pedagogiari
eta haurren ikaspenen jarraipenari buruz elkarrekin gogoetatzen dute.
Bestalde, Eguneroko betebeharrak (adibidez garbiketa) gehienetan
denek aldizka egiten dituzte.
Jean Piagetek zehaztutako garapen mailak kontuan hartzen dituzte
umeen hezkuntzarako. Jean Piageten arabera, haurren garapen maila
handien araberako haur taldeak egitea komeni da: gutxi gorabehera 0 eta 2
urte arteko haurrak (sentimenei eta mugimenduari dagokien estadioa), 2-7
urte artekoak (estadio aurreoperatorioa: mintzairaren agerpena, joko
sinbolikoarena, marrazketarena...), 7-12 urte artekoak (operazio zehatzen
estadioa), 12-15 urte artekoak (operazio formalen estadioa) eta 15-18 urte
artekoak. Talde bakoitzarentzat egindako leku berezietan banatu behar dira,
baina garapen maila ezberdinetako haurren artean jarduerak burutu behar
dira ere.
Ikasketan aitzinamendu maila berdinean diren adin ezberdinetako
haurrekin ikasten du haur batek. Bere unean, ikasketa maila
aitzinatuagoan diren haurren laguntza eskura dezake edo ikasketan
gutxiago aitzinatua den maila batean diren haurrak lagunduz bere
jakitateak azkar ditzake. Gauzak honela, adin berdineko haurrentzat
ikasketa ez da berdina, haurrek, adin berean eta une berean ez baitituzte
denek gauza berdinak ikasten, bakoitza bere beharren eta motibazioen
araberako erritmoan aitzinatzen baita.
Ahozko mintzaira, idatzizkoa, hizkuntzak, matematika... lantzerako
garaian, kontzeptuen lanketa zentzuen bidez ematea bilatzen dute.
Bizitokin ez dago ikasgairik, jarduerak baizik. Honakoak dira jardueretako
batzuk: gorputz-jarduera, joko sinbolikoa, adierazpen plastikoa
(margolaritza, marrazketa, buztinaren erabilpena), musika, ipuinak,
etxolak, brikolajea, saskigintza, josketa, baratzegintza eta oilategia, eta
basa landareen bilketa.
Gehiago sakontzeko ikusi internet esteken atalean dauden Bizia
taldean, Pedagogia eta Garapen mailak atalak.
3.- PEDAGOGIA (atal praktikoa)
Herri Eskola honekin, ikasleek egungo hezkuntza ereduaren inguruan
hausnartzea bilatuko dugu. Lehenik, ikasleon hezkuntza autogestionatzeko
beharra azpimarratuko dugu. Bigarrenik, hezkuntza eredu hau zergatik
dagoen zaharkitua eta zergatik irauli behar den ulertzen lagunduko diegu.
Azkenik, gaur egun ezagutzen ditugun pedagogia, eduki eta abarrei
alternatiba errealak eskaintzen hasiko gara. Aurrerantzean ikasleak
eskoletan alternatiba hauek gauzatzeko gai sentitzea izango da eskola honen
helburu nagusia.
Horregatik, bereziki garrantzitsua izango da lantaldeetan botatzen
dituzten ideia guztiak haien paperetan idazteko eskatzea. Esaldi osoak
baino, galderen erantzunak, hitz gakoak, ideia garrantzitsuak idatz
ditzatela, bat bera ere ahaztu gabe. Gero ideia guzti horiekin Hezkuntza
alternatiba errealak dakartzan proposamen zerrenda bat egingo dugu.
Herri Eskola hau ordu bateko eta 45 minutuko iraupena izango luke
eta beharko dugun materiala honakoa da: proiektorea, La educación
prohibida dokumentala, eta lan-talde txikiei banatzeko galdera orriak. Gidoi
honi jarraiki, lan-talde txikietako eztabaidak eta denek ikusteko bideo zatiak
tartekatuko ditugu.
1. ATALA 15 minutu
Zergatik ESKU HARTU behar dugu ikasleok gure hezkuntzan?
Ikasleak lan-taldeetan batu daitezela. Atal honetan ez dago bideo
zatirik. Galdera bakoitzari erantzuteko denbora bat zehaztuko dugu. Galdera
bakoitzaren ondoren, lantalde bati eskatuko diogu ahoz haien erantzuna
botatzeko. Beste lantaldeen erantzunak ezberdinak badira edo aportazioren
bat badute, hitza emango diegu. Baina bestela, errotazioz galdera bakoitzari
lan-talde batek erantzun diezaiola 1. atal honetan.
Oharra: Jarraian datozen galderen helburua ez da polemika sortzea. Guztiek
ondorio berdinera garamatza. Beraz, puntu baten inguruan eztabaida
amaigabea badago eta adostasunik ez bada lortzen, hurrengora pasa.
1) Zeinek erabakitzen du eskoletan zernola ikasten dugun? 2-3 min.
(Espainiar Curriculumak, Estatuko hezkuntza ministroak,
Jaurlaritzako hezkuntza sailak, zuzendaritzak, irakasleek...)
2) Erabakiak hartzen dituztenek ze adinekoak dira? Pedagogoak edo
hezitzaileak dira formazioz (adibidez, José Ignacio Wert)? Zein
nazionalitate sentimendu dute? Ze klase sozialekoak dira? Ze
sexutakoak dira? Feministak ote dira? Ze eskola motan egin
zituzten ikasketak? 2-3 minutu.
(Gure hezkuntzaren gainean erabakitzen dutenak helduak dira; ez
dira sikiera pedagogo edo hezitzaileak; gainera, hezkuntza
frankistatik pasatako jendea da; ez dira langile klasekoak
prezisamente, aberatskumeak baizik; kasu gehienetan balore
matxistadun jendea da, kontzientzia feministarik gabea; ia beti
nacionalista espainiarrak izaten dira.)
(Bide batez, José Ignacio Wertek Zuzenbidea ikasi zuen)
3) 6 minutu.
- Zer gertatzen da gizon talde batek emakumezkoentzako
sujetadoreak edo pornoa diseinatzean?
ONDORIOA: gure hezkuntza diseinatzen duen jende hori, gugandik urruti dago
ezaugarri eta zentzu askotan!!!
- Zer gertatzen da helduek gazteei aisialdirako lekuak prestatzen
dizkietenean (Gaztelekuak)?
- Zer gertatzen da oso ongi ezagutzen ez zaituen osabak/izebak
arropa oparitzen dizunean?
-Zer gertatzen da maiz udaletxe batek gazteei edo herritarrei
begirako jai batzuk edo kontzertuak antolatzen dituenean?
-Galdera lagungarria: Prestatutakoa hartzailearen interes eta
beharretatik gertu ala urruti egoten da?
(Urruti. Antolatzaileak/sortzaileak ez direlako emakumeak eurak,
gazteak... Guk bakarrik dakigulako zer eta nola gustatzen zaigun.)
4) Zer egiten dugu emakumeok, gazteok, herrian jai egin nahi dugun
pertsonek eta abar honen aurrean? Parte hartzen dugu? Gure
ereduak eraiki ohi ditugu besteetatik aparte? Bururatzen zaizue
adibideren bat? 3 minutu.
(Porno feminista, gaztetxeak, jai herrikoiak, musika festibal
alternatiboak...)
5) Alternatiba horiek beharrezkoak iruditzen zaizkigu? Emakumeok,
gazteok, jai batzordeek eta abar ongi egiten dute? minutu 1 .
(Erantzunak jaso gabe pasa hurrengo galderara)
6) Eta ikasleok zer? Gugan pentsatu gabe eta gu ezagutu gabe
diseinatu den hezkuntza bat daukagu. Ez dugu guk parte hartu
sorkuntzan. Gainera, hezkuntzaren gainean erabaki dutenak
gugandik eta gure interesengandik oso urruti daude... (gogoratu
2.galdera) Guk bakarrik dakigu zerk aspertzen gaituen, zer ez
zaigun gustatzen klase batzuetaz, gure interesak eta zaletasunak
zeintzuk diren, gure kexak ditugu, aldatu beharrekoaren inguruan
ideiak ditugu... Ez dugu hau guztia adierazten eta aldatzen hasi
behar? 3 minutu.
ONDORIOA:
Momentu honetan beste norbaitek (ministro espainolek, zuzendariek,
irakasleek...) gure hezkuntzaren gaineko guztia erabakitzen dute, gure
nahia, izaera, zaletasunak eta gaitasunak kontuan hartu gabe. Ondorioz,
ikasgelan aspertu egiten gara, desmotibatuta gaude, 6 ordu pasatzen
ditugu eserita eta isilik, alferrikako etxerako lanak egiten ditugula
sentitzen dugu, ikasgai batzuei nazka hartzen diegu, azterketak pilatzen
zaizkigu, eskola porrota dago, ikasten duguna berehala ahazten zaigu,
ulertu gabe memorizatzen dugu...
Hau ekiditeko eskoletan jai batzordeetako edo gaztetxeetako autogestio
berdina praktikatu dezakegu. Dena den, kontuan hartu behar duguna
ikasleok eskolako espazioa eta hezkuntza haiek nahi duten norabidetik
askatu eta gure beharretara egokitu dezakegula da. Irakasleen aurrean
hitza har dezakegu, pertsona bezala dugun garapena baitago jokoan.
Baina honetarako, ikasleok erne eta antolatuta egotea da lehenengo
baldintza.
2. ATALA 30 minutu
Hezkuntza eredu hau ZAHARKITUA al dago?
Atal honen helburua eskolan aldatu nahi ditugun gauzak detektatzea
izango da. Horretarako lan-taldeetan jarraituko dute, proposatutako puntu
bakoitzaren inguruan hausnartuaz. Tarteka bideo zatiak jarriko ditugu
(adib.1.ariketaren hasieran). OSO GARRANTZITSUA da ariketa bakoitzean
haiek akta hartzea: hurrengo atalean alternatibak pentsatzean, erantzun
hauetatik abiatuko gara.
1. ARIKETA
ZERGATIK ASPERTZEN GARA?
BIDEO ZATIAK
1. 28:48 – 29:58 Haurrok ikasteko gogoa dugu hasieratik.
2. 5:38 – 7:34 Baina gero eskolan aspertu egiten gara. Zergatik?
1) Pentsatu ekintza atsegin batean. Adibidez, udalekuak, bidaiatzea,
filma bat ikustea lagun batekin, kirola egitea, kuadrilarekin
geratzea... Zer dute ekintza horiek dibertigarri? Zergatik ez zara
aspertzen? Saiatu ahalik eta ideia gehien ateratzen. 6-7 min.
(Galdera lagungarriak ataskatzen direnentzat: Mugimenduan zaude?
4 pareten artean ala kanpoan? Hitz egin dezakezu? Beste jendearekin
harremantzen ari zara? Elkarlana dago? Interesgarria da? Bizirik
sentitzen zara? Errealitatearekin/inguruarekin kontaktuan sentitzen
zara?)
2) Orain alderatu egoera horiek klase normal bat. Zer du klase batek
aspergarri? 5 minutu.
(Galdera lagungarriak bide beretik doaz: Geldirik zaude? Gela berean
eta aulki berdinean denbora asko ematen duzu? Hitz egin dezakezu
besteekin? Zein aditz erabiliko zenuke nagusiki egiten duzuna
adierazteko? Interesgarria da egiten duzun hori? Parte hartzea dago?
Errealitatearekin kontaktuan sentitzen zara, ala errealitatea hortik
kanpora dagoela iruditzen zaizu?)
Umetatik ikasteko gogoa eta jakinmina ditugu, baina eskolak
horiek desaktibatzea lortzen du, gu aspertuaz. Esan daiteke
eskolan ikasten duela ume batek ordu luzez aspertzen (lehen
elizan ere aspertzen ziren).
Lasai, eskolan aspertzea normala da. Oraindik ez dute lortu haien
betiko metodoarekin gu ez aspertzea. Dena den, klase batzuk
besteak baino aspergarriagoak direla nabarituko zenuten.
Eskolak, hortaz, ez du derrigorrez aspergarria izan behar. Orain
atera ditugun ideiekin hasiak gara ulertzen asperdura nondik
datorren! Hori ulertzea ezinbestekoa da egoerari buelta emateko.
2.ARIKETA
ESKOLA ETA LANTEGIA, HAIN DESBERDINAK AL DIRA?
Bideo zatiak
22:12 – 22:59 Eskola fabrika bezalakoa da
1) Industria iraultzarekin batera, eskolak izugarri hedatu ziren. Garai
haietan fabriken eredura egin zituzten eskolak, azken finean langile
kualifikatuak lortzeko irekiak izan zirelako. Baina gaur egungo eskoletan ere
hainbat gauzak lantegia gogorarazten digute. Zer dago eskolan lantegi baten
antza hartzen diozuna?
(Dinamizatzaileek buelta bat eman eta galderen bidez behean datozen
erantzunak bultza ditzakegu. Adib. zerk seinalatzen du jolasgaraiaren
bukaera? Zein espazio fisikotan egoten gara denbora guztian? Ordutegiak
daude? Nork erabaki ditu? Joatera derrigortuta gaude? Norbaiten esana bete
behar dugu?...)
1. Ordutegiak betetzea
2. Arauak
3. Derrigorrezko asistentzia eta faltak
4. Txirrina
5. 2 denbora bereiztea: lana (aspergarria)-atsedenaldia (gustagarria)
6. 6-8 orduz 4 pareten artean egotea
7. Zuzendari/irakasle-ikasle hierarkia: batzuek aginduak, gehiengoak
esana bete
8. Isiltasuna
9. Protesta egiteko eta antolatzeko saiakerak zigortzea
10. Obedientzia
11. Konpetitibitatea (lanpostuagatik/notagatik...)
12. Jardun mekanikoa eta aspergarria (ariketa eta etxerako-lan
errepikakorrak)
Gu adinean aurrera joan ahala, eskola lantegi baten gero eta antz
handiagoa hartzen doa. Hori berez ez da beharrezkoa, eskola
motibagarriagoa eta dibertigarriagoa izan liteke.
Kontua da etorkizuneko lan mundura ohitu nahi bagaituzte, lan
astuna, aspergarria eta mekanikoa jartzen hasi behar dutela;
obedientzia eta isiltasuna exijitzen; kritikotasuna kamusten; 4
pareten artean egotera ohituarazten; antolatzeko eta protesta
egiteko gaitasuna zigortzen; konpetitibitatea sustatzen...
Irakasleak gehienetan ez dira azpi-asmo hauetaz kontziente.
Baina automatikoki horrela ematen dituzte klaseak; errazena
jendea aspertzea eta lokartzea da. Azkenean gure lana izango da
aldaketak eskatzea!
3. ARIKETA
BIZITZARAKO EDOTA BIZITZA EREDU HONEN ERALDAKETARAKO
PRESTATZEN GAITUZTE? ALA AZTERKETARAKO?
1) Eskolan ze ikasgai mota nagusitzen dira (zientifikoak, teorikoak,
artistikoak, praktikoak…) ? Zein ikasgai desagertzen dira adinean
gora goazenen heinean? Horrekin ados al gaude?
(Eskolan gai zientifiko-teorikoek dute pisu gehien, eta artistikoek eta
praktikoek gutxien. Hori nabarmena da dituzuen ikasgaiei
begiratuta. Azken hauek denborarekin desagertzen doaz: plastika,
tekno, musika...)
2) Nolako gaitasunak bultzatzen dira? Nolakoak gehien eta nolakoak
gutxien? (Memoristikoak? Logikoak? Indibidualak? Sormena?
Pentsamendu originala? Ikerkuntza? Elkarlana?...)
(Sormena, ikerkuntza, elkarlana, pentsamendu originala... gutxien.
Logikoa pixka bat, eta nagusiki memoristikoa)
3) Uste duzu gaitasun memoristikoa dela bizitzan gehien balioko
diguna?
(Justu gutxien erabiltzen duguna da; gainera, eskolan garatzen dugun
memoria epe motzekoa izaten dela frogatua dago; oso gauza gutxi
gordetzen ditugu ematen dugun guztitik)
4) Jarraian datoz beste hezkuntza sistema batzuetan (adib. Finlandian)
lantzen diren ikasgai eta gaitasun batzuk. Gure eskoletan lantzen
BIDEO ZATIAK
1) 12:42-13:00 Ordu asko dira, baina zer ikasten duzu azkenean?
ditugunak baino gehiago dira? Bizitzarako garrantzia dutela esango
zenukete?
Sukaldatzea (oinarrizko irakaspenak, jakiak urtaroka, produkzioa,
sormena...)
Eskulanak (josi, iltzatu, moztu, itsasi, konpondu, eraiki...)
Informatika (eredu desberdinak, segurtasuna, tresnak...)
Ekonomia (teoria eta praktika, gertuko ekonomia, analisiak,
eztabaidak...)
Administraritza (tramiteak, instituzioekin hartu-emanak,
eskumenak...)
Komunikazioa (komunikabideen inguruko analisiak, sormena...)
Zientzia politikoak (diskurtsoak, nazioartea, analisiak, eztabaidak...)
Zuzenbidea (denboran zehar legeen bilakaera, eztabaidak...)
Osasungintza (gaitzak, sendabide desberdinak, prebentzioa,
drogak...)
Sexualitatea (sexu-organuak, sexu-praktikak, informazio iturriak...)
Hizkuntza (aberastasuna, baliabideak, aldaerak, erabilera,
eztabaidak...)
Ingurumena (gertuko aberastasunak, zaintza, jasangarritasuna,
prozesuak...)
Geografia (teoria eta praktika, mundukoa eta gertukoa)
Historia (ikuspegi kritikoarekin, beste ikasgaiekin uztartuta –adib.
Literatura, filosofia, ekonomia, hizkuntza...-)
Matematika (jakintza geureganatzea gertuko adibideekin)
Atal honetan jaso nahi izan dugun ondorioa hau da: gure
hezkuntzak gai zehatz batzuetaz bakarrik hitz egiten digu, oso
modu abstraktuan eta gure herriarekin eta errealitatearekin
loturarik egin gabe. Gainera, gaitasun zehatz batzuk bakarrik
saritzen ditu. Beste herrialde askotan arrakastaren gakoa
kontrakoan datza: bizitzarako garrantzitsuak diren gai asko lantzen
dituzte, eta gaitasun desberdin asko sustatzen dira (sormena,
logika, eztabaidak, kritikotasuna, eskulanak...).
Eskola anitzago batean edozein ikaslek bere lekua topatuko du, beti
dagoelako errazago egingo zaigun alorren bat. Gainera, munduan
ibiltzeko pertsona prestatuagoak heziko ditugu, gaitasun
ugaridunak. Einsten eta beste genio asko eskolan oso ikasle txarrak
izan ziren, hain zuzen, eskola tradizionalak (guk dugunak) ez
dakielako pertsonon potentziala aprobetxatzen.
3. ATALA 30 minutu
Nola egin dezakegu, HONELA EZ bada?
BIDEO ZATIA
25:40-26:46 Alternatibetan pentsatzeko burua astindu behar
dugu
Atal honetan, 2.ataleko aktak biltzeko eta begiratzeko eskatuko diegu
lan-talde txikiei. Baina bideo zatiak zioen bezala, burua libre eduki behar
dute gaur egun existitzen ez den eskola bat eta klaseak imaginatzeko.
Aurreko ataleko 3 ariketak galdera bihurtuko ditugu, eta atera ditugun
ondorioekin alternatibak pentsatzera bultzatuko ditugu!
1.ARIKETA
NOLA LOR DEZAKEGU KLASEAN EZ ASPERTZEA?
Esan dugu, 4 pareten artean ordu luzez, leku berean eta aurrera begira,
mugitu gabe, isilik eta irakasleari entzuten, aspertu egiten garela.
1) Orduan, nola lortuko dugu ez aspertzea? Zein beste eratara ikas
dezakegu klase horren helburuak betez? Klasean esertzeko modua
aldatu behar da? Materiala da aldatu behar dena? Testuliburuari
jarraitu behar zaio beti? 10 minutu.
(Lan taldeek ahoz gora ideiak konpartitu ditzatela, eta zuek guzti-
guztiaren akta hartu, baina jarraian hurrengo galderara pasatzeko
esan)
Bestalde, esan dugu gaiak errealitatetik kanpo daudela iruditzen
zaigula. Badirudi edukiak “estatikoak” direla (ez direla urteekin aldatzen)
eta ez dutela inguratzen gaituen munduarekin zerikusirik. Ondorioz, gai
hauek interesik ere ez digute eragiten.
2) Nola lor dezakegu interesa piztea? Irakasleaz gain beste zerbait behar
dugu? Gure gaurko errealitatearekin paralelismoa egin beharra dago?
Albisteak eta informazio berritua behar dira? Multimedia erabili
behar da? 10 minutu.
Ikusiko zenuten klaseak aspergarri egiten dituena, nagusiki,
irakasleen irakasteko modua dela. Ahal den guztietan 4 pareten
artetik ateratzea bilatu behar da, hasteko. Askotan irteerak ez
planifikatzeko arrazoia ez da denbora falta, ideia edo gogo falta
baizik! Kurtsoa ongi antolatuta hiruhileko bakoitzean irteera bat
egin daiteke ikasgai bakoitzean. Baina horrez gain, metodologia
parte hartzaileagoa exijitu dezakezue.
Astean behin lan-taldetxotan jardutea, borobiletan eserita,
material batekin lan egiten. Irakaslea laguntzera pasa dadila
tarteka.
Astean behin gaiarekin zerikusia duen erreportaia edo artikulua
ekar dezala, gero zuekin eztabaida bat egiteko.
Astean behin multimedia materiala erabil dezala (filma,
dokumentala, bideo laburra, kantua, irratsaioa...).
Apunteak eta materiala berritu ditzala, eta testuliburu
desberdinak erabili.
Kanpotik norbait ekar dezala gaiaren inguruan hitz egiteko.
2.ARIKETA
ZER EGIN ESKOLA LANTEGI BAT IZAN EZ DADIN?
Asperduraren faktorea ezabatzen hasi gara. Baina oraindik asko dago
egiteko, jarrai dezagun!
Eskolako ariketak (gure jarduna) lantegian bezain mekanikoak dira:
irakasleari entzun eta liburuak galdetzen digunari erantzutera mugatzen
gara. Gainera, etxerako lanak klasean egiten dugunaren luzapena dira, eta
askotan ez dute zentzu handirik, errepikapen hutsa dira.
1) Etxerako lanak era batekoak izatea exijitu dezakegu? Testuliburutik at
etxerako lanak egitea interesgarriagoa iruditzen zaigu? “Ez ditugu
etxerako lanak egingo, ez dutelako zentzurik” esan duzue inoiz?
Irakasleak zein ariketa proposatzea nahiko zenukete? 5 minutu.
(Ideiak ateratzeko denbora beharko dute. Norbait trabatzen bada
galdetu: bideoak ikustea eta kantak entzutea bidali dizuete inoiz?
Norbaiti, ikaskide bati edo herritar bati, elkarrizketa bat egitea?
Herriko leku bat bisitatzea? Gaurko albistegia ikustea? Egunkariko
ekonomia orriak irakurtzea? Ikusitakoaren gainean zure iritzia
azaltzen duen 10 lerroko testua idaztea?)
Eskola askotan oso zorrozki bereizten da “klase ordua” eta “atseden
ordua”. Badirudi klase orduetan ezin dela liburukoa ez den ezertaz hitz egin.
Entzun izan dugu, adibidez, Greba baten azalpena eman nahi genuenean
“horretaz hitz egiteko jolas garaia erabili”, “ez dugu klase denbora
horretarako erabiliko”, eta abar. “Hauek lan orduak dira, eta nik ez dizut
horretaz hitz egiteko ordaintzen” diotela dirudi. Baina horrela kanpoko
errealitateari ikasgelara sartzea ukatzen diote
2) Zer exijitu dezakegu ikasleok honen aurrean? 3 minutu.
Araudiak eta eskolaren egiturak oro har irakasleen eta gurasoen
onurarako eginak daude (besteak beste, ez genituelako guk egin).
3) Zer egin dezakegu honen aurrean? Zer exijituko dugu? 5 minutu.
(Ideiak ateratzeko denbora beharko dute. Norbait trabatzen bada
galdetu: ikasleok araudiari zuzenketak egin ahal dizkiogu? Ikasle
ordezkarien mahai bat osatu dezakegu, hiru hilabetez behin, urtean
bitan edo hilero ordezkariek zuzendaritzarekin bilera bat izateko guk
nahi dugun gaietaz hitz egiteko? Gurasoen ordezkariekin zuzeneko
harremana eduki dezakegu? Aldarrikapen taula bat egin dezakegu?
Araudien aurrean errebelatu gaitezke?)
Kalifikazio-sistema nagusiki azterketetan oinarritzen da. Gainera,
askotan azterketa guztiak batera datoz.
4) Nola ekidin hau? Azterketak egingo zenituzke? Ezezko kasuan,
zergatik ez eta zer proposatuko zenuke horren ordez? Baiezko kasuan,
nolakoak? Idatzizkoak? Ahozkoak? Ekintzazkoak? Banakako
azterketak ala taldetxotan egitekoak? Memoria frogatzekoak? Denbora
luzea emanda ala laburra? Zein egunetan egingo zenuke azterketa
bakoitza? Eguna aukeratzea exijituko zenuke ala irakaslearen esku
egotea nahi zenuke? Azterketako notaz gain, zer gehiago hartuko
zenuke kontuan? Nola matizatuko zenuke bukaerako nota, zure
garapena adieraz dezan? 5 minutu
(Ideiak ateratzeko denbora beharko dute. Norbait trabatzen bada
galdetu: Irakaslearen iruzkin bat eskertuko zenuke, soilik zuk
irakurtzeko egina, notarekin batera? Azterketetan memoriaz gain
beste gaitasunak eskatzea nahi zenuke? Idatzizko azterketak egingo
zenituzke, normalean baino denbora gehiago utzita? Klaseko lana,
partehartzea eta interesa baloratuko zenituzke?)
Ikasleon eskubideak hamarkadaz hamarkada gutxitzen ikusi ditugu,
Frankismo ondorenetik gaur arte.
5) Zer egingo zenuke gaur etorkizunean eskolara datozen ikasleek egoera
duin bat izan dezaten? 3 minutu.
(Zuzendaritza eskubide zerrenda bat onartzera behartu eta Barne
Araudian sartu; gela guztietan panel batzuk jartzea ikasleen
eskubideekin, urtero ikasturte hasieran ikasleei haien eskubideak eta
betebeharrak zein diren ongi azaldu... )
3. ARIKETA
ESKOLAK BIZITZARAKO PRESTATUKO GAITU, BAINA NOLA?
Eskolako edukiez hitz egingo dugu jarraian.
Arestian esan dugu eskolan ikasgai zientifiko-teorikoak (geografia,
fisika, historia, matematika,...) nagusitzen direla eta askotan ez dugula
ikusten gai hauek gure errealitatearekin edo Euskal Herriarekin duten
lotura, besteak beste irakasleek testuliburuan datorren eduki abstraktu hori
datorren bezala memoriaz ikasiarazten digutelako.
1) Horiek mantentzearen alde zaude? Ezezkoa bada, zergatik? Baiezkoa
bada, zer aldatuko zenuke? Ikasgai teoriko-zientifiko horietan
hausnarketa eta Euskal Herriarekiko lotura bultzatu daitezke,
memorizatzeaz gain? Nola/zein ariketaren bitartez? 10 minutu.
(Ideiak ateratzeko denbora beharko dute. Gai zaila da baina buruari
eragin behar zaio, klaseak nola irauli ditzakegun pentsatzeko! Norbait
trabatzen bada galdetu: matematika ikasteko denda bateko
kontabilitatea konpontzea proposatzea nahi zenuke? Ekonomia
lantzean egunero albistegietan entzuten ditugun ekonomiaz hitz egin
nahi zenuke, edo eskualdeko lantegien edo sektorekako egoeraz?
Geografia fenomenoez edo fisikaz hitz egitean gertuko lekuak edo
azalpen errazak erabiltzea nahi zenuke? Historian Euskal Herriko
historian sakondu nahi zenuke –garai bakoitzean nola bizi ginen-?)
Esan dugu ere, hemengo eskolak ez gaituela guztiz bizitzarako
prestatzen, ez behintzat beste herrialdeetako hezkuntza sistemek
bezainbeste.
2) Hortaz, diseinatu dezagun gure eskola idealeko ikasgai zerrenda.
Lehenago ikusi dugun ikasgai zerrendatik, markatu zeintzuk uste
duzun derrigorrezko beharko luketela eskolan ematen duzun denbora
guzti horretan. Berriak ere gehitu ditzakezue, noski. Batzuk hautazko
bezala eskaintzea egokiagoa dela usteko bazenu, adieraz ezazu. Baita
ere saia zaitezte pentsatzen ikasgai bakoitza zein adinetako
ikasleentzat litzatekeen egokia. Kontuz azken honekin: ez DBHko
ikasleak infantilizatu! 15 minutu.
Sukaldatzea (oinarrizko irakaspenak, jakiak urtaroka, produkzioa,
sormena...)
Eskulanak (josi, iltzatu, moztu, itsasi, konpondu, eraiki...)
Informatika (eredu desberdinak, segurtasuna, tresnak...)
Ekonomia (teoria eta praktika, gertuko ekonomia, analisiak,
eztabaidak...)
Administraritza (tramiteak, instituzioekin hartu-emanak,
eskumenak...)
Komunikazioa (komunikabideen inguruko analisiak, sormena...)
Zientzia politikoak (diskurtsoak, nazioartea, analisiak, eztabaidak...)
Zuzenbidea (denboran zehar legeen bilakaera, eztabaidak...)
Osasungintza (gaitzak, sendabide desberdinak, prebentzioa,
drogak...)
Sexualitatea (sexu-organuak, sexu-praktikak, informazio iturriak...)
Hizkuntza (aberastasuna, baliabideak, aldaerak, erabilera,
eztabaidak...)
Ingurumena (gertuko aberastasunak, zaintza, jasangarritasuna,
prozesuak...)
Geografia (teoria eta praktika, mundukoa eta gertukoa)
Historia (ikuspegi kritikoarekin, beste ikasgaiekin uztartuta –adib.
Literatura, filosofia, ekonomia, hizkuntza...-)
Matematika (jakintza geureganatzea gertuko adibideekin)
4. ATALA 10 minutu
Azken ideia-zaparrada eta eztabaida
Bukatzeko, lan taldeetan eman dezatela haien iritzia ondorengo ideia
hauen ingurua, ea beharrezkoak, aberasgarriak/onuragarriak,
interesgarriak, tontakeriak, aplikatu beharrekoak eta abar diren.
1) Adin desberdinetako ikasleak maizago nahastea (edozein egoeratan,
edozein ekintzarako)
2) Jendeari bere herriko egoeraz hitz egiteko aukera ematea klaseetan
3) Egunak 6 klasetan zatitu ordez, egun oso bat gai bati eskaintzea, edo
eguna bitan banatzea
4) 2 astez behin edo hiruz behin, “ikasleak irakasle” bihurtu
5) Ikasgelan biribilean esertzen hasi astean behin
6) Ikasgaietarako irakurgaien zerrendak ikasleen proposamenekin osatu
7) Irakasle guztiak astean behin multimedia materiala erabiltzera
behartzea
8) X denboran behin, ikasleei ebaluazio orri batzuk pasatzea, haien
irakasle bakoitzari buruz duten iritzia eman dezaten eta hobekuntzak
proposatzeko
9) Ikasgelak apaintzeko eskubidea onartzea, bertako ikasleen
gehiengoak hala nahi badu (posterrak, egutegiak, aldarrikapen
kartelak, argazkiak, albisteak, landareak...)
10) Azterketa batzuetarako liburuak, apunteak edota interneta erabiltzen
uztea
11) Azterketa bat jartzeko beti X eguneko epea uztea exijitzea (abisatzen
denetik)
12) Eta abar.
5. ATALA 5 minutu
Akten jasoketa eta eskolaren amaiera
Akta guztiak jaso eta bildu diren erantzunekin ideia eta proposamen
zerrenda bat egingo duzuela esan. Laster zerrenda hori prest egongo da eta
ikastetxeei bueltatuko diegu, haien klaseetan zer martxan jarri daitekeen
eta zer ez eztabaida dezaten, baina gaur atera diren ideietatik abiatuta eta
ideia hauek gehiago garatuz!
Hezkuntzak iraultza bat behar du eta guk soilik dakigu iraultza hori zein
norabidetan eman behar den! Goazen hastera!
4. BIBLIOGRAFIA ETA
FORMAKUNTZARAKO
MATERIALA
INTERNETEKO BALIABIDEAK
Waldorf ikastetxeak:
http://www.colegioswaldorf.org/pedagogia.html
Paideia eskola askea: http://www.paideiaescuelalibre.org/
Hik Hasiko artikuluak:
o http://www.hikhasi.com/artikulua/1898
o http://www.hikhasi.com/artikulua/319 (etxerako lanei buruz)
o http://www.hikhasi.com/artikulua/598 (adimen anitzen
teoria)
o http://www.hikhasi.com/artikulua/489
Irrien Lagunak (artikulua):
http://www.oarsoaldea.net/es/oarsoaldea/area-de-prensa/notas-de-
prensa/210-irrien-lagunak-oarsoaldean-egitasmo-hezitzaile-herrikoi-
berria
Summerhill School:
http://summerhillschool.edu.co/Enfoque%20Pedagogico.html
Pedagogia eta metodoak:
http://www.educacionprohibida.com/investigacion/pedagogias-y-
metodos/
Montessori metodoa: http://www.metodomontessori.es/
Bizitoki eskola alternatiboa:
o http://www.bizitoki.org/aurkezpena/4-bizia-taldean/
o http://www.bizitoki.org/aurkezpena/5-pedagogia/
o http://www.bizitoki.org/aurkezpena/8-garapen-mailak/
ITURRI IDATZIAK:
Etxague, K. (2002). Talde kooperatiboen lana ingurunearen ezagutza
arloan. Hik hasi 65, 26-27.
Lopez-Goñi, I. eta Uribe-Etxeberria, A. (2005). Pedagogo sortzaileak
teorien iturburu. Hik hasi 17. Monografikoa.
Oharrak
Oharrak
Oharrak